Beskoitzeko Herriko Etxeak ikastolari ematen dizkion oztopoak salatu dituzte

Gurasoek egindako eraikuntza proposamen guziak ukatu dituzte, eta 50 ikasleko muga inposatzen diete. «Muturreko larrialdi eta prekaritatea» salatu dute gurasoek.

Beskoitzeko ikastolako gurasoaketa Seaskako arduradunak prentsaurrekoan. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko uztailaren 22a
13:38
Entzun

«Aspaldiko partez, euskararen eta ikastolaren kontra agertzen den auzapez bat dugu, ikastola bere herritik kanporatu nahi duena», gogor mintzatu da gaur goizean Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria. Agerraldia egin dute Beskoitzeko ikastolan (Lapurdi), azken urteetan herriko etxearekin duten gatazka esplikatzeko: eraikin prefabrikatuetan den ikastola txiki gelditu da, eta egokitu eta handitu nahiko lukete, «haurrei bizi baldintza duinak eskaintzeko», baina gurasoek aurkeztu dituzten lau egokitzapen proiektuak baztertu dituzte. «Baldintzak ematen dizkigute, errespetatzen ditugu, eta baldintzak aldatzen dituzte», gaitzetsi du Jorajuriak. «Soluziorik gabe», gurasoek «borondate oneko orori» dei egin diete ikasturte sartzerako eta epe ertainerako proposamenak egin eta laguntza eskaintzeko.

2013an sortu zen Beskoitzeko ikastola, prefetaren debekuen mehatxupean; orduan, lau ikasle zituen. Urteen poderioz garatuz joan da, eta 51 ikasle ditu oraintxe bertan. Hiru prefabrikatutan egiten dituzte ama eskolatik azken urterainoko eskolak, herriko etxeari alokatu eremuan. Aire hartzeko lekua, mundrunaz egin eremu ttipia dute 30 metro koadroko aterpexka batekin. «Muturreko larrialdi eta prekaritatea» salatu dute gurasoek. 2020ko hauteskundeen ondotik, Fabienne Ayensa auzapezarekin harremanetan jarri ziren, laguntza eske, baina, bi urteren ondotik, haustura erabatekoa da. Lau eraikuntza proiektu egin dituzte gurasoek, herriko etxeak emandako baldintzak errespetatuz, baina laurak ukatu dituzte.

Gaur egun duten eremua atxikitzeko eskatzen diote Beskoitzeko ikastolari, ondoan dagoen aparkalekuari lekurik kendu gabe. Gurasoek aurkeztutako lau proiektuetatik bik ez dute aparkalekua ukitzen; beste bietan, zutoin gaineko egitura bat proposatzen dute, aparkatzeko tokiak murriztu gabe. Ezezko erantzuna jaso dute. Ikastola parean den herriko gela bat erabiltzeko baimena ere eskatu zuten, baina, eskatutako ordutegietan libre izanik ere, ezezko erantzuna jaso zuten.

Frantziako legediak baimentzen duen alokairu kontratu bat proposatu dio Seaskak herriko etxeari. Eraikuntzaren kostu guzia ikastolen elkarteak bere gain hartuko luke, lur eremuarentzat alokairua ordainduz. Hogei urteren buruan egoitza herriko etxearena bilakatuko litzateke. Baina Ayensak uko egin dio. Gehiago dena: obren denboran eraikin prefabrikatuak ezartzeko lur pribatu bat aurkitua zuten gurasoek, baina horri ere oztopoak ezarri dizkio auzapezak, Beskoitzeko hirigintza planaren arabera «karabana bakartuak eta desmunta daitezkeen eraikinak» eremu horretan ezartzea debekatua dela erranez.

Azkenik, ikastolako ikasle kopurua ere mugatu nahi du herriko etxeak: ez ditu 50 ikasle baino gehiago nahi. Soluzioak ondoko herrietan aurkitzera gonbidatu ditu ikastolako gurasoak. Jorajuriak ohartarazi du iaz ikastola berria ireki zutela Bardozen (Lapurdi), eta oraingoz ez dutela inguruko herrietan beste proiektu bat abiatzeko asmorik. «50 ikasleko ikastola, ikastola txikia da. Proiektu berri bat sortzeko sendotasun gehiago behar da», azpimarratu du. Garai batean herri euskalduna bazen ere, euskarak gibelera egin du Beskoitzen, eta ikastola bat izateak duen garrantzia ere aipatu du Jorajuriak. «Ez da eskualde erraza, euskararen mugan gara».

Momentuko, Fabienne Ayensa Beskoitzeko (Lapurdi) auzapezak ez du adierazpenik egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.