Eusko Jaurlaritzako Berdintasunerako Sailarteko Batzordea indartuko dute

Emakundez gain, berdintasun unitatea duten erakunde autonomo eta publikoek parte hartzen ahalko dute bertan.

Iñigo Urkullu bilerako harreran. IREKIA
Isabel Jaurena.
2022ko uztailaren 22a
15:27
Entzun

Gaur eguerdian bildu da Berdintasunerako Sailarteko Batzordea. Bertan izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, sail desberdinak eta, lehenbiziko aldiz, honako erakunde autonomo eta publiko hauek: IVAP, Eustat, Habe, Osalan, Osakidetza, Euskal Trenbide Sarea, Lanbide, EITB, Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademia eta Garapen Lankidetzarako Euskal Agentzia.

Hala, bai Eusko Jaurlaritzako Sailek eta bai erakunde autonomoek, euren berdintasun planen berri eman dute bileran. Erakunde berri horien parte hartzeak batzordea «indartzen» duela adierazi du Iñigo Urkulluk. Lehendakariaren erranetan, Euskal Autonomia Erkidegoko berdintasun indizeak hobera egin du, baina gogoratu du oraindik bide handia dagoela gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko.

Legeak

Bileran, Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait lege ekarri ditu gogora Urkulluk. Esaterako, Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzetarako Legeak Eusko Jaurlaritzako «berdintasun politikak indartuko» dituela adierazi du lehendakariak.

Emakunde

2020an Emakunde Lehendakaritzako egituratik ateratzeko erabakia hartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Berdintasun eta Gizarte Politiketako Sailean kokatu zuten. Erabakiak ez zuen harrera ona izan Euskal Herriko talde feministetan. Izan ere, 1988an sortutako erakundea Lehendakaritzari atxikita zegoenean, berdintasun politikek gobernuan eragina izateko aukera gehiago zegoela iritzi zioten. Kezka azaldu zuten, ordea, egitura aldatzeak politika horien baztertzea ekar ote zezakeen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.