Frantziako Tourra

Ezustekoa emanda irabazi du Christophe Laportek

Azkeneko kilometroan jo du erasoa frantziarrak, eta ez da inor bere gurpilera iritsi. Faborito guztiak elkarrekin iritsi dira helmugara

Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 22a
17:39
Entzun

Christophe Laportek (Jumbo-Visma) irabazi du Frantziako Tourreko hemeretzigarren etapa. Ihesean zegoen hirukotea harrapatu du tropelak azken kilometroan, eta orduan jo du erasoa frantziarrak. Hiru itzuli handietan lortzen duen lehen garaipena du, eta Jumbo-Vismaren bosgarrena aurtengo Tourrean. Faboritoen artean ez da ezustekorik egon, eta denak elkarrekin sartu dira helmugan. 3.26ren aldearekin egingo dio aurre Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) azken erlojupekoari.

Ikusi beharreko gehienak ikusita egin diote aurre txirrindulariek 188 kilometroko hemeretzigarren etapari. Egunak ez zuen aparteko zailtasunik, eta saihetsetik jo zezakeen haizea zen ziklisten beldurrik handiena. Bestalde, Enric Masek, Movistar taldeko liderrak, COVID-19an positibo eman du goizean egindako proban, eta lasterketa amaitzeko hiru egun gelditzen zirenean utzi du lasterketa. Movistar ez da denboraldi ona egiten ari, eta UCI World Tour mailatik ez jaisteko lehian dago.

Saiakerak egin dituzte zenbait txirrindularik eguneko ihesaldian sartzeko, eta azkenerako lauk hartu diote aurre tropel nagusiari. Hala ere, esprinterren taldekideek ez diete bidea egiten utzi, eta minutu inguruko aldea besterik ez dute izan. Besteak beste, lau txirrindulari ziren lasterketa irabazteko faboritoak: Jasper Philipsen (Alpecin), Fabio Jakobsen (Quick-Step), Dylan Groenewegen (BikeExchange) eta Caleb Ewan (Lotto Soudal). Garaipena haien artean jokatzeko hautua egin dute taldekideek, eta ziztu bizian egin dute eguna.

Helmugarako 48 kilometro falta zirenean, Quinn Simmons (Trek) gelditu da aurrean. Tropelak erritmo bizian jarraitu du, eta bi zatitan banatu da talde nagusia. Hala ere, atzekoek ez dute arazo handirik izan aurrekoekin elkartzeko, eta denak elkarrekin zirela, berehala harrapatu dute Simmons. Beste saiakera batzuk ere egin dituzte zenbait txirrindularik helmugarako talde nagusitik ihes egiteko, eta 30 kilometro gelditzen zirenean hirukote bat aurreratu da.

Gogotik sufritu du tropelak lehen taldetxoa harrapatzeko, eta, azken kilometroan, haien gainean zeudenean, Laportek jo du erasoa. Esprint bideratzailerik gabe gelditu dira esprinterrak, eta ez da inor irten haren gurpilera. Frantziarrak lortu du garaipena, eta taldearen lasterketa ona biribildu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.