Suedia 1-0 Belgika

Suediak 92. minutuan lortu du Eurokopako finalerdietarako sailkatzea

Nagusi izan da Belgikaren aurkako partida osoan zehar, baina norgehiagoka amaitzear zela sartu du gola. Sembrantek egin du. Finalerdietan etxeko selekzioa izango du aurkari: Ingalaterra.

Suediako jokalariak sailkapena ospatzen. PETER POWELL / EFE
ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 22a
23:40
Entzun

Zehaztu da Europako Txapelketako lehen finalerdia. Suedia izango da Ingalaterraren aurkaria. Suediarrek 1-0 irabazi diote Belgikari. Partida amaitzear zela lortu dute sailkapena, 92 minutuan sartu baitute gola. Sembrant izan da golegilea

Espero bezala bi selekzioek erasoan jokatzearen aldeko apustua egin dute. Belgika ezker hegaletik ahalegindu da min egiten. Handik Phitjens izan da jokoaren ekimena izan duena. Erdiraketa mordoa egin ditu, baina batez ere De Caignyk ez du errematean asmatu. Ohikoa duen lan isila eginez, ordea, Suediak partidaren aginte makila hartu du. Angeldal izan da lehen aukerak izan dituena. Baina ez du gola egitea lortu.

Lehen zatiaren erdialdea igaro berri zela, Asllanik pase sakon bikaina eman dio Blacksteniusi. Hark gola egin du, baina VARak baliogabe utzi du. Handik gutxira Blacksteniusek beste erremate on bat egin du, baina Belgikako atezain Ervardek gelditu bikaina egin du.

Bigarren zatian Suedia are nagusiago izan da, eta Belgikaren zelaian jokatu ditu minutu asko. Oso goian egin du presioa, eta hegaletatik gol aukerak sortzen jarraitu du. Minutuak aurrera joan ahala zuzenago jokatzen hasi da, baloi luzeen bidez gola egin nahian. Denbora agortzen ari zen, eta Suediak aurrera egitea merezi arren, partida luzapenera zihoala zirudien. Ez da horrela izan, ordea. Suediak ateratako hamabigarren kornerrean baloia area txikian geratu da, eta Sembrantek aprobetxatu du gola egiteko eta bere selekzioa finalerdietarako sailkatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.