Frantziako Tourra

Van Aert nagusi erlojupekoan, eta Vingegaardentzat Tourra

Erakustaldia eman du erlojupekoan flandriarrak, eta hemeretzi segundoren aldearekin irabazi du. Vingegaard Pogacar baino zortzi segundo azkarrago aritu da

Jonas Vingegaard, aurtengo frantziako Tourko irabazlea, helmugan. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 23a
18:33
Entzun

Wout van Aertek (Jumbo-Visma) irabazi du erlojuaren aurkako saioa; Frantziako Tourreko hogeigarren etapa. Jonas Vingegaard taldekidea azkarrago aritu da aurreneko mugarriraino, baina azkeneko kilometroetan hanka altxatu du maillot horiak. Hala ere, Tadej Pogacarrek (UAE) baino zortzi segundo gutxiago behar izan ditu helmugaratzeko danimarkarrak, eta Frantziako Tourra irabazi du. Geraint Thomas (Ineos) laugarren izan da erlojupekoan, eta podiumean izango da Parisen.

40 kilometroko erlojupekoa egin dute azken aurreko etapan txirrindulariek. La Capelletik abiatu dira, eta Rocamadourren amaitu dute saioa. Ibilbidea laua zen, baina amaieran bi malda igo behar izan dituzte; lehenengoak ia %5eko bataz besteko pendiza zeukan, eta bigarrenak %8koa. Filippo Ganna (Ineos) eta Van Aert ziren etapa garaipenerako hautagai nagusiak, espezialistentzat ibilbide aproposa baitzen. Yves Lampaertek (Quick-Step) aurre hartu zien Danimarkako saioan, eta arantza ateratzeko aukera zeukaten biek.

Gannarena izan da kontuan hartzeko lehenengo denbora. Bi aldiz izan da Munduko txapeldun erlojuaren aurka, eta saio ona egin du. Denbora luzez egon da sailkapeneko gorenean, baina Van Aertek aise hobetu du haren denbora. Saio bikaina egin du hasiera-hasieratik, eta Ganna baino 42 segundo azkarrago izan da.

Van Aert helmugara iritsi eta berehala atera dira oilarrak, bata bestearen atzetik. Zaila zirudien flandriarraren denbora hobetzeak, baina lehia estua izan du Vingegaard taldekidearekin. Lehenengo mugarrian maillot horia azkarragoa izan da, baina azken kilometroetan hanka altxatu du, eta Van Aert taldekideak irabazi du erlojupekoa hemeretzi segundoko aldearekin. Seigarren etapa garaipena du Jumbo-Visma taldeak.

Pogacar bera baino azkarrago aritu da maillot horia hasiera-hasieratik, eta zortzi segundoko aldea izan da azkenean bien artean, helmugan. Guztira 3.34ren aldea atera dio hiru asteetan Vingegaardek azken bi Tourretako garaileari. Thomas izan da laugarren helmugan, eta podiuma ziurtatu du galestarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.