ARRAUNA

Watt berdeak Ibaizabalen

Hondarribiak denboraldiko bigarren bandera irabazi du, Sestaon, Eusko Label ligako zazpigarren jardunaldian. Berdeek Urdaibairekin buruz buruko lehia izan dute, eta azken txanpan nagusitu dira.

Hondarribia, garaipena ospatzen, Sestaon, Eusko Label ligako zazpigarren jardunaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 23a
21:31
Entzun

Hondarribia taldeko ontzi berdea arraunlari arinez osatuta badago ere, tostartean watt asko mugitzekoak dira. Ioseba Amunarriz Ama Guadalupekoa traineruko txopan doan patroi zailduak esandakoa da hori; gaur, hain zuzen, Sestaoko (Bizkaia) Ibaizabalen nagusitu ostean, Eusko Label ligako zazpigarren jardunaldian. Hondarribiak Urdaibairekin buruz buruko lehia ikusgarria izan du, arraunzaleen gozagarrirako, eta, Amunarriz eta haren kuadrilla izan dira azkarrenak azken txanpan. Mikel Orbañanosenek bigarren bandera dute denboraldi honetan, eta, Donostiarra liderraren parean jartzea lortu dute sailkapen nagusian, 76na punturekin.

Ur geldietan arraun egiteak arraunlariei eragiten dien higatze fisiko handiaz gain, bazen prestatzaileei eta patroiei kezka eragiten zien naturaren aldagai bat: itsaslasterra. Marea behean 19:57an zen, eta, ondorioz, lehen txandako traineruek itsaslaster gehiago zuten ohorezko txandakoek baino. Kezka horiez gain, kale zozketak sortzen zuen urduritasuna gehitu behar zitzaion egoerari; izan ere, kanporanzko luzean, erdiko kaleetatik zihoazenek itsaslaster handiagoa zuten alde, lehendabizikotik eta laugarrenetik baino; eta alderantziz barrurako luzean.

Gaurko garailea bigarrenetik joan da; Donostiarra lehendabizikotik, Urdaibai hirugarrenetik; eta Orio laugarrenetik. Gorputzari lehen egurra eman eta berehala, esperotako gidoia bete da: Donostiarrako Arkaitz Diaz patroiak eta Orioko Aner Etxegoienek erdiko kaleetara joateko norabidea hartu dute. Metro gehiago egiten ari ziren bitartean, ordea, Urdaibaik eta Hondarribiak estropada burua hartu dute. Bou Bizkaia izan da ziabogara heldu den lehen trainerua; bi segundo atera dizkie berdeei, hiru zuriei eta sei horiei.

Bigarren luzean, estropada apurtzeko lehen kolpea eman dute Urdaibaik eta Hondarribiak. Iker Zabalaren taldeak, gainera, erabaki ausarta hartu du: ababorrera joan beharrean, hirugarren kaleari eutsi dio, itsaslaster gehiago aurka zuen arren. Ama Guadalupekoa-k, berriz, istriborrera jo du, Donostiarra atzean zegoela eta. Bada, Urdaibai baino segundo bat azkarrago heldu da bigarren ziabogara; Amunarrizek eta estreinekoz aurrekalari lanean aritu den Galder Espondak zibaren gisan biratu dute ontzia. Donostiarra bederatzi segundora iritsi da, eta Orio hemeretzira.

Hirugarren luzean, Urdaibai jo eta jo aritu da Hondarribiari hanka egiteko, baina berdeek Bou Bizkaia-ko zaldien joaldiei eutsi diete, azken ziabogara bi segundo atzetik heldu diren arren. Zirt edo zart egiteko tenorea iritsi zitzaien biei. Amunarrizek ez du zalantzarik izan: lehen kalera jo du; Aranberrik, berriz, laugarrenera. Azken metroetan, biek arraunkadak ikaragarri sarritu dituzte, eta azken txanpan berdeak gehiago izan dira.

Zierbenak irabazi du bigarren txanda, Kaikurekin eta Getariarekin lehia estua izan ondotik. Isuntza, berriz, inork nahi ez zuen laugarrenetik aritu da, eta ontzirik apalena izan da, Caboren mesederako; gorriek, hain zuzen, puntu sorta ederra bildu dute, zazpigarren eginda, eta, orain, hamaikagarrenak dira sailkapen nagusian, Aresen aurretik. Bihar, Santurtzin (Bizkaia) izango dute estropada (12:13, ETB 1).

Sestaoko bandera

1. Hondarribia 19.28.48
2. Urdaibai 0,70era
3. Donostiarra 17,30era
4. Orio 28,40ra
5. Zierbena 30,24ra
6. Kaiku 30,26ra
7. Cabo 31,10era
8. Getaria 32,26ra
9. Santurtzi 38,40ra
10. Ondarroa 42ra
11. Ares 46,94ra
12. Isuntza 57,70era

Eusko Label liga

1. Donostiarra 76 puntu
2. Hondarribia 76 pt.
3. Urdaibai 72 pt.
4. Orio 69 pt.
5. Getaria 46 pt.
6. Kaiku 45 pt.
7. Zierbena 45 pt.
8. Isuntza 28 pt.
9. Santurtz 27 pt.
10. Ondarroa 22 pt.
11. Cabo 19 pt.
12. Ares 18pt.

Hibaika, San Juan eta Lapurdi

ETE ligako ontziak Errenterian (Gipuzkoa) aritu ziren atzo, eta Hibaika etxeko ontziak irabazi zuen. KAE 1 ligan, San Juan nagusitu zen, Pasaian (Gipuzkoa). San Pedro eta Arkote sailkatu ziren arrosen atzetik. KAE 2 ligan, Lapurdi gailendu zen.

Bestalde, Euskadiko Txapelketa jokatuko da bihar (12:00), Lekeition (Bizkaia). Emakumezkoetan, Donostia Arraun Lagunak, Hondarribia, Donostiarra, Hibaika, Orio, Tolosaldea, Ondarroa eta Deustu ariko dira; gizonezkoetan, Orio, Getaria, Ondarroa, Kaiku, Hondarribia, Donostiarra, Urdaibai eta Zierbena izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.