Frantziako Tourra

Jonas Vingegaardek irabazi du 109. Frantziako Tourra

Jasper Philipsen gailendu da Eliseo Zelaietan. Bilbok jaso du 110. Tourraren hasiera antolatzeko lekukoa.

Vingegaard, Eliseo Zelaietako helmugan. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko uztailaren 24a
20:42
Entzun

Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) erakutsi du maillot horia Parisko kaleetan. Amaitu da Frantziako 109. Tourra, eta garaipena ziurtatu du ezustekoa eman duen txirrindulari danimarkarrak. Tadej Pogacar (UAE) azken bi urteetako garaileak garaiezina zirudien, baina Vingegaardek bigarren astetik erakutsi du nagusi dela. Lehia hasi aurretik Primoz Roglicen (Jumbo-Visma) aldeko hautua egiten zuten aditu askok, baina errepideak berea egin du.

Eliseo Zelaietako etapa mitikoan, berriz, Jaspen Philipsen (Alpecin) nagusitu da, Dylan Groenewegenen (Bike Exchange) eta Alexander Kristoffen (Intermarche) aurretik. Wout Van Aertek (Jumbo-Visma) ez du parte hartu esprintean, eta Vingegaardekin batera helmugaratu da, garaipena ospatzen zuten bitartean. Pogacarrek egin du beste garaipen bat lortzeko azken saiakera —eraso bat jo du bost kilometroren faltan—, baina harrapatu egin du tropelak.

Aurten lasterketa bikaina eskaini dute txirrindulariek. Egunero saiatu dira erasoak jotzen, eta hainbat modutan, gainera: aldapan gora, aldapan behera eta harbideetan. Horren adibide, datu bat: inoizko Tourrik azkarrena izan da, abiadurari dagokionez behintzat.

Pogacarren eta Vingegaarden arteko buruz burukoa aspaldian ikusi ez bezalakoa izan da, eta, Jumbo-Vismaren lana bikaina izan den arren, liderra bakarrik gelditu denean bere kabuz menderatu du Pogacar. Tourra irabazi duen bigarren danimarkarra bilakatu da, Bjarne Riisen ondoren (1996. urtean irabazi zuen hark).

Alde handiak, eta Van Aert

Sailkapen nagusiari dagokionez, lehen sailkatuen arteko aldeak oso handiak izan dira. Vingegaardek ia hiru minutu atera dizkio Pogacarri, eta zazpi baino gehiago Geraint Thomasi (Ineos), podiuma osatu duenari. Hamahiru David Gauduri, hamabost Aleksander Vlasovi... eta 36 Valentin Madouasi, 11. sailkatuari.

Gainontzean, Van Aert izan da aurtengo Tourreko protagonista nagusia: aise gailendu da puntukako sailkapenean, txirrindulari saiatuenaren saria eman diote, eta hiru etapa ere poltsikoratu ditu. Jumbok, denera, sei. Mendiko maillota Vingegaardek jantzi du, eta gazteen sailkapenekoa Pogacarrek, hirugarrenez jarraian. Taldekako sailkapena Ineosek irabazi du.

Lekukoa, Bilbok

Vingegaard eta konpainia podiumetik jaitsi eta gero, hara igo da Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. Han jaso du Tourrari hasiera ematen dion hiriak jasotzen duen lekukoa, Kopenhageko alkataren eskuetatik. Ekitaldian izan dira Euskal Herriko agintari gehiago ere: Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta abar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.