Sagarduik azalpenak emateko eskaera berretsi du Uberak, Diputazio Iraunkorra bilduko den erabaki bezperan

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak bihar jakinarazi behar du ea Diputazio Iraunkorra biltzea aginduko duen, Osasun sailburuak azalpenak eman ditzan

Rebeka Ubera legebiltzarreko ageraldi batean. JAIZKI FONANEDA / FOKU
2022ko uztailaren 25a
13:45
Entzun

Osakidetzaren «arretaren kalitatea gero eta okerragoa» dela atzemanda, udan zerbitzuak are eta gehiago murriztu izana edukitzen ari den ondorioei erreparatuta, Osasun Sailburuaren, Osakidetzako zuzendariaren eta Osakidetzako asistentzia sanitarioko zuzendariaren agerraldiak eskatu zituen EH Bilduk iragan astean. Bihar jakinarazi behar du Eusko Legebiltzarreko Mahaiak Diputazio Iraunkorra biltzea erabakitzen duen edo ez, Osakidetzako arduradunek azalpenak eman ditzaten. Uda izanda, Mahaiak onartu behar du Diputazio Iraunkorra bildu edo ez. «Espero dugu eskaera onartzea; bestela, arduragabekeria izango litzateke, eta errespetu falta gizartearekiko», Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Donostiako ospitalearen aurrean esan duenez.

Osasun Saileko arduradunek premiaz azalpenak ematea zergatik eskatzen duten azaldu du.

Batetik, lehen arretaren murrizketengatik jendeak larrialdietara jo du hein handi batean, eta ospitaleetako larrialdietan saturazioa egon dela esan du: «Haien jarduera %35 handiagoa da, herritarrek zailtasunak dituztelako lehen arretan kontsulta lortzeko».

Bestetik, Eibarko ospitaleko bigarren solairua itxi izanak Gipuzkoa osoan izan duen eragina azaldu du. Zumarragako, Mendaroko eta Arrasateko ospitaleetatik Donostiara bideratzen dituzte kirurgiak behar dituzten pertsonak, eta gero Donostiatik Eibarrera bidaltzen dtuzte zenbait paziente, errekuperatzeko. Eibarko bigarren solairua itxita, ezin dira eraman hara, Uberak azaldu duenez. «Oheak itxita daude, gainera». Esan duenez, ohiko ehunka operazio atzeratzen ari dira, eta Jaurlaritzaren dekretu baten arabera, gehienez ere 180 eguneko epean egin behar dira ohiko ebakuntzak.

Aurreko astetik hona ikusi duten bestea hauxe da: larrialdietan egunero 1.600 dei jasotzen ari dira, «eta hori kudeaezina da».

Araban pazienteak osasun garraioa programatu gabe geratu direla ere esan du. Ondorioz, osasun arta jasotzeko garraioa behar duten zenbait paziente arta hori gabe geratu dira.

Gainera, Bidasoko ospitalean ez dago urologiako espezialitaterik, eta barne medikuntzakoak ari dira artatzen, Donostiako urologoek telematikoki lagunduta, Uberak esan duenez.

Sukar hemorragikoak jota Donostian artatu duten pazientea ere izan du hizpide. Leongoa da (Espainia), eta Madrili zegokion artatzea, baina han baliabiderik ez zutela esan, eta Osakidetzak bere gain hartzea salatu du Uberak: «Hona ekarri dute hemengo zerbitzuekin kontrastatu gabe, prestatu gabe geundenean».

Bada astebete Diputazio Iraunkorra bil zedila eskatu zutela, eta, Uberak esan duenez, ez dute aldaketarik izan. «Egoera gero eta okerragoa da». Salatu du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egoerari irtenbidea emateko neurriak hartu beharrean indarra «komunikazioan» zentratu duela, «Madrili botaz errua eta besteak baino hobeto gaudela esanez». Formakuntza, planifikazioa, murrizketak alboratzea eta inbertsioa behar ditu Osakidetzak, Uberaren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.