ARRAUNA

Arraun Lagunak-ek irabazi du Euskadiko Txapelketa, Lekeition

'Lugañene'-k lehen luzean hautsi du estropada, eta poparean biribildu du. Oriok jantzi du zilarrezko domina, bigarren txandan arituta, eta Hondarribiak brontzea.

Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlariak, ikurrinarekin, Leketion (Bizkaia). ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 25a
14:30
Entzun

Donostia Arraun Lagunak-eko entrenatzaile Juan Mari Etxabek esana zuen bere kuadrilla arraunketa egokia bilatu ezinik zebilela azken estropadetan. Bada, donostiarrek zalantza eta mamu guztiak uxatu dituzte misterioz josita dagoen estropada eremu batean, Lekeition (Bizkaia); Euskadiko Txapelketa irabazi baitute, bigarrenez. Lehen txandatik aritu da Lugañene, eta nagusitasunez gailendu zaie Hondarribiari, Donostiarrari eta Hibaikari. Oriok, Arraunen aurkari zuzenak, bigarren txandatik arraun egin du, eta aise irabazi duen arren, ez dute lortu Etxaberen taldeak egindako denbora hobetzea. Zilarrezko domina kolkoratu dute; Hondarribiak, berriz, brontzea.

Irteera eman orduko, esperotako gidoia bete da: Arraun Lagunak estropada haustera joan da. Bai hautsi ere; hiru minutu bete direnerako, Hondarribiari bost segundo ateratzen zizkion, Donostiarrari zortzi, eta Hibaikari hamabi. Lugañene airean zihoan, eta, ziabogara heldu direnean, Andrea Astudillok eta haren kuadrillak aldeak are gehiago handitu dituzte: hamar Hondarribiarekiko, hemeretzi Donostiarrarekiko, eta 27 Hibaikarekiko.

Lantza giroa zegoen, eta popareko jardunerako egoera dotorea. Halere, patroiek galtzak bete lan izan dute beren ontziak zuzenduta eta gogortuta eramateko. Lugañene traineruan, esaterako, Ane Pescadorrek, zeina istribor hankean lehendabizikoz aritu den, behin baino gehiagotan lagundu dio Astudillori, arraun egiteari utziz eta lemazainaren arraunaren norabidean uretan sartuz. Bitartean, Hondarribia lehen kaletik, isil-isilik, olatu gainean zetorren, eta aldea laburtuz, bederatzi segundora jartzeraino.

Azken luzeko bigarren zatian, ordea, Arraun Lagunak-ek, bigarren kaletik, poparean gehiago asmatu du, eta hegan joan da, minutuko 37 arraunkadako erritmoan. Astudillok mezu zuzena bidali die arraunlariei: «Gozatu!». Halaxe zeharkatu dute helmuga, gozatuz, eta Hondarribia 21 segundora iritsi da; Donostiarra, 22ra; eta Hibaika, 50era.

Haizea gehiago harrotuko zela iragarrita zegoen, eta aurreikuspen hori guztiz bete da. Horren ondorioz, itsasoa gehiago petraldu eta narrastu da. Arraun Lagunak-ek egindako denbora buruan ondo gordeta irten da Orio, inork nahi ez zuen laugarren kaletik; Tolosaldea aritu da lehendabizikotik, Deustu bigarrenetik, eta Ondarroa hirugarrenetik. Kaleak kale, oriotarrak lanean serio aritu dira brankaz, minutuko 34 arraunkadako erritmoan. Halere, Patxi Frances Orioko prestatzaileak Nadeth Agirre lemazainari eman dizkion datuak ez ziren horien aldekoak. Lehen luzearen erdirako, Arraun Lagunak hamar segundo azkarrago zihoan Orio baino.

Eta ziabogan, donostiarrek hamabost segundoko altxorra zuten Oriorekiko. San Nikolas-ek txanda eskura zuen ordurako. 21 segundo atera dizkio Tolosaldeari, 41 Deusturi, eta 42 Ondarroari. Maniobraren ostean, Agirrek laugarren kaletik hirugarren kalerako norabidea hartu du; zenbat eta istriborrerako joan, olatuak orduan eta bilduagoak ziren. Hain zuzen, Oriok olatu bat hartu ostean, Arraunengandik zortzira jarri da. Datu horrek erabat hauspotu ditu traineru horian zihoazen arraunlariak. Dena dela, egindako ahalegina ez da nahikoa izan Etxaberen taldeak egindako denbora hobetzeko. Amaieran, hamazazpi segundo beranduago helmugaratu da.

Euskadiko Txapelketa

1. Donostia Arraun Lagunak: 11.20,88

2. Orio, 17,36ra

3. Hondarribia, 21,39ra

4. Donostiarra, 22,35era

5. Tolosaldea, 42,50era

6. Hibaika, 50,12ra

7. Ondarroa, 1.25,36ra

8. Deustu, 1.31,69ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.