Euroeskualdea

Euroeskualdeak 500.000 euroko laguntza emango die «hiritartasuna» sustatzen duten 19 proiekturi

'Euroeskualdeko hiritartasuna' deialdiak 60 eragiletik gora diruztatuko ditu, kultura, hezkuntza, kirol, hizkuntza eta gizarte arloko proiektuak sortzeko.

Deialdiko antolatzaileak, saritutako proiektuen aurkezpenean. BERRIA
jone arruabarrena
2022ko uztailaren 25a
16:04
Entzun

Euskal Herri osoa hartzen duen euroeskualdeak 500.000 euroko laguntza emango du hemeretzi proiektu laguntzeko. Hain zuzen, Euroeskualdeko hiritartasuna kultura, hezkuntza, kirol, hizkuntza eta gizarte arloko proiektuak laguntzeko deialdiaren emaitzak argitaratu dituzte gaur, eta, azaldu dutenez, aukeratutako proiektuek «lurraldeko eragileei hobeki ezagutzeko aukera ematen diete, lankidetza garatu dezaten» eta «euroeskualdeko laguntzek lankidetza berriak sortzeko modua ematen dute».

Laguntza jasoko duten proiektuak hemeretzi badira ere, horietan 60 eragile baino gehiagok parte hartu dute, hala nola elkarte, kooperatiba, enpresa, udal, unibertsitate eta fundazioek. Deialdia 2015. urteaz geroztik dago martxan, eta haren helburua da kulturaren, hezkuntzaren, gazteriaren, kirolaren eta eleaniztasunaren alorretan ekintzak finantzatzea Akitania Berria, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea batzen dituen euroeskualdean.

Kultura

Kultur proiektuak izan dira sarituetatik hamar: esaterako, Maddi izeneko proiektua, Xareta ibarreko biztanleentzat 2022ko urrian pastoral komun bat sortzea helburu duena; Black is Beltza II Fermin Muguruzaren animaziozko filma—2022ko udazkenean estreinatuko dela iragarri dute—, eta Hemendik 2.0, memoria kolektiboaren inguruko plataforma digital bat sortzeko egitasmoa.

Gazteen hezkuntza

Gazteen hezkuntza jorratzen duten beste hiru proiektuk ere jasoko dute diru laguntza: Steamnet, gazteei zientzia eta haren praktika ezagutarazteko euroeskualdeko azoka zientifiko bat sortzeko egitasmoa; akuakulturan ikasten duten eskoletako gazteen mugikortasuna bultzatzeko Akuaekin proiektua, eta Gazteak Mugazgaindi, topaketen bidez gazteek elkar ezagutzea sustatu nahi duen ekinaldia.

Giza erronkak

«Giza erronka garaikideei» aurre egiteko aukeratu dituzten proiektuak ere beste horrenbeste dira. Bizi-connectek mugikortasun jasangarria sustatu asmo du Bidasoa inguruan, bizikletaren eguneroko erabileraren bidez; AshHezi proiektuak euskarazko diktaketa sistema bat garatzea du xede, desgaitasunen bat duten haurren eskolatzea errazteko, eta Ikertu Nahien egitasmoak ikertzaile sare bat sortzea du helburu, landa eremuetan eta landa eremuaz ikertzeko.

Eleaniztasuna

Eleaniztasuna landuko duten bi proiektu ere sortu ahal izango dira: Beha 2.1 Euskal Herriko euskarazko hainbat komunikabideren audientzia neurtzen duen ekinaldia, eta Ondare Bidea okzitanierazko transkribatzaile automatikoa.

Kirola

Egitasmo bakarra saritu du Euroeskualdeko hiritartasuna deialdiak kirolaren eta inklusioaren arloan: Berdin Rugby, errugbiaren bidez gizarteratzea errazteko proiektua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.