Frantziako Tourra

Frantziako Tourraren lekukoa iritsi da Euskal Herrira

Donostian, Gasteizen, Amorebietan eta Bilbon izango da gaur, Euskal Herrian jokatuko diren hiru etapen hasiera eta amaiera izango diren hirietan.

Sanz eta Villa Donostian, gaur, Olanorekin eta Goiarekin. @LETOUR_EUSKADI
Paulo Ostolaza.
2022ko uztailaren 26a
12:45
Entzun

Mila kilometroko ibilbidea egin eta gero, Euskal Herrian da 2023. urteko Frantziako Tourraren lekukoa. Ziortza Villa eta Julian Sanz txirrindulariek ekarri dute, eta Donostian, Gasteizen, Amorebietan eta Bilbon izango da gaur. Hiri horietan izango dira Tourraren 110. edizioaren lehen hiru etapen irteerak eta amaierak; hirugarren etapa Baionan amaituko da ustez, baina oraindik ez du hori baieztatu antolakuntzak.

Aurreikusitakoa baino pare bat ordu geroago iritsi da lekukoa. Donostiara 12:30 aldera heldu da, eta arratsaldean iritsiko da gainontzeko hirietara: 18:00 aldera Gasteizera, eta iluntzean Amorebietara eta Bilbora.

Villa eta Sanz igandean atera ziren Parisko Eliseoko Zelaietatik, aurtengo Tourra amaitu eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak podiumean lekukoa jaso eta gero. Kopenhageko alkatearen eskuetatik jaso zuen ikurra Aburtok, eta han izan ziren Euskal Herriko agintari gehiago ere: Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta abar.

«Tourra Bilbora dator. Hasi da abentura handi hau. Hunkituta eta harro nago. Nork esango zigun lortuko genuela duela sei urte, negoziazioekin hasi ginenean. Bilbo ia edozertarako gai da», adierazi zuen Aburtok orduan.

Irudiaren deskribapena
Euskal erakundeetako ordezkariak, igandean, Parisen, lekukoa ekarri duten bi txirrindulariekin.@letour_euskadi

Azaldu dutenez, txirrindulariek lanak izan zituzten igande iluntzean Paristik irteteko, baina, gainontzean, arazorik gabe egin dute bidea. Sei ordutik behin ordubete inguruko geldialdi bat egin dute, eta bart gauean Baionan hartu dute atseden, lau ordu inguruko geldialdia eginda.

Donostian lekukoari harrera egin diote, besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eneko Goia alkateak. Kursaalaren parean egin dute, eraikina horiz argiztatuta. Gasteizen, antzeko: Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran alkatea izango dira ekitaldian.

Amorebietan Andoni Agirrebeitia alkateak jasoko du lekukoa, eta azkenik, Bilbon, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Juan Mari Aburto alkateak.

Hiru etapa

2023. urteko Tourra Euskal Herritik irtengo zela iazko martxoan jakinarazi zuten. Ibilbidearen berri, berriz, aurtengo urtarrilean eman zuten: lehenengo etapa Bilbon hasi eta bertan bukatuko da, uztailaren 1ean. Bigarrengoak Gasteiz eta Donostia lotuko ditu, eta 200 kilometro inguruko ibilbidea izango du, eta hirugarrengoa Zornotza (Bizkaia) eta Baionaren artekoa izango da. Ibilbide gorabeheratsua izango dute hirurek, zaleen gozagarri. Egun haietan eztabaida eragin zuen ibilbidea aurkezteko erabilitako mapak.

Horrelako kirol ekitaldiak ez dira batere merkeak izaten, eta Frantziako Tourra ez da salbuespena. Izan ere, euskal erakundeek 12 milioi euro gastatuko dituzte guztira. Zazpi erakunderen arteko hitzarmena izango da, eta, iragarri dutenez, ez da inbertsio pribaturik egongo. Inplikatutako erakundeak Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, eta Eusko Jaurlaritza bera dira.

Duela lau urte igaro zen azken aldiz Frantziako Tourra Euskal Herritik, azkenaurreko etapa, erlojupekoa, Ezpeletan amaitu baitzen. Azken aldiz, berriz, 1992an irten zen Euskal Herritik, Donostiatik. Urte hartan, Indurainek irabazi zuen Tourra, hark irabazitakoetan bigarrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.