Ingalaterra 4-0 Suedia

Ingalaterra finalerako sailkatu da nagusitasunez

Suediari aise irabazi dio, hasieran eskandinaviarrak apur bat hobeak izan diren arren. Meadek, Bronzek, Russok eta Kirbyk sartu dituzte ingelesen golak.

ingalaterrako jokalariak garaipena ospatzen. PETER POWEL / EFE
ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 26a
23:09
Entzun

Antolatzailea izanda faborito zen finalean egoteko, eta ez du huts egin. Ingalaterra Eurokopako finalean da, Suediari 4-0 gailendu ostean. Suediarrak hobeak izan dira hasieran, baina atzean izan ohi duten ziurtasuna galduz joan dira, Ingalaterraren zelai erditik aurrerako jokalarien mugikortasunaren erruz. Ingalaterra nagusituz joan da, jokoaren aginte makila edukiz, eta zelai erditik aurrera duen joko landu eta biziari esker lortu du sailkapena.

Partida parekatua espero zen ingelesen eta suediarren artean, eta hala izan da hasiera. Bi taldeak antzeko jokoa egiten ahalegindu dira: baloia zelai erdian lapurtu, eta zuzen jokatzea, aurkariaren atzeko hegaleko jokalariak apur bat aurreratuta zeudela baliatuz. Suediak Lucy Bronzen hegaletik aurkitu ditu zuloak, Bartzelonako jokalari berria erasora asko joaten baita. Asllanik ondo zekien hori, eta haren oinetatik iritsi da eskandinaviarren lehen aukera. Erdilariak pase aparta eman dio Blacksteniusi. Bakarrik zegoen, eta bitan pentsatu gabe errematea egin du. Baina Earps atezainak gelditu ona egin du, eta baloia kornerrera bidali du. Korner horretan Suediak jokalari asko igo ditu erasora, eta atezainaren inguruan jarri. Bada, Blacksteniusen burukada langara joan da.

Suedia eroso zegoen, lerroak oso batuak baitzituen, eta Ingalaterrak apenas sortzen baitzion aukerarik. Espainiaren aurkako final-laurdenetako partidan gertatu bezala, etxekoak ez zeuden eroso. Baina pixkanaka hori aldatuz joan da. White gehiago mugitzen hasi da, eta horrek lehen zalantzak eragin dizkio Suediaren atzealdeari. Ingalaterraren golegile nagusiak baloia jaso du penalti arrasotan, baina ez du ondo errematatu, eta Lindhalek geratu du. Mead eta Hemp ere gehiago mugitu dira hegaletatik, eta Suedia gero eta deserosoago aritu da. Erdiraketa bat eta gero haren atzealdea ez da ondo atera, kostatu egin zaio. Baloia Bronzeri iritsi zaio. Erdiraketa egin du, eta Meadek ez du huts egin. Sei gol daramatza txapelketan Arsenaleko jokalariak. Grings alemaniarrak 2009ko Eurokopan ezarritako marka berdindu du horri esker.

34. minutua zen. Kolpea izan da gola Suediarentzat. Ingalaterra oso nagusi izan da lehen zatiko azken hamar minutuetan. Gertu izan dute etxekoek bigarren gola, baina ez dute lortu. Hala 1-0 amaitu da lehen zatia. Suediak zelai erdiko jokalariak gehiago agertzea behar zuen, batez ere Rolfo eta Jakobsson, partidaren norabidea aldatzea nahi bazuen. Bigarren zatia ondo hasi dute. Baina Ilestedtek eta Blacksteniusek, ordea, ez dute buruz egindako errematean asmatu. Gainera, Bronzek bigarren gola sartu du.

Baina aldaketek mesede egin diote Suediari. Behintzat, partida hasieran egindako joko zuzena berrekuratuz joan da, eta defentsan ere oldarkorrago aritu da. Wiegmanek White kendu du. Suedia geldikako jokaldiak behartzen saiatu da, eta beste aukera bat izan du. Horietako batean Blacksteniusek ez du ongi errematatu. Baina baloia pozoitu egin da, eta Earpsek eskua atera behar izan du. Suedia hobeto ari zenean iritsi da etxekoen hirugarren gola. Ikusgarria izan da oso, Russok sartu baitu orpoz, lehen errematean huts egin eta gero. Gola ekarri duen jokaldia ere ederra izan da, oso landua izan baita, eta erritmo aldaketa baten ostean. Russok laugarren gola du txapelketan.

Etxekoak nagusia ziren, eta Suedia ere nekea antzematen joan da partida aurrera joan ahala. Hala iritsi da laugarrena. Kirbyk egin du baloi loratu batekin. Partidako azken ordu laurdena gurutze bidea izan zen Suediarentzat. Zaleekin batera Ingalaterrak gozatu egin du. Hala amaitu da partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.