Pablo Gonzalez afera

Pablo Gonzalezen aferan Polonia zuzenbide estatua errespetatzen ari dela esan du Pedro Sanchezek

Polonian preso duten kazetaria defendatzeko eskatu dio haren sendiak Espainiako gobernuburuari. Berriemailearen bikotekideak, Oihana Goirienak, salatu du azken bost hilabeteetan haren bi gutun soilik jaso dituztela, eta ez dakitela benetan nola dagoen.

Oihana Goiriena, Gonzalez bikotekidea, joan den hilean Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza - Iosu Alberdi
2022ko uztailaren 27a
13:56
Entzun

Pablo Gonzalez euskal kazetariak 149 egun daramatza atxilotuta eta inkomunikatuta Polonian. Gaur, baliatuz 150. eguna beteko duela espetxean eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Polonian dagoela, bideo bat argitaratu du sare sozialetan haren bikotekideak, Oihana Goirienak. Besteak beste, kontatu du azken bost hilabeteetan Gonzalezen bi gutun soilik jaso dituztela, eta ez senideek eta ez abokatuek ez dutela harekin hitz egiterik izan: «Ondorioz, ez dakigu benetan nola dagoen», aitortu du Goirienak. Sanchezek adierazi du aferaz hitz egin duela Mateusz Morawiecki lehen ministroarekin, eta gehitu du Poloniako zuzenbide estatua errespetatzen duela: «Argi dago [afera] auzitegien esku dagoela».

Goiriena Sanchezi mintzatu zaio bere mezuan. Gonzalez gogoan izateko eskatu dio: «Europako Batasuneko herritarra da, eta ukatu egiten diote bere familiarekin hitz egiteko eskubidea. Kontsularen lau bisita soilik izan ditu denbora honetan guztian, eta haren konfiantzazko abokatuari ez diote azaldu zer egozten dioten».

Horregatik, Poloniako lehen ministroaren aurrean Gonzalez defendatzea galdegin dio Goirienak Sanchezi, «defentsa eta epaiketa justu bat izan ditzan, baina, batez ere, haren eskubideak errespeta daitezen». Azpimarratu du Gonzalezen senideek harekin hitz egiteko beharra dutela, benetan jakiteko ondo dagoela, eta bere seme-alabek euren aita entzun nahi dutela: «Pablok jakin dezala maite dugun pertsonen babesa duela, eta bere falta sumatzen dugula».

Sanchezek Morawieckirekin izaniko bileraren osteko prentsaurrekoan hitz egin du gaiaz, kazetariek galdetuta. Haren bertsioak ez du zerikusi handirik Goirienak emandako informazioarekin. Sanchezek argudiatu du «familiarekin kontaktuan» dagoela Gonzalez, eta Espainiak Polonian duen kontsularen bisitak jasotzen dituela. Horrez gain, Sanchezek azaldu du Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albares harremanetan dagoela Poloniako bere homologoarekin, kasuaren «jarraipena egin» eta «familiari babesa emateko». Hala, Poloniako Gobernuaren «kolaborazioa» eskertu du.

Atxilotuta oraindik

Duela hiru aste, Rzeszowko Dei Auzitegiak (Polonia) ez zuen onartu Pablo Gonzalez kazetariaren abokatuak haren atxiloaldiaren kontra ezarritako helegitea. Maiatzean, Gonzalezen espetxealdia luzatzeko eskatu zuten Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Poloniako Fiskaltzaren ordezkariek, eta, eskaera egin ondotik, Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak onartu egin zuen fiskaltzaren eskaera; horren ondorioz, Gonzalezek beste hiru hilabetez atxilotuta egon beharko duela ebatzi zuen auzitegiak.

Bost hilabete igaro dira Poloniako Poliziak Gonzalez atzeman zuenetik, Przemyslen, Ukrainako mugatik kilometro gutxira. Errusiako zerbitzu sekretuetako agente izatea leporatu zioten, eta, akusazio horren arabera, hamar urterainoko kartzela zigorra ezar diezaiokete kazetariari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.