Gerra Ukrainan

Ukrainako hiru portuk zerealak esportatzeko lanak hasi dituzte berriz

Turkiak martxan jarri du Istanbulgo koordinazio zentroa. Hulusi Akar herrialde horretako Defentsa ministroak esan du oraingoz ez dutela minarik kendu behar Itsaso Beltzean.

Istanbulgo koordinazio zentroa (Turkia) ireki dute gaur, Ukrainako zerealen esportazioa gainbegiratzeko. ERDEM SAHIN / EFE
ander perez zala
2022ko uztailaren 27a
17:03
Entzun

Ukrainako itsas armadak jakinarazi du herrialdeko hiru portu hasiak direla prestatzen zereala esportatzeko: «Ukrainako portuak desblokeatzeko akordioaren harira, operazioak berriz abiatu dituzte Odesako, Txornomorskeko eta Pivdenniko portuetan [Juzhne hirian]. Ontziak karabana moduan antolatuta irtengo dira eta iritsiko dira, beste itsasontzi baten gidaritzapean».

Errusiak, Ukrainak, Turkiak eta Nazio Batuen Erakundeak iragan ostiralean sinaturiko akordioaren arabera, Itsaso Beltzean korridore bat zehaztu beharko dute ontzi horiek modu seguruan nabigatzeko. Gainera, itun horrek zera ere aurreikusten du: Errusiako eta Ukrainako armadek erasorik ez egitea ez ontziei, ez portuetan.

Oleksandr Kubrakov Ukrainako Azpiegitura ministroak iragan astelehenean esan zuen asteon hasiko liratekeela laboreak ateratzen, eta gaur gehitu du B plana erabiliko luketela Errusiako armadak portuei eraso egiten jarraituko balu: «Lehenago ere egin dugu. Hau da, Danubioko portuak erabiltzea, baita trenbideak ere, ahalik eta zereal gehiena kargatuta».

Zehazki, Kubrakovek aste hasieran azaldu zuen hiru milioi tona zereal esportatuko dituztela hilero —25 milioi tona daude blokeatuta portu horietan—, eta, horri esker, 979.000 milioi euro jasoko dituztela. Kievek aurreikusi du lehen ontzia Txornomorskeko portutik ateratzea, eta, dena ongi badoa, hurrengoak Odesakotik eta Pivdennikotik irtengo dira, Juri Vaskov Azpiegitura ministrordeak joan den astelehenean azaldu zuenez; hirurak Odesa eskualdean daude —herrialdearen hegoaldean—, Ukrainako armadaren kontrolpean.

Turkiako funtzionario anonimo batek Reuters berri agentziari asmo hori berretsi dio gaur, «datozen egunetan, aste honetan» hasiko direlakoan laborea berriz ateratzen.

Ukrainak esportazio operazioak berriz hasi dituztela jakinarazi aurretik, Turkiak adierazi du martxan jarri dutela Istanbulgo koordinazio zentroa. Ituna sinatu zuten herrialdeetako eta erakundeetako ordezkari zibilek eta militarrek osatzen dute talde hori.

Hulusi Akar Turkiako Defentsa ministroak azaldu duenez, Istanbulgo zentroa Ukrainako portuetatik ateratzen diren ontziak gainbegiratzeaz eta koordinatzeaz arduratuko da. Horiek egingo duten bidaiez, berriz, Akarrek esan du oraingoz ez dutela minarik kenduko Itsaso Beltzean, baina, horretarako beharrik balego, gaineratu du «modu koordinatuan» egingo luketela.

Kostin diputatua, fiskal nagusi

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Andri Kostin diputatua proposatu zuen fiskal nagusiaren kargurako, eta parlamentuak baiezkoa eman dio, gaur, izendapen horri.

450 diputatuetatik 299ren babesa jaso du Kostinek, Ukrinform albiste agentziak azaldu duenez; fiskal nagusi berria Zelenskiren alderdikoa da, Herriaren Zerbitzarikoa.

Ukrainako presidenteak hilaren 18an kaleratu zuen Irina Venediktova, karguan Kostinen aurrekoa, baita Segurtasun Zerbitzuko buru Ivan Bakanov ere. Biei «euren eginbeharrak oker betetzea» egotzi zien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.