Alemania 2-1 Frantzia

Alemania finalera, Poppen golei esker

2-1 hartu du mendean Frantzia, eta bederatzigarrenez Eurokopa irabazteko aukera izango du, igandean, Ingalaterraren aurka.

ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 27a
23:19
Entzun

Ingalaterra-Alemania. Horixe izango da Eurokopako finala. Ingalaterra sailkatua zegoen, eta Alemaniak Frantzia 2-1 menderatu ostean lortu du bertan egotea. Alemaniarrek ohikoa duten ordena, elkartasuna eta eraginkortasuna baliatuta lortu du, lan isil eta ona eginez. Guztien artean Alexandra Popp kapitaina nabarmendu da, hark sartu baititu bere selekzioaren bi golak. Igandean bederatzigarrenez Eurokopa irabazteko aukera izango du Martina Vossek zuzentzen duen selekzioak.

Lehen 40 minutuak oso taktikoak izan dira. Intentsitatea ikusgarritasunari gailendu zaio, eta bi taldeek ez dute ia arriskatu. Elkarri errespetu handia izan diote. Bazekiten kale edo baleko partida zela, eta edozein akats garesti ordaindu zezaketela. Espero bezala, hasieratik Frantziak izan du baloi jabetza. Alemania, berriz, baloia izateari muzin egiten ez dion selekzioa da, baina hura gabe eroso dago. Erasoan batez ere patxadaz aritu da. Geldikako jokaldiak behartzen ahalegindu da, bertan duen ahalmena baliatzeko. Defentsan, argi zuten gakoa non zegoen: Cascarinoren eta Karchaouiren eraso uholdea gutxitzea. Isilean lan ona egin dute. Eraginkorra izan da erabaki hori, Frantziak ez baitu aparteko arriskurik sortu lehen 20 minutuetan. Gainera, ezin izan du korrika egin.

Frantzia halako egoerak bizi izandakoa da aurreko txapelketetan, eta bakarkako jokaldien bidez ahalegindu zen irtenbidea topatzen. Baina ez zitzaion sekula ondo atera. Txapelketa honetan, ordea, talde jokoaren alde egin du, eta beste behin erakutsi du. Ez du burua galdu Alemaniak proposatuko jokoaren aurrean, eta, jokaldia landuz, aurkariaren atera gerturatzen ahalegindu da. Neurketako lehen aukera argia, hala ere, alemaniarrek izan dute, area ertzeko falta batean. Poppek jaurti du, eta Peyraud-Magninek bikain gelditu du.

39 minutuan aurreratu dira azkenean alemaniarrak. Gol ederra izan da. Eskuinetik erdiraketa on bat baliatu, eta atzetik etorrita Poppek erremate indartsua egin du. Aurrelariak bosgarren gola sartu du bost partidetan. Alemaniaren ehungarren gola izan da Eurokopa batean. Martina Vossen selekzioak nahi zuen lekuan zuen partida. Frantziak gogotik egin beharko zuen lan alemaniarrek zelai erdian ezarritako armiarma sarea gainditzeko. Baina atsedenaldiaren aurreko azken jokaldietako batean banakoa sartu du. Dianik jaurtiketa egin du area kanpotik. Baloia zutoinera joan da, baina aldaratzeak Frohms atezainaren bizkarrean jo du, eta sareetara joan da. Zoria aurka izan du Alemaniak hor. Bana amaitu da, beraz, lehen zatia.

Bigarrena ere Poppek

Bigarren zatia bide beretik hasi da. Bi taldeek gehiago erreparatu diote hutsak ez egiteari, arriskatzeari baino. Partidaren norabidea aldatzeko asmoz, Corinne Diacrek Mateo zelairatu du, ezustean, Cascarinoren ordez. Ia segidan gertu izan du gola Frantziak. Baina Bachaken erremateak Alemaniako jokalari baten aurpegian joan du, eta segidan Renardek erremate ondo egin du buruz korner batean. Baina Frohmsek bikain gelditu du. Baita hurrengo jokaldi batean Dainiri ere. Frantzia hobeto kokatua zegoen zelaian, baloia bizkorrago berreskuratu du, eta nagusituz joan da orduan. Baina Alemaniak ez du pazientzia galdu, ohi moduan berdin jokatzen jarraitu du, talde bat izanda, elkartasunez eta Frantziari ez utziz korrika egiten. Hala, Poppen bigarrena iritsi da, buruz, 76. minutuan.

Frantzia ahalegindu da estutzen, lerroak aurreratu ditu eta pare bat aukera garbi izan du. Baina Bachek eta Sarrek ez dute asmatu baloia sareetara bidaltzen, eta Dallmannek ia erabakia utzi du norgehiagoka. Baina huts egin du. Hor amaitu da partida. Ez zen faborito, baina berriz ere Alemania finalean da. Ingelesek futbolaren beste patu batekin amaitu nahiko dute igandean. Patu horrek zera dio: futbola hamaika hamaikaren kontra jokatzen duten kirola dela, baina beti Alemaniak irabazten duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.