Ogasuna

Errenta zergaren taulak %4 deflatatuko dituzte aldundietako ogasunek

Horren ondorioz, zergapekoek orain arte baino tasa txikiagoa ordaindu beharko dute errenta zergan. Jaurlaritzak eta aldundiek inflazioaren aurkako neurritzat aurkeztu dute, nahiz eta ez duen prezio igoera osoa aintzat hartzen.

Gipuzkoako Ogasunak errenta aitorpena egiteko egokituriko bulegoetako bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko uztailaren 28a
12:52
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek deflatazioak bidea urratzen jarraitzea erabaki dute. Eta zer da deflatatzea? Inflazioaren eragina pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) gainean aplikatzea. Hau da, tasa bat edo bestea ezartzeko gutxieneko kopurua inflaziora egokitzea.

Adibidez, urtean 22.100 euro irabazten dituen gipuzkoar batek, seme-alabarik ez badu, %12ko tasa ordaindu behar zuen aurten errenta zergan oraingo taulekin —20.020,1 eta 23.549 euro artean irabazten dituelako—. Tasak %4 deflatatuko direnez, aurreko tartera igaroko da, eta %11ko tasa ordaindu beharko du.

Aldundietako ogasunek erabaki dute tarte guztietan %4 deflatatzea. Urte hasieran %1,5 deflatatzea erabaki zuten, eta, pauso honekin, %5,5eraino iritsiko da. Ez du, hortaz, inflazio osoa kontuan hartuko, gaur egun %9,7 baita Hego Euskal Herrian.

Neurria irailean sartuko da indarrean, eta ez dute zehaztu noiz arte iraungo duen, baina Iñigo Urkullu lehendakariak zehaztu du «behin-behinekoa» dela.

Lehendakariak onartu du arduratuta dagoela gizartearen aldartearekin, eta neurri hauekin «itxaropena» zabaldu nahi duela gizartean. Zergaren helburua argi da, diru gehiago jartzea herritarren «poltsikoan». Iraileko nominetatik aurrera sumatzen hasiko da. Inflazioaren eraginez, aurten Ogasuna zor bilketako marka guztiak hobetzen ari da, %10 inguruko gorakadarekin. Deflatazio honekin, baina, 249,5 milioi euro gutxiago bilduko dituzte ogasunek, eta horrek eragina izango du 2023rako aurrekontuetan. Urkulluk, baina, zehaztu du «gizarte laguntzak bermatzeko» eginiko aurrekontu batzuk izango direla, «inbertsio asmoan» oinarriturikoak, eta bi arlo horietan ez dela murrizketarik egongo.

Deflatazioa da neurririk deigarriena, edo bai behintzat jende gehienari eragingo diona. Hala ere, ez da bakarra izango, kenkari sorta batzuk ere onartu baitituzte. Esaterako, 200 euroko kenkaria onartu dute 30.000 eurora arteko errenta oinarri orokorra duten zergadunentzat. 30.000 euro eta 35.000 euro bitartean, berriz, 200 euroko kenkaria pixkanaka murriztuz joango da aitorpenaren oinarria handitu ahala. Neurri horrekin ogasunek 110 milioi euro gutxiago bilduko dituzte.

Gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek beste finantza neurri batzuk ere hartu dituzte likidezia gehiago jartzeko langile autonomoen eta enpresen esku. Autonomoak salbuetsita geratuko dira ekitaldi honetako hirugarren eta laugarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak egiteko betebeharretik. Bestalde, 50 milioi eurotik beherako eragiketa bolumena duten eta enpresa taldeetan sartuta ez dauden enpresek ere ez dute sozietateen gaineko zergaren ordainketa aurreraturik egin beharko. Azken hori enpresa elkarteen aspaldiko eskaera da.

ELAk «iruzurtzat» jo ditu Lehendakariak eta ahaldun nagusiek iragarri dituzten neurriok. «Euskal Herriko erakundeek uko egiten diote beharrezko erreforma fiskala aurrera eramateari, enpresen mozkinei, kapitalari eta ondareari zergak handituz», gehitu du ELAk. Deflatazioari dagokionez, «berandu iritsi da, eta ez da nahikoa», tasak gehiago txikiagotzea urte hasieratik onartu behar baitzen, sindikatuaren iritziko. Gogoratu du iazko inflazioa %6,5 izan zela, eta tasen deflatazioa (%5,5) horren azpitik geratu dela.

Era berean, 200 euroko kenkarien aurka ere azaldu da ELA, ez baitie «mesederik egiten» diru sarrerarik txikienak dituzten pertsonei. «Ez dituzte zerga horiek ordaintzen; beraz, beharrik handiena duten pertsonei laguntzeko zuzeneko prestazio ekonomikoak behar dira, ez kenkariak», azaldu du sindikatuak. Bestalde, urtebete barru PFEZaren aitorpena egin arte ez da nabarituko kenkariaren «eragin mugatua».

Bankuen eta energia enpresen gaineko zerga

Jaurlaritzak eta Ogasunek, berriz, ez dute hizpidera ekarri Espainiako Gobernuak bankuen eta energia konpainien ezohiko irabaziei ezarri nahi dien zerga. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hura nola aplikatu adostu beharko du lurraldeetako ogasunekin. Gaiari buruz galdetuta, Urkulluk esan du zerga berria ez duela ezagutzen, eta haren berri zehaztasunez izatean aztertuko dutela nola aplikatu beharko den. Arrazoi berengatik, iritzi politikorik ez ematea erabaki du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.