Donostiako 70. Zinemaldia

Hamahiru film lehiatuko dira Zuzendari Berriak sailean

Hautatutako film ia guztiak dira opera prima-k; bakarra da bigarrena. Tartean dago Maria Elorza euskal zinemagilearen A los libros y a las mujeres canto lana.

Maria Elorzaren 'A los libros y a las mujeres' filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
aitor biain
2022ko uztailaren 28a
13:41
Entzun

Mundu osoko hamahiru zinemagileren lehen eta bigarren filmak erakutsiko dituzte Donostiako 70. Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean: hamabi opera prima eta bigarren film bat, oraingoz, lan gehiago batuko baitira zerrendara datozen egunotan. Hala adierazi dute Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta Ainhoa Arruabarrena Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendariak gaur, Tabakaleran, hautaketaren berri eman dutenean. Jaialdia irailaren 16an hasi eta 27an bukatuko da.

Talentu berriak bilatzea eta sustatzea da Zuzendari Berriak atalaren helburua, urte batzuk barru lehia nagusietan arituko diren zinemagileei lehen aukera ematea. Aurtengo jaialdian, hamabost herrialdetako zinemagileen lanak erakutsiko dituzte; zortzi dira emakumezko egileenak, eta bost gizonezkoenak. Aurkeztutako filmek gai ugari jorratzen dituzte: bikote harremanak, familia gatazkak, feminismoa, lana, pobrezia...

Jakinekoa zen Maria Elorza zuzendariaren (Gasteiz, 1988) A los libros y a las mujeres canto filma Zuzendari Berriak sailean arituko dela, orain dela bi aste jakinarazi baitzuten antolatzaileek, Sail Ofizialean lehian arituko diren lanetako batzuk aurkeztu zituztenean. Elorza aurrez ere izana da zinemaldian: Donostian aurkeztu zituen Gure Hormek (2016) eta La chica de la luz (2016) film laburrak. Bere lehen lan luzea erakutsiko du aurtengo zinemaldian. Liburuak zaintzen dituzten emakumeen armada anonimo eta armagabe bati buruzkoa da lana.

Katrine Brocks zinemagile daniarrak ere bere lehen lan luzea aurkeztuko du: Den Store Stilhed. Komentuan anaia bikiaren bisitaldi deserosoa jasoko duen nobizia gazte bati buruzkoa da filma. Takeshi Kogahara japoniarraren Nagisa lanak ere, zorigaitz batek banandutako anai-arreben istorio bat du oinarri. Josip Zuvan kroaziarrak zuzendu duen Garbura filmak, berriz, bikotekide diren bi gazteren senitartekoen arteko gatazkak kontatzen ditu.

Fifi-k familia girotik ihesi dabilen eta lagun baten anaiarekin harreman bat hasiko duen nerabe baten istorioa du hizpide. Jeanne Aslanek eta Paul Saintillanek zuzendu dute, elkarrekin. Miyamatsu to Yamashita pelikulak hiru zuzendari ditu: Masahiko Sato, Yutaro Seki eta Kentaro Hirase. Teleferiko bateko langile baten gorabeherak kontatzen ditu; langilea zinemako estra moduan ere aritzen da.

Kameraren aurrean eta atzean aritu da, bestalde, Dinara Drukarova errusiarra. Izan ere, Grand Marin filma zuzentzeaz gain, aktore lanak ere egin ditu. Hain zuzen, dena utzi eta arrantzontzi batean Ipar itsasora abiatuko den emakume baten rola jokatzen du Drukarovak filmean. Foundre-k ere, emakume baten emantzipazioa kontatzen du, XX. mendeko Suitzako andre batena, zehatzago esateko. Carmen Jaquerrek zuzendu du.

Rocio Mesa zinemagilearen Secaderos eta Ji-hye Jeong zuzendariraen Jeong-sun filmak, berriz, lan munduan barneratzen dira. Tabako lehortegi batean girotutako harreman bat du hizpide lehenengoak; fabrikako bi langileren ezkutuko harremana bigarrenak. Azken horrek Hego Koreago Jeonjuko zinema jaialdia irabazi zuen. Pokhar Ke Dunu Paar filmak, halaber, egoera ekonomikoak behartuta Delhitik jaioterrira itzuli beharko duen bikote baten istorioa kontatzen du. Parth Saurabh zinemagile indiarraren lehen film luzea da.

Zinemaldiaren bultzada

Donostiako Zinemaldiak bultzada eman nahi izan die sailean hautatutako bi filmi, Industria atalari esker: Laura Baumeister zinemagileak aurkeztuko duen La hija de todas las rabias filmak Koprodukzio Foroaren proiektu onenaren saria eskuratu zuen 2019an, eta WIP Latam saria iazko jaialdian. Laguntza horiei esker lortu du filma egitea. Zabortegi batean bizi den 8 urteko neskato baten ingurukoa da.

Ion Bors zuzendariaren CARBON lanak ere Donostiako Zinemaldiaren bultzada izan du, WIP Europa Industriaren eta WIP Europa sariak eskuratu baitzituen iaz. 1990eko hamarkadan, Transnistriako gerran, girotutako komedia beltz bat da.

Saria 50.000 eurokoa da, eta film irabazlearen zuzendariari eta Espainiako banatzaileari ematen zaie, erdi bana. Sail horretako filmak Gazteriaren Saria lortzeko hautagai ere izaten dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.