Urtero 311.558 tona elikagai xahutzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzak aztertu du zenbat elikagai galtzen den urtero elikadura katean, Elika fundazioaren bitartez. Ondorioztatu dutenez, biztanle bakoitzak 142 kilo elikagai galtzen ditu urtero. Iragarri dute irailetik aurrera planteatuko dituztela egoerari aurre egiteko neurriak.

Urtero 311.558 tona elikagai xahutzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. JON URBE / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 28a
14:39
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikagai xahutzea kudeatzeko eta murrizteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasun Sailak aztertu du zenbat elikagai galtzen den urtero elikadura katean, Elika fundazioaren bitartez. Txostena Euskadiko Itun Berdea egitasmoaren barruko Elikagaien Xahuketaren Aurkako Euskadiko Estrategiaren parte da. Ondorioztatu dutenez, urtero 311.588 tona elikagai xahutzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hau da, biztanle bakoitzak 142 kilo xahutzen ditu.

Europako batez besteko datuekin alderatuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritar bakoitzak elikagai gutxiago xahutzen ditu; izan ere, aurreko azterlanen arabera, Europako biztanle bakoitzak urtero 173 kilo elikagai inguru xahutzen ditu. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen arabera, baina, egoera «ezin da gehiegi konparatu», besteak beste, ez dakitelako zer metodologia erabili duten datua ateratzeko.

Xahututako elikagaiak jangarriak diren edo ez bereizi dute txostenean. Horren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan galdutako elikagaien %28 inguru jangarriak dira, eta, beraz, pertsona bakoitzak urtero jan daitezkeen 40 bat kilo elikagai galtzen ditu.

Sektoreka aztertu dute galdutako elikagai kopurua. Horrela, ikusi dute 311.588 tonatik %1,5 lehen mailako ekoizpenean galtzen direla; %9,5 hotel, jatetxe eta catering zerbitzuetan; %20,4 banaketa edo establezimenduetan; %23,4 transformazioan edo enpresetan; eta %44,7 etxebizitzetan. Etxeetan, beraz, 139.268 tona elikagai xahutzen dira urtero: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitza bakoitzean urtean 63,5 kilo elikagai galtzen dira. Hori horrela, ondorioztatu dute Araban herritar bakoitzak 1,31 kilo elikagai xahutzen dituela astero; Bizkaian, 1,19 kilo; eta Gipuzkoan, 1,20 kilo.

Neurketatik ekintzetara

Orozen arabera, «astakeria» bat da hainbeste elikagai xahutzea, eta iragarri du irailetik aurrera hasiko direla planteatzen egoerari aurre egiteko hartu daitezkeen neurriak. Izan ere, Arantxa Madariaga Elika fundazioko zuzendariak ohartarazi du egoera konpontzeko lan «handia» egin behar dela: «Ezin dugu martxan ez jartzeko luxua onartu».

Horrela, xahutzea murrizteko mekanismorik nagusiena prebentzioa dela azaldu du Madariagak, eta, prebenitzeko, neurketa zehatz bat egitea beharrezkoa dela gogorarazi, egoera zein den jakiteko. Horrez gain, adierazi du gizarte osoak duela erantzukizuna gai horretan, baina, era berean, herritar bakoitza dela konponbidearen parte. Horregatik, nabarmendu du beharrezkoa dela sistema osoan parte hartzen duten agenteek elkarren arteko «etengabeko» komunikazioa izatea.

NBE Nazio Batuen Erakundeak 12. Garapen Jasangarrirako Helburuan jasotzen duenez, 2030. urterako elikagaien xahutzea erdira murriztu beharko da. Bide horretan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hobetzeko tarte «handia» dagoela ohartarazi du Elikako zuzendariak, eta iragarri du hemendik lau urtera beste neurketa bat egiteko asmoa dutela. Besteak beste, neurketa horrek helburua lortzeko martxan jartzen diren ekintzen balorazioa egiteko balio izango du.

Urtarriletik aurrera, enpresek elikagai xahutzearekin lotutako neurri batzuk bete beharko dituzte, eta, besteak beste, elikagaiak kudeatzeko eta xahutzea murrizteko planak izan beharko dituzte. Madariagak azaldu duenez, neurri horiek betetzen lagunduko diete enpresei. Horrekin batera, azaldu du elikagaiak emateko sare solidario batzuetan ari direla lanean, eta zenbait elikagai giza elikadurarako nola berrerabili ikertzen ari direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.