AHT

Geroa Baik irmo dio ez duela onartuko 'euskal Y'-arekin lotura Gasteizen egitea

Koldo Martinez senatariak alderdi sozialistari aurpegiratu dio «jarrera aldatu» duela.

Koldo Martinez senatari autonomikoa. MIGUEL OSES / EFE
joxerra senar
2022ko uztailaren 28a
16:12
Entzun

Espainiako Gobernuak oraindik ez du erabaki non egingo den Nafarroako AHTaren eta euskal Y-aren arteko lotura, baina Geroa Baik argi du alderdi sozialistak Gasteizko aukera hobetsi duela. Hori horrela, Koldo Martinez senatari autonomikoak irmo salatu du koalizioak ez duela hori onartuko «inondik ere».

Gaia aztertzeko asmoz, ekaina amaieran Raquel Sanchez Espainiako Gobernuko Garraio ministroa biltzekoa zen Eusko Jaurlaritzako zein Nafarroako Gobernuko agintariekin, baina, azkenean, bilera irailera atzeratu dute.

Hori guztia ikusirik, Geroa Bai «kezkatuta» agertu da. Susmatzen du, Ezkioko aukera beharrean, Madrilek eta alderdi sozialistak Gasteizko aukera nahiago dutela. «Gasteizko aukeraren aldeko apustua ingurumenari eta Sakanako gizarteari eragindako orbain bat da, eta lurraldea erdibitzen du». Martinezek gaineratu du aukera horren alde eginez gero PSNk «aizkorakada» bat emango diola Nafarroako lurralde kohesioari eta garapen jasangarriari.

2018an, Mariano Rajoyren gobernuak txosten bat egin zuen, eta bost proposamen aztertu zituzten, bi norabidetan: Iruñetik Gasteizerantz, eta Iruñetik Ezkiorantz. Bost proposamenen artean, Gasteizera zihoazenetako bat hobetsi zuten. Haatik, informazioa jasotzeko prozesu bat ireki zen, eta 10.000 alegazio aurkeztu ziren. Ondoren, ingurumen eraginari buruzko adierazpena egitea espero zen, baina prozesu hura guztia gelditu egin zen. Hala egon da lau urteotan.

Ustez, Gasteizko aukera merkeagoa da, baina Jaurlaritzak Ezkiokoa nahiago du. Nafarroan, Geroa Baik eta Navarra Sumak defendatzen dute aukera hori, eta PSNk ez du iritzirik eman. Geroa Baik argudiatzen du Gasteizkoak ingurumenari «kalte handiagoa» eragingo diola. Aitzitik, AHTaren aurka diren parlamentuko taldeen ustez, bi aukerek egingo diote kalte handia ingurumenari. Talde ekologistek salatzen dute Ezkiokoak tunel luzeak aurreikusten dituela, eta inguruko ur baliabideak hondatuko dituela.

Ez da gobernuko bazkideen artean tentsioa sortzen den lehen aldia. Martinezek «argi eta garbi» exijitu dioPSNren menpeko Lurralde Kohesioko Departamenduari zehazteko zergatik aldatu duten jarrera. «Uste dugu Gasteizko aukera ez dela ona euskal Y-rekin lotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.