Katalunia

Kataluniako Justiziak Konstituzionalera eramango du murgiltze eredua bermatzeko legea

Salaketaren arabera, lege berriak «hizkuntzaren eta literaturaren irakaskuntzara» mugatzen du gaztelera. Auzitegiak leporatu dio Generalitateari %25eari buruzko epaia «blokeatu» izana.

Kataluniako murgiltze ereduaren aldeko manfestazio bat, apirilean. QUIQU GARCIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko uztailaren 28a
16:32
Entzun

Ez da amaitu Kataluniako murgiltze ereduaren auzibidea. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur iragarri du Konstituzionalera eramango duela Kataluniako Parlamentuak ekainean onartutako lege berria. Kataluniako Justiziak iritzi dio neurriak lehentasuna eman diola katalanari komunikazio hizkuntza gisara, «gaztelera baztertuz», eta uste du neurriak Autonomia Estatutua eta Konstituzioko hainbat artikulu urratzen dituela; besteak beste, hezkuntza eskubidea.

ERCk, JxCk, PSCk eta Comukoek adosturiko arauaren arabera, ikastetxe bakoitzaren behar pedagogikoen eta egoera soziolinguistikoaren arabera erabaki beharko dute katalanaren eta gazteleraren erabilera. Beraz, saihestu egiten du hizkuntza baten edo bestearen gutxieneko orduak zehaztea. Hala, auzitegiak egotzi dio Generalitateari irakastorduen %25 gazteleraz behar zutela zioen erabakia «blokeatu» izana. Epaiak horrela dio: «Epaia derrigor bete beharrean zirelako egin zuten urgentziako legediaren erabilera desegokia».

Auzitegiak egozten dio Generalitateari katalanari «lehentasuna» eman izana irakaskuntzan «komunikazio hizkuntza» gisara, eta gaztelaniaren erabilera mugatzen duela «hizkuntzaren eta literaturaren irakaskuntzara». Hala, hezkuntza lege berriak «oso bestelako murgiltze eredua» zehazten duela dio epaiak, «Konstituzioak jasotzen duen parekidetasuna urratuz». Horrez gain, salatzen du Generalitateak hizkuntzen erabilera ikastetxeen esku uzteak ezinezko egiten duela «hizkuntzen erabilerarako gutxieneko bermeak» ezartzea.

Fiskaltza eta Estatuaren abokatua bat etorri dira Konstituzionalera jotzearekin; baita Generalitatea bera ere, zeinaren arabera Justizia Auzitegiak murgiltze eredu berriaren inguruko zalantzak baditu egokiena baita Konstituzionalera eramatea, eta, modu horretan, Kataluniako Gobernuak hura defendatzeko aukera izango du.

ERC Esquerra Republicana, JxC Junts per Catalunya, PSC Kataluniako Sozialisten Alderdia eta Comu iragan maiatzaren 24an jarri ziren ados hezkuntza sistemaren inguruan. Irakastorduen %25 gazteleraz izateko Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aginduari erantzuteko ituna egin zuten lau indar politiko horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.