Lan istripuak

AHTaren lanetan larri zauritu zen langile bat hil da

Uztailaren 15ean zauritu zen behargina, Tafallan. LABek salatu du lan heriotza, eta azaldu du suteengatik hainbat jarduera geldirik zeudela istripua gertatu zenean.

AHT abiadura handiko trena eraikitzeko lanak, Azkoienen (Nafarroa), artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2022ko uztailaren 29a
14:33
Entzun

Lan heriotza baten berri eman du LAB sindikatuak: hil egin da uztailaren 15ean larri zauritu zen langile bat. AHT abiadura handiko trena eraikitzeko lanetan ari zela izan zuen lan istripua beharginak, Tafallan (Nafarroa). Hala, sindikatuaren arabera, 46 dira gutxienez aurten lanean hildakoak Euskal Herrian.

LABek doluminak helarazi dizkie senideei eta gertukoei, eta salatu du istripua gertatu zenean jarduera asko etenda zeudela; ez, ordea, AHTaren lanak. «Nafarroan hainbat sute larri zeuden bitartean eta jarduera asko geldirik zeudela, AHTaren arduradunek erabaki zuten jarduerarekin jarraitzea, langileak arrisku handiko bero baldintzetan lan egitera behartuz eta, ondorioz, lan istripu bat izateko aukerak biderkatuz», salatu du sindikatuak.

LABek gogora ekarri du, gainera, langile «ugari» hil direla jada AHTa eraikitzeko lanetan, «lan horiek egiteko lan baldintza eskasak agerian utziz». Azken istripu hori «serio eta sakon» ikertzeko eskatu du sindikatuak, baita «Euskal Herriko AHTaren obra guztiei segurtasun arloko auditoria bat» egiteko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.