ARRAUNA

Oriok kolpe sendoa eman du Getxon

Patxi Francesen taldeak Euskotren ligako bosgarren bandera irabazi du. Arraun Lagunak bigarren izan da, bi segundora; Tolosaldea hirugarren, hamahirura; eta Donostiarra laugarren, hamalaura.

jarraia216602.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 30a
18:38
Entzun

Erori eta jaiki. Horixe egin du gaur Oriok, Getxoko (Bizkaia) estropadan, Euskotren ligako zazpigarren jardunaldian. Patxi Francesen taldeak ligako bosgarren bandera irabazi du, eta, gisa horretara, oriotarrek Euskadiko Txapelketako arantzatxoa kentzea lortu dute, baita ligako sailkapen nagusian beste kolpe bat eman ere Donostia Arraun Lagunak-i. Juan Mari Etxaberenak bigarrenak izan dira, garaileengandik bi segundora. Hirugarren posturako lehian, Tolosaldea nagusitu zaio Donostiarrari.

Meteorologoek itsaso lasaia egongo zela iragarria zuten, metro erdiko olatuak. Dena den, naturaren beste aldagai batek, haizeak, eragozpen ugari jarri dizkie goren mailako lau ontziei; ipar-mendebaletik jotzen zuen, batez beste hamazazpi kilometroko abiaduran.

Estropada eremu klasikoan egin dute estropada, Portu Berrian. Semaforoa berde jarri orduko, txanpa bizian irten dira lau traineruak: Orio lehendabiziko kaletik; Donostiarra, bigarrenetik; Arraun Lagunak hirugarrenetik; eta Tolosaldea laugarrenetik. Behin arraunketa egonkortu dutenean, LugaƱene branka sartu nahian zebilen, eta Oriori segundo bat ateratzea lortu du. Juan Mari Etxaberenak, batez beste minutuko 34 arraunkadako erritmoan zihoazen; San Nikolas-eko eskifaia, berriz, zertxobait sarriago, minutuko 36 arraunkadako erritmoan.

Arraun Lagunak ziabogara lehendabizi heldu den arren, Nadeth Agirre Orioko patroiak ontzia estu biratu du, eta donostiarrak baino pare bat tosta lehenago irten dira oriotarrak. Atzean, berriz, Tolosaldea heldu da hirugarren postuan, zortzi segundora, eta Donostiarra hamarrera. Tolosarren traineruaren txopan Maialen Amondarain zihoan, Aiora Sorozabalen ordez.

Maniobraren ostean, Oriok bere arraunketan serio jarraitu du, luze-luze. Francesenek bi segundoren abantaila zuten Arraun Lagunak-ekiko. Agirrek datu hori jakin ostean, istribor aldera jotzea erabaki du; zerogarren kalean hondo gehiago zegoenez, itsaslaster handiago zuten alde, eta Orioko patroia nolabait abantaila horri zukua atera nahi zion.

Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia, aldiz, kondenatuta zegoen; Etxaberen kuadrilla laugarrenetik zihoanez, metro gehiago egin behar zituen istriborrera joateko. Zirt edo zart egiteko tenorea heldu zitzaion lemazainari. Bitartean, Orioko traineru horia airean zihoan, Arraunekiko aldea hiru segundora handitzeraino. LugaƱene-koek azken ahalegina egin dute oriotarrak harrapatzeko, baina ez da nahikoa izan. Garaipena horientzat izan da, eta bi segundo geroago helmugaratu da Arraun. Atzean, berriz, Tolosaldeak eta Donostiarrak buruz buruko lehia ederra izan dute, eta, amaieran, tolosarrak hirugarrenak izan dira.

Sailkapen nagusian, ligako titulua irabazteko lehian, Oriok lehen postua sendotu du, 26 punturekin, eta hiru punturen aldea ateratzen dio Arrauni. Donostiarrak hamabi puntu ditu, eta Tolosaldeak bederatzi. Bihar, Lekeition (Bizkaia) izango dute zortzigarren jardunaldiko estropada (11:40, ETB 1).

Getxoko bandera

1. Orio: 10.52,56

2. Donostia Arraun Lagunak: 2,34

3. Tolosaldea: 13,20

4. Donostiarra: 14,44

Sailkapen nagusia

1. Orio: 26 puntu

2. Donostia Arraun lagunak: 23 p.

3. Donostiarra: 12 p.

4. Tolosaldea: 9 p.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.