Indarkeria matxista

Baionan beste 33 emakumek salatu dituzte ziztadak

Festak hasi zirenetik 112k salatu dute zizt egin dietela. Azkenaldian salaketak izan dira Bilbon, Santurtzin, Etxebarrin, Zierbenan, Zarautzen, Villabonan, Gasteizen eta Azpeitian ere, eta Ertzaintza hamabi kasu ikertzen ari da.

Jaien aurretik, Algortako mugimendu feministak egindako agerraldia. GETXOKO ELKARREKIN PODEMOS
Paulo Ostolaza.
2022ko uztailaren 31
19:01
Entzun

Ziztada salaketak etengabe ari dira areagotzen Euskal Herrian. Baionako festetakoa da azken egunetako foku nagusia: Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren arabera, festak hasi zirenetik gutxienez 112 emakumek jakinarazi dute zizt egin dieten susmoa dutela. Bart gauean, 33 emakumek salatu zituzten ziztadak; lehen egunean, hamasei izan ziren; bigarrengoan, 24, eta herenegun, 39.

Baiona ez da, ordea, azkenaldian halako erasoak izan diren leku bakarra. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, azken bi asteetan gertatutako hamabi kasu ikertzen ari da Ertzaintza. Guztiak jaietan egindako erasoak izan dira, baina, adierazi duenez, ez da gai toxikorik aurkitu.

Dena den, osasun langileek baieztatu dute ziztadak izan direla. Hamabi kasu horiek Bilbon, Santurtzin, Etxebarrin, Zierbenan (Bizkaia), Zarautzen (Gipuzkoa) eta Gasteizen erregistratu dituzte. Azken orduetan, Azpeitian eta Villabonan ere (Gipuzkoa) izan dira salaketak.

Txosnak itxi

Horren aurrean, bart, tabernak eta txosnak itxi dituzte Villabonan. Han, gainera, sexu-abusu kasu bat ikertzen ere ari da Ertzaintza. Ostiral gauean jarri zuen salaketa biktimak, eta mugimendu feministak elkarretaratze bat egin du gaur. Zierbenan ere txosnak ixtea erabaki dute.

Azpeitian, berriz, bi neska artatu dituzte anbulatorioan. Segurtasun Sailak azaldu du ez dakitela zein den ziztaden helburua, eta ez dutela baztertzen hipotesirik.

Ziztadekin lotuta, Algortako mugimendu feministak ere elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean. Udalaren jarrera gaitzetsi zuen: «Hemen elkartzen gara erasoa jasan dutenen lekukotza zalantzan jartzen ez dugunok, Getxoko Udalak ez bezala». Azaldu zuten kasu batzuetan erasoen egileek ez dutela sumisio kimikoa helburu, baizik eta «beldurra» eragitea eta «segurtasunik ez den gune bihurtzea» jai eremua. «Sumisio kimikotik harago doaz ziztadak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.