Indarkeria matxista

Indarkeria matxistaren kontrako gidan sumisio kimikoaren atal bat gehitu du Eusko Jaurlaritzak

Dokumentuaren arabera, substantziak «edari batean isurita» edo «ziztaden bidez» ematen ahal dira.

Beatriz Artolazabal sailburua, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO
Isabel Jaurena.
2022ko abuztuaren 1a
12:35
Entzun

Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak, indarkeria matxistaren kontrako protokoloaren bertsio eguneratua aurkeztu du gaur, Gasteizen. Gidak sumisio kimikoaren atal bat izanen du hemendik aurrera, izan diren kasuek eragindako «kezkagatik».

Artolazabalen erranetan, Ertzaintza ikertzen ari da azken egunetan gertatutako hainbat ziztada kasu. Sailburuak azpimarratu du kasu horietako bakar batean ere ez dela substantzia toxikorik identifikatu. Horregatik, «ez dira jakin» ziztaden egileen asmoak. Gainera, adierazi du «beldurra» dela «mehatxurik handiena».

Protokoloaren arabera, sumisio kimikoa indarkeria matxistaren mota bat da. «Aldez aurretik pentsatutakoa» izan daiteke, biktima «ezgaitzeko». Gainera, azaldu du substantzia bi modutara ematen ahal dela: «edari batean isurita» edo «ziztaden bidez gorputzeko parteren batean». Hala ere, dokumentuan argitu dute ziztada egon arren ez duela zertan sumisio kimikorik egon. Gisa horretako kasuetan, «beldurra» hedatzea lortzen da.

Protokoloan, azaldu dute zer sintoma dituen emakume batek sumisio kimikoaren biktima izan bada: besteak beste, zorabiatzea, goitika edo goragalea, nahasketa eta ikusmen alterazioak. Horietako batzuek zerikusia dute alkoholaren eta drogen gehiegizko kontsumoaren sintomekin, baina, gidaren arabera, sumisio kimikoaren ondorioak «intentsitate handiagokoak» dira.

Horrekin batera, gomendio sorta bat bere biltzen dute gidan. Adibidez, ziztadaren bat nabarituz gero norbait abisatzea eta larrialdi zerbitzuetara deitzea. Gainera, aholkatzen da norbaitek ziztada sentitu eta gero bakarrik ez joatea inora. Sumisio kimikoaren ondorioz erasoak jasan dutela uste duten emakumeei ospitalera joatea gomendatzen zaie, eta Ertzaintzan salaketa jartzea.

Gida udalei, ostalaritzari, txosnen arduradunei eta festak antolatzen dituztenei begira egin dute. Helburua da “argibide zehatz batzuk” finkatzea. Artolazabalek azpimarratu du emakume guztiek dutela «aske izateko eskubidea». Gehitu du denen zeregina dela indarkeria horri «aurre egitea».

Ikusi gehiago:Ertzaintza hamabi ziztada kasu ikertzen ari da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.