Autogintza

Auto berrien salmentak %34,2 egin du behera Hegoaldean

Uztailean 2.222 auto matrikulatu dira, iaz hilabete berean baino 1.159 gutxiago. Urteko lehen zazpi hilabeteko datuei erreparatuz gero, iaz baino %17,5 gutxiago dira.

Saltzaile bat auto baten barne aldea erakusten. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko abuztuaren 1a
13:38
Entzun

Ez da urte ona izaten ari auto berrien salmentarako, eta, uztailean, joera hori nabarmenago egin da Hego Euskal Herrian. Iazko uztailarekin alderatuta, auto berrien matrikulazio datuak oso txarrak dira, heren bat gutxiago saldu baitira. Zehazki, %34,2 apaldu dira salmentak, Anfac, Faconauto eta Ganvam auto saltzaileen elkarteek emaniko datuen arabera. Iaz 3.381 auto berri saldu ziren uztailean; aurten, berriz, 2.222. Geografikoki gehiago zehazte aldera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %35,8 egin dute behera salmentek, eta Nafarroan, %26,7.

Uztaileko datuak urte osoan izandakoak baino okerragoak dira; izan ere, lehen zazpi hilabeteak alderatuz gero, aurten %17,5 auto berri gutxiago saldu dira. Iaz, 19.752 auto berri matrikulatu zituzten uztailaren 31ra arte; aurten, berriz, 16.284 izan dira: %17,5 gutxiago. Nafarroako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak antzekoak dira. Auto ereduari erreparatuz gero, diesel eta gasolina dira nagusi oraindik: %59,4; elektrikoak edo hibridoak, berriz, %40,6 izan dira.

Datuen balorazioa egiteko orduan, auto saltzaileen patronalak ez du ezkutatu bere ardura, uztaila hilabete ona izaten baita normalean, eta, aurten, joera erabat aldatu da. Analisian adierazi dutenez, mikrotxipen gabeziaren arazoa oraindik ez da konpondu, eta, auto ekoizpenak pixka bat goraka egin arren, oraindik asko itxaron behar da eskari jakin batzuk jasotzeko. Era berean, nabarmendu dute inflazioak eragina izan duela prezioan, familien erosahalmena apaldu duelako eta autoak %6 garestitu direlako aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.