Ikus-entzunezkoak

Amazon Prime Videok EITBren ikus-entzunezko hainbat produkzioren eskubideak eskuratu ditu

Go!azen eta Lain telefilmak eta zenbait dokumental jarriko ditu bere katalogoan Amazon Prime Videok.

'Go!azen' telefilma (2008). JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2022ko abuztuaren 1a
13:43
Entzun

EITBk eta Amazon Prime Videok lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur. Hartara, Prime Videok EITBren ikus-entzunezko hainbat produkzioren eskubideak eskuratu ditu, streaming zerbitzuan SVOD edo nahieran modalitatean hedatzeko. Bi aldeek oso baikortzat jo dute izenpetutako akordioa. «Euskal Irrati Telebistari leiho berri bat izateko aukera emango dio, bere edukiei zabalkunde eta irisgarritasun handiagoa emateko», azaldu dute EITBko iturriek.

Aliantza horri esker, askotariko ekoizpenak ikusi ahal izango dira Prime Videon, hala nola Go!azen gazteentzako telesail musikalaren filma (2008) eta Pablo Rivero eta Aitor Luna protagonista dituen Lain telefilma (2012).

ETBren zenbait dokumental ere badaude eskaintzan. Besteak beste, Hasier Etxeberriak zuzendu zuen Arzak, Aduriz, Arbelaitz, Berasategi eta Subijana euskal sukaldariei eskainitako dokumental saila dago eskuragai. Ahoan laztan dokumentalaz ere gozatu ahal izango da; ekoizpen horrek Eneko Atxa sukaldariaren sukaldaritza eta sorkuntza ditu ardatz.

Halaber, zabaldu eta ugaritu nahi den EITBren lehen eskaintza horretan, beste lan batzuk ere badaude: Kontxa: Pasioa eta garaipena, Kontxako Banderaren historia errepasatzen duen dokumentala; Bilbo denboran zehar, Felix Linaresek kontatutako hiriaren erradiografia, eta Amalurra, euskal natura biziari buruzko serie dokumental bat, fauna eta ekosistema naturalen irudi ikusgarriekin.

Jatorriz euskaraz diren ekoizpenak Amazon Prime Videon ere euskaraz ikusi ahalko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.