Enpresak

Siemens Gamesak 1.226 milioi euro galdu ditu azken bederatzi hilabeteetan

Salmentak %12 apaldu zaizkio, iazko aldiarekin konparatuz gero. Eskari zorroa leheneratzen ari delako zantzuak daude.

Siemens Gamesaren palak, Oesterildko portuan. ARN VAD JENSEN
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 2a
11:39
Entzun

2020an emaitza negatiboetan sartu zen Siemens Gamesa, eta oraindik egoerari buelta ezin emanik dago. 1.226 milioi euroren galerak izan ditu iazko urritik ekainera. Aurreko urteko epe bereko datuak hirukoiztu ditu —368 milioi galdu zituen—. Azken hilabeteetan, bizkar gainean dakartza hainbat zama: merkatua sendotu ez izana, hornidura katean atzerapenak egotea, eta lur gaineko parke eolikoen «erronkak». Horiek horrela, 446 milioi euro galdu ditu azken hiru hilabeteotan.

Salmentei erreparatuz gero, Zamudioko taldeari kostatzen ari zaio aurreko jardunaldiko martxa hartzea. Azken hiruhilekoan (apiriletik ekainera), 2.436 euroren salmentak izan ditu, aurreko aldian baino %10 gutxiago. Orain arteko jardunaldiko datuek ere (urritik hona) antzekoa erakusten dute: salmentak %12 jaitsi dira, 6.442 milioi euroraino. Konpainiak ez du zehaztu sektore bakoitzak zenbateko beherakada izan duen: zehazki, zerbitzuek, ur gaineko haize errotek (offshore) eta lur gainekoek (onshore). Dena dela, aurreko hiruhilekoan azken horiek apaldu ziren gehien, %43 —horra hor konpainiaren erronka—.

Eskari gehiago

Aurreikuspenek, ordea, beste zerbait diote: 3.523 milioi euroren eskariak gehitu zituzten eskari zorrora, apiriletik ekainera bitartean; hau da, aurreko urtean baino 2,3 bider gehiago. Horietatik 2.094 milioi ur gaineko haize errotak izan ziren (+%14,3); 1.068 milioi, lur gainekoak (+%27); eta 361 milioi, zerbitzuak (-%32). Gaur egun, 33.980 milioi euroko eskari zorroa du Siemens Gamesak.

Zor garbiak ere gorantz doaz Siemens Gamesarentzat. Ekainaren amaieran, 2.275 milioi euro zor zituen konpainiak. Jakinarazi duenez, 4.450 milioi eskuratzeko bidean da finantzaketaren bidez —jada 2.650 milioi jaso ditu—, eta 3.036 milioiko likidezia du gaur-gaurkoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.