AEB-ak

Kansas, abortatzeko eskubidea mantentzea onartu duen lehen estatua

Erreferendum bat egin dute han, eta hautesleen %60k bozkatu dute abortatu ahal izatearen alde. AEBetako Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubide konstituzionala ezabatu zuen ekainean.

Abortu eskubidearen aldeko protesta bat Los Angelesen (AEBak), uztailean. ETIENNE LAURENT / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko abuztuaren 3a
09:12
Entzun

Abortatzeko eskubidearen aldeko mugimenduak garaipen handia lortu du bart Kansasen (AEBak). Erreferendum bat egin dute abortatzeko eskubidea mantendu edo ez erabakitzeko, eta bozkatu dutenen %60k baino gehiagok eskubide horri eustearen alde egin dute. Emaitza garrantzitsua da: Kansas da AEBetan gisa horretako erreferendum bat egin duen lehen estatua, eta aurrekaria sor dezake datozen hilabeteetan beste estatu batzuetan egingo dituzten galdeketentzat. Emaitzak oihartzuna izan du herrialde osoan; porrot handia da errepublikanoentzat.

AEBetako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen abortatzeko eskubide konstituzionala ekainaren amaieran. Horren ondorioz, estatuei itzuli zien gai horri buruz erabakitzeko eskumena. Hala, litekeena da herrialdeko estatuen erdietan baino gehiagotan abortua debekatzea, ala haurdunaldia eteteko aukerak murriztea berandu baino lehen. Horietako batzuetan berehala jarri zuten indarrean debekua, Gorenaren epaiaren aurretik onartutako legeak baitzituzten zain; zehazki, bederatzi estatutan.

Besteak beste Kansasen, ordea, bozkatu egin behar zuten legea indarrean jarri aurretik. Han, gobernadore demokrata dute orain, baina tradizio errepublikanoa duen estatu bat da. Kontserbadoreek kontrolatzen dituzte hango fiskaltza eta estatu idazkaritza, eta presidentetzarako hauteskundeetan ere Donald Trump gailendu zen han. Ez zegoen argi, beraz, zein izango zen galdeketaren emaitza.

Legea onartu zenetik, Texasko, Oklahomako, Missouriko eta beste hainbat estatutako hainbat emakumek bidaiatu behar izan dute Kansasera abortatzeko; hori egin ahalko dute aurrerantzean ere, ekonomikoki posible badute behintzat.

Emaitzen berri izan bezain pronto, Joe Biden AEBetako presidenteak adierazpenak egin ditu: «Kansasko hautesleak inoiz baino gehiago mobilizatu dira gaur, AEBetako konstituzioa moldatzeko saiakera estremistei aurre egiteko. Aukeratzeko eskubidea kendu nahi diete emakumeei», esan du. «Galdeketak argi utzi du bagenekiena: estatubatuarren gehiengoa abortatzeko eskubidearen alde dago; emakumeek euren osasunaren inguruko erabaki propioak hartzearen alde, beraz. Kongresuak herritarren ahotsa entzun behar du, eta berriz onartu abortu eskubidea bermatzen zuen legea».

Kolpea

Iragarrita zegoen, baina Auzitegi Gorenak ekainean hartu zuen erabakia kolpe izugarria izan zen: Roe v. Wade abortu eskubidea bermatzen zuen 1973ko aurrekaria bertan behera utzi zuen. Bost epailek bozkatu zuten legea baliogabetzearen alde, eta lauk kontra —hiru epaile aurrerakoiekin batera bozkatu zuen magistratu kontserbadoreetako batek—.

Horrek berehala eragin zituen protestak herrialde osoan. Jendetzarik handienetakoa Auzitegi Gorenaren atarian bertan eta inguruko kaleetan bildu zen, Washington hiriburuan.

Legeak azkar izan zuen eragina: berehala itxi zituzten hainbat klinika, eta milaka emakume non eta noiz artatuko zituzten jakin gabe geratu ziren. Ordutik, manifestariek desobedientzia zibileko ekintza masiboak egin izan dituzte abortu eskubidearen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.