Finantzak

Laboral Kutxak 65 milioi euro irabazi ditu 2022aren lehen erdialdean

Herritarrei eta batez ere enpresei mailegu gehiago eman dizkie, eta bildutako aurrezkia handitu du.

Laboral Kutxaren egoitza nagusia, Arrasaten. LABORAL KUTXA
Iker Aranburu.
2022ko abuztuaren 3a
12:54
Entzun

Interes tasa handiagoen garaia baldintza onetan hasiko du Laboral Kutxak. Mondragon taldeko kreditu kooperatibak 65 milioi euro irabazi ditu 2022. urtearen lehen sei hilabeteetan, iazko epe horretan baino %25 gehiago.

Mozkinen hobekuntzaren zati bat zergen ordainketari dagokio: iaz, 61.511 milioi euroko irabazi gordinetik 9.684 milioi euro pagatu zituen zergetan; aurten %13,3 handitu du irabazi gordina (69.672 milioi), baina iazkoaren erdia baino gutxiago ordaindu dio ogasunari (4.656 milioi).

Beste faktore bat izan da Laboral Kutxak ematen dituen zerbitzuen komisioek irabazi handiagoa ekarri diotela: 58,2 milioi iaz, eta 64,2 milioi aurten (+10,3). Eragiketen komisioak baino gehiago, inbertsio funtsetan eta beste aurrezki moduetan egindako kontratazioengatik (+%12) jasotako komisioek izan dute pisua atal horretan.

Horrela konpentsatu dute banku negozio hutsaren emaitza eskasagoa. Izan ere, emandako maileguen interesei kenduz gero bezeroei bere aurrezkiaren truke emandako interesak, 121,2 milioi irabazi ditu Laboral Kutxak, iaz baino %1 gutxiago.

Berez, mailegu kopurua handitzen ari da. Guztira, 15.614 milioi euroren kredituak emanda dauzka Laboral Kutxak, iaz baino %3,4 gehiago. Hipoteken saldoa gutxi hazi da (+%0,9), baina gehiago handitu da kontsumorako kredituena (+%4), «batez ere pandemiak eragindako murrizketak amaitu direlako eta, ondorioz, kontsumorako joera handitu delako». Mailegu horien erdiak baino gehiago (%55) Dispon programaren barruan eman dira, hau da, bezero finkoek berehala eta tramite handirik gabe lortzen dituzten maileguak.

Ikusiko da zer gertatuko den urtearen bigarren erdian arlo horretan, inflazio handiaren ondorioz oso litekeena baita kontsumoa apaltzea.

Enpresen aldetik, berriz, ez da oraingoz uzkurdurarik: iazko lehen erdian baino %42 diru gehiago mailegatu die Laboral Kutxak enpresei.

Bulegoetako gastuak, gora

Kooperatibaren gastuak, berriz, %9 handitu dira, «bezeroen zerbitzu hobea eskaintzearren ordutegiak eta baliabideak zabaltzeko erabakia hartu delako». Adinekoen protesten ondorioz hartu zuten erabaki hori Laboral Kutxak eta beste banku gehienek.

Kapital aldetik oso sendo jarraitzen du Laboral Kutxak: CET1 parametroen arabera, %21,14ko kaudimena du, «eta lehen postuan jarraitzen du bere erreferentziazko merkatuan». Maileguen berankortasuna, berriz, %2,58 da, haren lehiakide gehienek dutenaren azpitik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.