Tenisa

Paula Badosa tenislariaren esanetan, «katalana berez ez da hizkuntza bat»

Elkarrizketa batean galdetu diote zenbat hizkuntza hitz egiten dituen, eta hala erantzun du tenislari ezagunak: «Gaztelania, katalana —berez ez da hizkuntza bat, baina zenbatzen dut hala ere— eta ingelesa». Tenislariak esan du sentitzen duela bere hitzak «gaizki ulertu» izana.

Paula Badosa, uztailean, Wimbledongo txapelketan. ANDY RAIN / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 3a
16:16
Entzun

Sare sozialak borborka jarri ditu Paula Badosa tenis jokalariak katalanari buruzko adierazpen batzuekin. Esan du katalana ez dela «hizkuntza bat berez», Lawn Tennis Association (LTA) Britainia Handiko tenisaren gobernu organo nazionalak egindako elkarrizketa batean. Berehala iritsi dira Badosaren hitzak gaitzesten zituztenen erantzunak. «Lotsatzeko modukoa», eta «ezjakintasun izugarriaren adibide» dela esan dute hainbat erabiltzailek. Ordu batzuetara, tenislariak esan du sentitzen duela bere hitzak «gaizki ulertu» izana.

Plataforma per la Llengua erakundeak ere bidali dio mezu bat Badosari: «Noski, katalana hizkuntza bat da, Paula Badossa: erabat harro egon zaitezke! Mundu osoan erreferente linguistiko izatera animatzen zaitugu: hamar miloi katalan hiztunetatik, asko izango dira zure jarraitzaileak, ziur!».

Badosa (1997) New Yorken jaio bazen ere, guraso katalanak ditu, eta Herrialde Katalanetan bizi izan da bizitza osoan. Elkarrizketan zenbat hizkuntza hitz egiten dituen galdetu diotenean, «gaztelania, katalana —berez ez da hizkuntza bat, baina zenbatzen dut hala ere— eta ingelesa», erantzun du tenislariak.

Ez da Badosaren jokaera kritikatzen den lehen aldia. Joan den udazkenean, Indian Wellseko txapelketa irabazi ondoren, Espainiako hedabideei soilik eman zizkien elkarrizketak, eta hedabide katalanak albo batera utzi zituen. Jordi Baste El Mundo en RAC1 saioko aurkezleak azaldu zuenez, katea «arrakastarik gabe saiatu zen» harekin hitz egiten; «hala ere Ser, COPE eta Radio Nacional de España irratietan entzun genuen».

Hala ere, azkenean Badosak elkarrizketa bat eman zion Aleix Parise RAC1eko Tú DIÁS saioko aurkezleari, polemikagatik barkamena eskatu baitzuen. Parisek jakinarazi zuen beraien asmoa «ez zela izan sortu den zalaparta» sortzea. Bestalde, tenislariak erantzun zuen hedabide katalanak beti «oso ondo artatu» dituela eta ez zela iristen «hedabide guztiei arreta ematera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.