Karabakh Garaia

Hiru soldadu hil dituzte Karabakh Garaian

Stepanakerteko agintariek Azerbaijani leporatu diote erasoaldia, eta Bakuk salatu du Armeniak urratu duela 2020ko su etena.

Bi polizia Stepanakert hirian, artxiboko argazki batean. AVEDIS HADJIAN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 3a
20:09
Entzun

Ez dago batere argi nork hasi duen erasoaldia, ez eta ere nola gertatu den. Karabakh Garaiko Errepublikako presidente Araik Harutiunianek Azerbaijani leporatu dio bi militar hil eta beste hamalau zauritu izana. Hala, lurralde autonomoko estatuburuak iragarri du tropak mobilizatuko dituztela. Aldiz, Bakuk ukatu egin du «Azerbaijango eremuan dauden legez kanpoko soldadu armeniarren aurka» jo izana; aldiz, salatu du armeniarrek hil dutela militar azerbaijandarra. «Erasoari erantzuteko» Mendekua operazioa jarri du abian Bakuk, eta Karabakh Garaiko hainbat eremu hartu ditu indarrez.

Azerbaijanen menpe dago ofizialki Karabakh Garaia, baina gehiengo armeniarra du, eta de facto independentea da, nahiz eta nazioarteko herrialde bakar batek ere halakorik onartu ez. Armeniak berak, errepublika babesten duen arren, ez dio nazio izaera aitortu. Bi estatuak 1918tik ari dira eskualdearen gaineko erabateko kontrola lortu nahian, zehazki Errusiarekiko independentzia lortu zutenetik. 1920ko hamarraldiaren hasieran, Sobietar Batasunak bere agintea ezarri zuen Karabakh Garaian, eta eskualdea Azerbaijanen menpe geratu zen, nahiz eta erabakiak Moskutik hartzen ziren eta lurraldeak autonomia zuen. 1988an, baina, gobernu autonomoak erreferendum bat egin zuen eskualdea Armeniako Errepublikaren menpeko bilaka zedin, eta baiezkoak irabazi zuen. Azerbaijango Gobernuak eta Moskuk ez zuten onartu emaitza.

202ko irailaren amaieran lehertu zen azkenengoz bi estatuen arteko gatazka. Ordu hartan, Nazio Batuen Erakundearen arabera, mila hildako baino gehiago izan ziren, eta milaka ilagunek utzi behar izan zituzten beren etxeak borroken ondorioz. Borrokak azaroan amaitu ziren, Errusiaren bitartekaritzarekin bi aldeek su etena sinatu baitzuten. Akordio hartan, Armenia irten zen galtzaile, Azerbaijanen itzuli behar izan baitzizkioten hainbat eskualde: besteak beste, Aghdam, Gasakh, Kelbajar eta Lachin.

Hain zuzen ere, Lachinetik gertu piztu dira borrokak, Berdzor herrian —handik igarotzen da Lachingo korridorea,Karabakh Garaia eta Armenia lotzen dituena—. 202ko azaroan sinatutako bake akordioaren arabera, bi aldeek korridore hori berreraikitzeko plana adostu behar dute hiru urteko epean. Ordea, Harutiunianen esanetan, azken erasoaldiaren ostean «zentzugabea» da Bakurekin negoziazio mahaian esertzea.

Oso bestelakoa da, Bakuren azalpena. Azerbaijango Defentsa Ministerioak onartu du Karabakh Garaiko hainbat eremu okupatu izana, baina salatu du Armeniako tropak ahalegindu direla Lachingo korridorearen gaineko kontrola bereganatzen —Errusiako tropen zaintzapean dago korridorea 2020ko azarotik—. Bakuk nabarmendu du lehendik ere salatu zuela militar armeniarrak zeudela inguruetan, eta hori «etengabeko arrisku iturria» dela, eta ohartarazi du «edozein probokaziori are gogorrago» erantzungo diotela.

Aurreko borroketan bitartekari lanak egin zituen Moskuk, berriz, Erevanen aldeko jarrera hartu du, eta Azerbaijani egotzi dio su etena urratu izana. Aldi berean, Defentsa Ministerioak iragarri du hasiak dituztela elkarrizketak «tentsioa baretzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.