TXINA

Munduko tenperaturen batezbestekotik gora igotzen ari dira Txinakoak

Pekinek ohartarazi du azkeneko 70 urteetan batez beste 0,15 gradu igo direla munduko tenperaturak, eta Txinakoak, berriz, 0,26

Emakume bat kopetatik izerdia kentzen, joan den uztailean, Shanghain. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abuztuaren 4a
12:58
Entzun

Txinako tenperaturak munduko batezbestekotik gora igotzen ari dira azkeneko 70 urteotan, eta etorkizunean ere gainetik egongo dira, klima larrialdiaren arazoak areagotu ahala. Ohartarazpen hori egin du Pekinek, asteon argitaratutako klimari buruzko urteroko azterketan. Klimaren Zentro Nazionaleko zuzendariorde Yuan Jiashuangen arabera, 1951az geroztik munduko tenperaturak batez beste 0,15 gradu igo dira, eta Txinakoak, berriz, 0,26. «Etorkizunean, tenperatura igoeren batezbestekoak mundukoak baino altuagoak izango dira Txinan».

Adierazi du horrek baliabide hidrikoen orekari eragingo diola, berekin ekarriko duela ekosistemak zaurgarriagoak izatea, eta uzten errendimendua murriztuko duela. Txinan 44 graduraino igo dira tenperaturak azken asteetan bai hego-ekialdean, bai iparraldean. Tenperaturak neurtzeko 131 puntutan marka historikoak hautsi dituzte; iaz 62tan gertatu zen hori. Gainera, itsasoko urak 1980az geroztiko mailarik gorenean zeuden iaz, txostenean jaso dutenez. Glaziarren urtzea ere areagotu egin zela nabarmendu du.

Klima larrialdia larritzeak bero bolada luzeak eragin ditu munduan, eta, ondorioz, suteak gehitu egin dira, baita lehorteak ere, eta uholdeak. Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak joan den hilabetean adierazi zuen «herrialde bakar bat ere» ez dagoela klima larrialditik salbu, eta «ekintza kolektiboaren edo suizidio kolektiboaren artean» aukeratu behar duela munduak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.