PALESTINA

Israelek ohartarazi du ez duela Gazako erasoaldia eteteko asmorik

Jada 24 dira hildakoak bi egunetan, tartean sei ume, eta 125 inguru zaurituak. Jihad Islamikoak suziriak jaurtiz erantzun du. Su eten proposamen bat egin die Egiptok bi aldeei.

Israelek azken orduetan Gazan hasitako erasoaldiaren ondorioz txikitutako eraikinetako bat. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abuztuaren 6a
17:41
Entzun

Israelgo armada Gaza bonbardatzen hasi zen atzo, eta gaur ohartarazi du oraingoz ez duela asmorik Jihad Islamikoaren aurkako Egunsentia operazioa eteteko. Esan eta egin. Iluntzean Jabaliatik iritsi da azken ordukoa: bost herritar hil dituzte, Al Jazeera hedabidearen arabera, horietarik hiru umeak. Dagoeneko sei dira hil dituzten haurrak. Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 24 dira bi egunetan hildakoak, eta zaurituak, 125 inguru. 40 familiak alde egin behar izan dute euren etxeetatik, Nazio Batuen Erakundeak azaldu duenez. Israelek Jihad Islamikoari egotzi zion Jabalian gertatutakoa.

Jihad Islamikoak erantzun du Israelera suziriak jaurtiz eta horietako batzuk Tel Avivera ere zuzenduz. Israelen iritziz 200 inguru jaurti ditu, baina Al-Quds miliziaren —Jihad Islamikoaren adar militarra da— esanetan 60 izan dira. Hiru pertsona zauritu dituzten arren, Israelgo iturri ofizialek jakinarazi dute suziri gehienak neutralizatu dituztela.

Iazko maiatzeko gerratik ez da gatazka larriegirik egon Gazan. Joan den urtekoak bi aste inguru iraun zuen eta 256 pertsona hil ziren Gazan eta hamalau Israelen. Atzo hasitako borrokak datoz Zisjordanian Israelek okupatutako eremuetan izandako erasoen ondoren. Sarekada bat egin zuen armadak astelehenean, eta Bassam al-Saadi Jihad Islamikoko buruzagia atxilotu zuen. Hasi duen erasoaldia justifikatu zuen atzo Tel Avivek, esanez «prebentiboa» dela, iruditzen zaiolako atxiloketa horrengatik mendekua bilatzeko eta erasora jotzeko asmoa zuela erakunde islamistak.

Gerra hotsak entzun daitezke Gazan, aintzat hartuta alde bateko zein besteko buruzagiek diotena. «Israelek ez du gatazka luzatu nahi, baina beldurtu ere ez da egingo», adierazi zuen Yair Lapid Israego lehen ministroak atzo gauean, telebistan emandako diskurtso batean. Israelgo hedabideek kaleratu dutenez, astebeteko iraupena izan dezakeen erasoaldi baterako prestatzen ari da armada. Gantz instalazio militar batera joan da gaur, eta azpimarratu du Jihad Islamikoari «min handia» egingo diotela. Tel Avivek esan du goizaldean Jihad Islamikoko hemeretzi militante atxilotu dituela Zisjordanian.

Hamas mugimendu islamistak kontrolatzen du Gaza 2007tik, Jihad Islamikoarekin lotura estua du, eta ohar baten bidez jakinarazi du «erresistentzia» bat eginda dagoela «bere armekin eta fakzio militarrekin», eta «azken hitza» izango duela. Jihad Islamikoko kide batek Reuters berri agentziari azaldu dionez, ez da «su etenerako» unea, «erresistentziarakoa» baizik.

Israelen eta Gazako talde armatuen arteko bitartekaria izan da historikoki Egipto, eta su eten bat adosteko proposamena egin die bi aldeei. Egiptoko iturri militarrek adierazi diote DPA berri agentziari negoziatzaile talde bat Gazara eta Israelera joateko pronto dagoela. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere bere burua eskaini du bi aldeen arteko bitartekari izateko. Tor Wennesland NBEren Ekialde Hurbilerako mandatariak esan zuen, atzo, «inplikatuta dauden alde guztiekin konprometituta» dagoela gatazka berri bat eragozteko.

«Erresistentzia islamikoa»

Israelgo Estatuaren etsaia da Iran, eta, hala, Teheranen babesa dute Hamasek eta Jihad Islamikoak. Hori dela eta, Palestinako talde armatuaren idazkari nagusi Ziad Al-Nakhalah Irango Guardia Iraultzaileko buru Hossein Salamirekin batzartu da, gaur, Teheranen. «Erresistentzia islamiko palestinarraren erantzun azkarrak erakusten du, zalantzarik gabe, aro berri bat hasi dela erresistentziak agintea har dezan», adierazi du Salamik. Bide batez, Tel Avivi ohartarazi dio egindakoagatik «ordainduko» duela. Gantzek erantzun dio haiek ere «kontua» ordaindu beharko dutela.

Al-Nakhalah pozik agertu da «erresistentzia islamikoak» eduki duelako «garapen oso on eta eraginkor bat» eremu militarrean. «Baldintza oso onetan gaude, eta erregimen sionistaren edozein erasori modu egokian erantzun diezaiokegu».

Nazioartetik, bestalde, neurritasunez jokatzera deitu dituzte alde guztiak. Errusiako Atzerri ministro Maria Zakharovak eskatu die berriro ezar dezatela «su eten jasangarri bat». Eta EBko Atzerriko Ekintzarako Zerbitzuak adierazi du, ohar baten bidez, «ahal den guztia» egin behar dela «gatazka handiago bat» saihesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.