Albistea entzun

Elon Musk

Zientzia fikziozko kapitalismoa

Forbes zerrendaren arabera, munduko pertsonarik aberatsena da Elon Musk. Auto elektrikoen Tesla konpainia da haren enpresa nagusia, baina, horregatik baino gehiago, ideiak saltzeagatik egin da famatu. Esan ohi da kapitalismoak jauzi berri bat egin duela Muskekin.

Elon Musken adierazpenak eta hark abiatutako egitasmoak polemika iturri izaten dira maiz.
Elon Musken adierazpenak eta hark abiatutako egitasmoak polemika iturri izaten dira maiz. ALEXANDER BECHER / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2022ko abuztuak 10

Superaberatsen artean, hura da «ameslaririk handiena». Edo hala diote, bederen, Elon Musken (Pretoria, Hegoafrika, 1971) biografia gehienek. Batzuentzat, «etorkizuna aurreikusten duena» (titulu hori du haren biografia ofizialak); beste batzuentzat, ke saltzailea. Baina, beste ezeren gainetik, haren xede nagusia dirua egitea da. «Irabazi, arriskatzeko», berak esatea atsegin duen moduan. Ez alferrik, munduko pertsonarik aberatsena da, Forbes zerrendaren arabera. Eta 2021ean Time aldizkariak «urteko pertsona» izendatu zuen.

Musk ez da rara avis bat superaberatsen artean, berak irudi hori eman nahi duen arren. Baina baditu bere berezitasunak. Pertsonaiarik publikoena da, gaia edozein delarik ere bere iritzia emateko zalea, bereziki sare sozialetan. Izan itxura sakoneko hausnarketak, izan iruzkin hutsalak, izan munduari bira ematen dioten iritzi polemikoak.

Enpresaburu gisa, hainbeste miresten duen zientzia fikziozko nobela batetik ateratako pertsonaia baten irudia eman nahi du, beste inork ez dituen ideiak gauzatzeko superbotereak dituen batena. Ziur da bere «asmakizunak» gizadiaren mesederako direla, lurraren suntsipen ekologikoa saihesteko, roboten gehiegizko botereari aurre egiteko... Eta horregatik ez du ekintza filantropikorik egiten, gainerako dirudun handiek hain gustuko duten moduan.

«Gezurti patologiko bat da, atentzio bilatzaile etsi bat, zorakerien saltzaile bat», adierazi du Bill Gatesek 

Haren arerioek, baina, «zerga iruzurgile profesionala» izatea leporatzen diote; arrazista eta sexista, bere langileen eta bere esperimentuetarako erabiltzen dituen animalien eskubideei inolako errespeturik ez diena. «Gezurti patologiko bat da, atentzio bilatzaile etsi bat, zorakerien saltzaile bat»; izenondo horiek eta beste hainbat erabili dituzte Bill Gatesek eta enparauek haren aurka egiteko. Baina enpresari hegoafrikarrarekin liluratuta daudenak ere badaude, eta asko gainera, bere egitasmoak aurrera eramateko lortu dituen milaka milioiko finantzaketa publiko eta pribatuek erakusten dutenez.

Amets amerikarra 5.0

2003. urtean, Tesla konpainia sortu zuenean, inor gutxik pentsa zezakeen gidaririk gabeko auto elektrikoetan. Gauza bera gertatu zitzaion 1990eko hamarkadan, Internet bidez ordainketak egiteko sistema martxan jarri zuenean —X.com, geroago Paypal—. Gaur egun, beste amets bat du begiz joa: 2050. urtea baino lehen gizakiek Martera bidaiak egitea —Space X enpresa sortu du horretarako—.

Elon Musk bere amarekin aurtengo maiatzean, New Yorken
Elon Musk bere amarekin aurtengo maiatzean, New Yorken. JUSTIN LANE / EFE

Halako biografietan ohikoa denez, oso gazte zela hasi zen negozioak egiten. 12 urterekin, berak egindako bideo jolas bat saldu zuen 425 euroren truke. Gaur egun, 2802.000 milioi euroko ondasuna du. Haren familiak dirua egin zuen Afrikan, diamante meatzeetan. Baina biografoek diotenez, ez zuen haurtzaro goxoa izan: ume bakartia zen, zientzia fikziozko liburuetara emana; berak kontatu duenez, gainerako haurrek jazarri egin zioten horregatik, eta horrek markatu omen du haren izaera. «Hura ezagutu dutenek diote pertsona ziztrin, anker eta harroputza dela, bereziki desafiatuta sentitzen denean», idatzi zuen Ashlee Vence biografoak.

Hegoafrikan jaio, eta, 18 urterekin, Kanadara ihes egin zuen. Fisikako eta Ekonomiako doktoretza egin zuen AEBetan, eta berehala sortu zuen bere lehen enpresa arrakastatsua, 1995ean: Zip2, Interneteko egunkarientzako softwarea egiten zuen konpainia bat. Aitak utzitako diruarekin hasi ziren Musk anaiak, 28.000 eurorekin, eta, lau urte geroago, 307 milioirengatik saldu zuten. Diru horrekin, online bankara egin zuen jauzia, X.com-ekin. 2002an, eBayk erosi zuen Paypal, 1.500 milioi euro ordainduta. Jasotako dirutzarekin, bi enpresa sortu zituen Muskek: Solar City eguzki energiarako sistemen hornitzailea eta Tesla auto elektrikoen fabrikatzailea. Konpainia horien arrakastak, azkenean, superaberatsen klubean sartzea ahalbidetu zion.

Baina salmentengatik izango balitz, aspaldi itxita egon beharko luke Teslak. 800.000 auto merkaturatu zituen iaz; Volkswagenek, hamar milioi. Baina lehenak bigarrenak baino balio handiagoa du burtsan. Zergatik? Tesla auto ekoizle bat baino gehiago da: konpainia teknologiko bat da. Haren fabrikarik handienak ez dira autoak ekoizteko, bateriak egiteko baizik: aurten bere lehen gigafaktoria inauguratu du Europan, Alemanian, eta Txinan aurki bigarrena eraikitzeko asmoa agertu du. Teslaren egitekoa ez da autoak saltzea, I+Ga baizik.

Haren enpresen balioa ideietan dago. Zenbat eta eroagoa, orduan ete garestiagoa. Space X Martera bidaiak egiteko konpainiak, adibidez, 33.000 milioi euroko balioa du gaur egun. Eta zer egin du orain arte? 2018an, Tesla auto bat jaurti zuen espaziora —han jarraitzen du oraindik—.

 

Musken enpresetan lan egitea «infernua» dela salatu dute haren langileek, eta salaketak jarri izan dizkiote arrazakeriagatik

Haren enpresa guztiak kontuan hartuz, Muskek 100.000tik gora langile ditu beretzat lanean. 2018an, Wired aldizkariak «infernu» baten gisa deskribatu zuen haren lantegietako lan giroa. Langileak nahierara kaleratzeagatik, arrazakeriagatik eta sexu jazarpenagatik ikertu eta zigortu izan dute Musk. «Inguruko jendeak beldur dio, eta berak beldur dio egia esateari. Langileak mugara eramaten ditu. Ordutegirik gabe lanean, gau eta egun. Egun batean gauzak ondo egin ditzakezu, eta heroitzat hartzen zaitu. Baina hurrengoan huts egiten baduzu edo berak ezarritako helburuak betetzen ez badituzu, kaleratu edo tratu txarrak eman diezazkizuke», adierazi zuen Teslako ingeniari batek, Vancek idatzitako biografian.

Twitter sare soziala erostea izan da Musken azken «erokeria». 44.000 milioi euro jartzeko prest zegoela esan zuen, baina azkenean atzera egin du, eta baliteke 1.000 milioiko isuna ordaintzea horregatik. Ikusteko dago zer gertatuko den azkenean, eta zein diren Musken benetako asmoak. Izan ere, hori baita haren ideien eta abiatu dituen proiektu gehienen misterio nagusia.

Marteraino eta harago

Dirudunak, guruak. Aitzindariak, ameslariak, ekintzaileak... Lezio emaile ugari daude aberatsen artean, eta are gehiago dira teknologia berriekin sortutako enpresa erraldoietan. 

Irune Lasa

Marten hil nahi luke Elon Muskek. Teslaren sortzailea lotsagabeago agertu ohi da Bill Gates, Jeff Bezos eta teknologiei eta sare sozialei lotutako beste aberatsak baino. Sarriago hitz egiten, txiokatzen du, eta formaltasun gutxiagorekin. Eta horrekin, argi eta garbi ikusten da zer pentsatzen duen Muskek bere buruaz —eta besteez—.

Iaz esan zuen harrituko litzatekeela «bost urteren buruan» SpaceX Marteratzea. Halako iragarpen ahoberoengatik ezaguna da Teslaren sortzailea, eta urteak daramatza Marteri buruzkoekin; burmuinean ezarriko diren txipak iragartzen; giza adimenaren eta adimen artifizialaren sinbiosia izango diren ziborgez hitz egiten...

2018ko otsailean  Muskek espazioratu zuen autoaren argazkia.

Ez baitu bere burua handi-mandi diletante gisa ikusten. Bera ameslaria da, ekintzailea, esploratzailea, buruargia, mundua eta etorkizuna aldatuko dituen aitzindaria. Zerbait ezberdina, hobeagoa ez esatearren.

Edonola ere, mundutik aura balute bezala ibiltzen diren guru ustekoak ez dira gutxi enpresa teknologiko handi arrakastatsuen buruzagitzetan eta munduko aberatsenen Forbes zerrenda ezagunean.

 

Mundutik aura balute bezala ibiltzen diren guru ustekoak ez dira gutxi enpresa teknologiko arrakastatsuen buruzagitzetan

Transhumanismoak edo posthumanismoak baditu jarraitzaileak zerrenda horretan; eta badaude Ayn Rand (1905-1982) idazlearen zaleak ere, zeinak libertarianismoaren, nagusitasunaren eta berekoikeriaren gorazarrea egiten baitzuen.

Elon Muskek behin baino gehiagotan aipatu izan du Rand; Appleren sortzaile Steve Jobs ezagunarentzat inspirazioa izan omen ziren haren liburuak; PayPalen sortzaile Peter Thiel ere Randen mireslea da. Uberreko buruzagi Travis Kalanick, Twitterren fundatzaile Jack Dorsey...

Elon Muskek Ayn Rand aipatu izan du; Appleren sortzaile Steve Jobsentzat, inspirazio izan omen ziren haren liburuak

Ayn Randek estatu ahalik eta txikiena eta laissez faire-a defenditzen zituen neoliberalismoaren hasieran, eta jarraitzaile dezente izan zituen 1980ko urteetan. Gero, berriz ere, Rand ideien itzala antzeman zitekeen Donald Trump Etxe Zurira eramango zuen mugimenduan, eta Trumpek berak aitortu izan du haren mireslea dela.

Enpresa teknologikoei lotutako aberatsek, orain, beste begirada batekin ulertzen dute Randen filosofia. Vanity Fair aldizkariak 2016an dirudun haiei buruz egindako artikulu batean esplikatzen zuen zergatik. «Muinean, Randen filosofiak iradokitzen du ondo dagoela berekoia izatea, zikoitza eta interesatua izatea negozioetan batez ere. Kosta ahala kosta irabazteko mentalitate hori da gizarteko arauak aldatzearen prezioa». Aitzindaritzaren ardura.

Elon Musk.

Zenbakia. 100. Twitterreko jarraitzaileak, milioitan. Ekain amaieran, 100 milioi jarraitzaileren langa gainditu zuen Muskek. Sare sozial horretan dauden kontuen %30 inguru dira. Jarraitzaile gehien dutenetan seigarrena da.

Enpresak. Tesla, Solar City, Space X, Opena AI, Neuralink, The Boring Company eta The Musk Foundation. 

Esaldia. «Lurreko gobernuek ez dute autoritaterik izango Marten. Autogobernuak eta demokrazia zuzenak gidatuko dute planeta». The Verge aldizkaria, 2016an

Ondasun bat. James Bonden autoa. 'The Spy Who Loved Me' filmean azaltzen den itsaspeko autoa erosi zuen Muskek 2013. urtean, 100.000 eurorengatik. Hegazkin ugari ere baditu.

Bitxikeria. Lagunen etxeetan bizi da. Aurten jakinarazi duenez, bere etxebizitza guztiak saldu ditu, 45.000 euro balio duen aurrez fabrikatutako 35 metro koadroko bat izan ezik. Han bizi dira haren emazte ohia eta bi seme-alaba.

Iritzi politiko bat. Erdi eta erdi. Muskek «erdi demokratatzat eta erdi errepublikanotzat» dauka bere burua: «Erdibideko punturen batean nago: sozialki liberala, eta fiskalki kontserbadorea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elisabeth Borne, Frantziako lehen ministroa, artxiboko irudian. ©SARAH MEYSSONNIER / EFE

Bi urtetan energia kontsumoa %10 murriztea helburu Frantzian

Irune Lasa

Neurritasun energetikorako plana aurkeztu du Frantziako Gobernuak, eta jarrera aldaketa eskatu die herritarrei, inor behartu gabe argindar eta gas kontsumoa murrizteko. Berokuntza 19 gradutara mugatzea da neurri nagusia.

Greba deialdiaren berri ematen duten afixak. ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Akordiorik ezean Bizkaiko metalgintzako grebak luzatuko direla iragarri dute

Imanol Magro Eizmendi

CCOO, LAB eta UGT borroka luzatzeko prest daude, baina hil bukaerako lanuzteen ondoren erabakiko dute nola. ELArekin harremanetan jarraitzen dute.

Mitxel Lakuntza eta Mikel Noval, gaur, Bilbon. ©ELA

ELAk uste du inoiz baino premiazkoagoa dela zerga erreforma bat

Iker Aranburu

Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta aldundiak kritikatu ditu kapitalaren gaineko zergak handitu nahi ez dituztelako.

Kamioi bat AP-8 autobideko bidesari batean. ©Gari Garaialde / Foku

Bizkaiko AP-8a eta Supersurra %10 merkeagoak izango dira kamioientzat

Jokin Sagarzazu

Horrez gain, erabilera maiztasunaren araberako deskontuak %13rainokoak izango dira, eta motor alternatiboak erabiltzen dituzten kamioiek %25ekoa izango dute gehienez. Aldundiak 5,5 milioi gutxiago jasoko ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.