Klima larrialdia

AEBetako Senatuak klima larrialdiaren aurkako lege proiektua onartu du

Testuan jasotako neurri guztiak betetzen badira, %40 gutxituko lirateke isuriak 2030erako. Ordezkarien Ganberan azken baiezkoa jasotzea espero da, Joe Bidenek lege egin ahal izateko.

AEBetako presidenteorde Kamala Harris, Senatuko bozketa egin berritan. MICHAEL REYNOLDS, EFE
Lide Iraola.
2022ko abuztuaren 8a
18:34
Entzun

AEB Amerikako Estatu Batuetako Senatuak atzo onartu zuen Inflazioa Murrizteko Lege Proiektua, zeinak klima larrialdiaren aurkako neurriak jasotzen dituen, trantsizio energetikoaren alde egiteko. Senatuak onartu ostean, Ordezkarien Ganberan bozkatuko dute aste honetan; han gehiengoa dute demokratek, eta, beraz, aurrera egingo duela espero da. Hori litzateke azken urratsa Joe Biden AEBetako presidenteak proiektua lege egin ahal izateko.

Legea indarrean sartuz gero, AEBek 362.000 milioi euro jarriko dituzte berotegi efektua eragiten duten gasak murrizteko eta energia berriztagarrietan inbertitzeko. Besteak beste, kutsadura gutxiagoko teknologiak bultzatu nahi dituzte, kotxe elektrikoak esaterako, baita energia gutxiago kontsumitzeko estrategiak garatu ere. Ikerketek aurreikusi dute jasotako neurriak betez gero 2030. urterako gas isuriak %40 murriztuko dituztela, Bidenen hasierako helburua %50 jaistea bazen ere.

Klima larrialdiaren aurkako inbertsioez gain, botikak merkatzeko egitasmo bat ere jasotzen du lege proiektuak, bereziki Medicareko erabiltzaileentzat. Haren onuradunek urtean 2.000 euro ordainduko dituzte gehienez botikengatik; beraz, gehienbat gaixotasun kronikoak edo larriak dituztenei eragingo lieke neurriak. Hortaz gain, Medicare programari eskumena emango dio botika enpresa handiekin prezioak negoziatzeko. Hala ere, aukera hori ez da botika guztietara zabalduko, eta 2026an jarriko da indarrean; beraz, ez lituzke berehala apalduko prezioak. Inflazioa AEBetan azken lau hamarkadetan izan den altuena da.

Politika berriak finantzatzeko, lege proiektuak %15eko gutxieneko zerga ezartzen die mila milioi dolar baino gehiagoren irabaziak dituzten enpresei. Orotara, 726.000 milioi euroren bueltan biltzea espero du gobernuak. Plan horrekin, trantsizio energetikoan inbertitzeaz gain, defizit publikoa 300.000 milioi dolar inguru jaitsi nahi dute. Bidenek atzo esan zuen Senatuak «familia amerikarren alde» egin zuela, eta enpresa aberatsek «ekarpen justu bat» egin beharko dutela.

Hala ere, aurrera egin duen lege proiektua ez da hasieran presidenteak proposatutakoa. 3,5 bilioiko aurrekontua zuen lehen bertsioak, eta, 2021eko azaroan Ordezkarien Ganberak onartu egin bazuen ere, Senatuak atzera bota zuen, kide demokrata batek ez baitzuen babestu. Ordutik, murrizketak egin dizkiote; hala, babes nahikoa jaso zuen atzo –alde bozkatu zuten 50 senatari demokratek eta Kamala Harris presidenteordeak–, hogei orduko eztabaida saioaren ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.