Gerra Ukrainan

Errusiak baimena eman die ikuskatzaileei Ukrainako Zaporizhia zentral nuklearrera sartzeko

Antonio Guterresek ohartarazi du «eraso suizida bat» dela instalazio nuklear baten aurkako edozein oldarraldi. Kievek eta Moskuk elkarri egotzi diete zentral nuklearrari erasotzea.

Ukrainako Zaporizhia zentral nuklearra, atzo ateratako argazki batean. EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 8a
19:03
Entzun

Errusiako RIA Novosti albiste agentziak jakinarazi duenez, Moskuk baimena eman dio IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari Ukrainako Zaporizhia zentral nuklearrera sartzeko. Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren ohartarazpenaren ondotik etorri da Moskuren erantzuna: «Eraso suizida bat da instalazio nuklear baten aurkako edozein oldarraldi, eta espero dut halakoak amaitzea. Aldi berean, IAEAk zentral nuklearrerako sarbidea izan behar du, bere lana egin dezan».

Guterresek ez ezik, IAEAk ere ohartarazi du «hondamendi nuklear bat gertatzeko benetako arriskua» dagoela, eta Errusiari eta Ukrainari eskatu die zentral nuklearretik gertu egiten ari diren ekintza militar guztiak berehala amaitzeko.

Iragan ostiralean Ukrainako Zaporizhia zentral nuklearra bonbardatzen hasi ziren, eta asteburuan ere eraso gehiago izan dira. Kievek eta Moskuk elkarri egozten diote eraso horien erantzukizuna. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Moskuri leporatu dio «izu nuklearra» eragitea herrialdean, eta Errusiarentzako zigor gehiago eskatu ditu.

Errusiako Defentsa Ministerioak Ukrainari egotzi dio Zaporizhiako zentral nuklearra bonbardatu izana, eta jakinarazi du bonbardaketetan kalte egin diotela Zaporizhzhia eta Kherson eskualdeetarako elektrizitatea hornitzen zuen energia handiko linea bati.

Reuters albiste agentziaren arabera, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak hauxe adierazi du: «Mendebaldeak Kievi ohartarazi beharko dio horrelako bonbardaketa arriskutsuak geldiarazteko». Horren harira, Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak «Europa bahitzea» egotzi dio Kievi, Zaporizhiako zentral nuklearraren egoera dela eta. Gainera, NBEri eta IAEAri leporatu die «ausardia» ez izatea Kiev «bonbardaketen erantzule egiteko».

Bestalde, Errusiak okupaturiko Zaporizhia eskualdeko administrazioko buru Jevgeni Balitskik adierazi du zentral nuklearra normal dabilela.

Instalazio nuklear hori Europako handiena da. Claire Corkhill material nuklearraren degradazioan adituak The Guardian egunkariari jakinarazi dio misil batek zer eragin izan dezakeen zentral nuklearrera jaurtiz gero: «Hondakin nuklearrak biltegiratzeko gune batean misil bat jaurtitzen badute, erradioaktibitatea askatzea ekar lezake, eta hori oso arriskutsua litzateke».

Zentral nuklearra Energoatom enpresarena da, eta haren jabeak esan du ezinezkoa litzatekeela Ukrainako armadak zentral horri eraso egitea, hain justu, herrialdeko langileak ari direlako bertan lanean. Horrez gain, Energoatomen jabeak salatu du Errusiako armada base militar gisa erabiltzen ari dela zentrala, Ukrainaren aurkako erasoak egiteko. Eta horren erakusgarri dela 500 soldadu errusiar egotea bertan.

Zaporizhia hegoaldean, erreferenduma

Zaporizhia eskualdeko hegoaldean, erreferenduma egingo dute Errusiaren parte bihurtu ala ez erabakitzeko, RIA Novosti albiste agentziak jakinarazi duenez. Errusiak okupaturiko eremua da Zaporizhia hegoaldea, eta hango agintariek dekretu bat sinatu dute erreferenduma egin ahal izateko. Galdeketa horren harira, Zelenskik irmoki adierazi du ez duela Moskurekin akordiorik egingo erreferendumak antolatzen jarraitzen badu Ukrainan Errusiak okupatutako eskualdeetan.

Alez betetako beste bi ontzi atera dira Ukrainako Itsaso Beltzeko portutik. Moskuk eta Kievek zerealen esportazioari blokeoa kentzeko ituna sinatu zuten duela hiru aste, Turkiaren eta NBEren bitartekaritzak lagunduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.