Palestina

Al-Aqsako Martirien Brigadako bi kide eta adingabe bat hil ditu Israelek Zisjordanian

Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, beste 40 palestinar zauritu dira sarekada osteko istiluetan. Gazako erasoaldiaren helburuak betetzat jo ditu Yair Lapid lehen ministroak.

Israelgo soldaduak Nablusgo auzo batean. ALAA BADARNEH, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 9a
09:59
Entzun

Israelgo segurtasun indarrek sarekada bat egin dute Nablusen gaur goizaldean, eta Al-Fatahren adar armatuko bi kide eta adingabe bat hil dituzte. Operazioaren ondorengo liskarretan beste 40 palestinar zauritu dituzte, haietako lau oso larri. Tel Aviven arabera, hildako Al-Aqsako Martirien Brigadako kideak Ibrahim al-Nabulsi eta Islam Sabouh dira; aurrez Al-Nablusi atxilotzen ahaleginduak ziren hainbat militar hiltzea egotzita. Segurtasun indarren esanetan, tokian bertan hil da Al-Nablusi; aldiz, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, erietxera bizirik heldu da, baina minutu gutxiren buruan hil da.

Al-Nabulsi bere etxean gotortuta zegoen, beste hainbat militanterekin batera. Sarekada hasi aurretik, milizianoak bideo bat zabaldu du sare sozialetan hauxe esanez: «Ez entregatu zuen armak. Segada bat egin didate, eta martiri bilakatuko naiz». Tel Aviven esanetan, lehergailuak aurkitu dituzte haren etxean.

Joan den uztailean ahalegindu ziren azken aldiz Al-Nabulsi hiltzen. Israelek ustez hura ezkutatzen zen etxea bonbardatu zuen, baina gaztea ez zegoen bertan. Bi palestinar hil ziren sarekada hartan, Al-Aqsako Martirien Brigadako kideak biak.

Zisjordaniako komertzioak itxi, eta egun osoko greba egitera deitu du Al-Fatahren adar armatuak, eta iragarri du protestak antolatuko dituela Nablusen gertatutakoa salatzeko. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasen eledun Nabil Rudeinehk gaitzetsi egin du sarekada, eta Tel Avivi leporatu dio «aurrez aurreko baten bila» aritzea: «Gatazka honek jarraitzen badu, matxinada bat piztuko du lurralde osoan, eta horrek ondorio lazgarriak izango ditu».

Bestalde, Gazako su etena indarrean dago oraindik. Israelgo lehen ministro Yair Lapidek ziurtatu zuen atzo «erasoaldiaren helburuak» bete dituztela, eta ohartarazi zuen «Israel arriskuan» jartzen duen edonork «bere bizitzarekin» ordainduko duela. Hala esan zuen Lapidek telebistan egindako agerraldian: «Terrorismoaren aurkako zero tolerantzia politikarekin jarraituko du Israelek».

Lehen ministroaren arabera, Israelek «ahalegin berezia» egin zuen asteburuko bonbardaketetan zibilik ez hiltzeko —45 pertsona hil ziren, eta horietatik hamabi ziren Jihad Islamikoko kideak—, baina, aldi berean, berretsi du ez duela barkamenik eskatuko «bere jendea» defendatzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.