Hilberria

Olivia Newton-John hil da, 'Grease' filmeko aktorea

Sandy Olsen pertsonaiari eman zion bizitza Grease pelikulan. 30 urte zeramatzan bularreko minbiziaren aurkako borrokan.

Olivia Newton-John Ikerketa Onkologikoen Institutuak antolatutako ekitaldi batean. MICK TSIKAS / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 9a
11:59
Entzun

Olivia Newton-John aktore eta abeslaria zendu zen atzo, 73 urterekin. 1992an bularreko minbizia diagnostikatu zioten, eta 30 urteren ostean hil da, Kalifornian (AEB), familiaz eta lagunez inguratuta. John Easterling senarrak eman du albistearen berri sare sozialetan. Senideek ere mezu bat zabaldu dute Olivia Newton John Instagrameko kontu ofizialean; familiarentzako «errespetua eta pribatutasuna» eskatu dituzte «garai zail» honetan.

Ibilbide luzeena abeslari gisa egin bazuen ere, haren izena Grease pelikulari esker egin zen ospetsu, Sandy Olsen pertsonaia antzeztu baitzuen. 60ko hamarkadan egin zuen zinemako lehen agerraldia, Australiako film batean. Horren aurretik telebistako kantu programa bat irabazi zuen, eta 1974. urtean laugarren gelditu zen Eurovision kantu lehiaketan. Grease pelikula 1978an estreinatutako filmik arrakastatsuena izan zen, eta haren soinu banda zerrendetako lehen postuetan egon zen asteetan. Aktorea Urrezko Globo baterako izendatuta egon zen, eta hurrengo urteko Oscar sarietan ere parte hartu zuen.

Minbiziaren aurka

Ikuskizunaren munduan erreferente bat izateaz gain, garaipenaren eta itxaropenaren sinboloa ere izan da Newton-John urte askoan. 30 urte zeramatzan minbiziaren aurka borrokan; gaixotasuna hiru alditan diagnostikatu zioten. Lehena 1992an izan zen, haren aita hil eta denbora gutxira; bigarrena, 2013an, ahizpa zaharrena hil ostean; eta hirugarrena, berriz, 2017an. Azken horretan aurreko aldietan baino gehiago konplikatu zen gaixotasuna, eta, diagnostikatu ziotenean, minbizia laugarren fasean zegoen, hezurretan metastasia zuela.

Artistak minbiziaren ikerketara zuzendutako Olivia Newton-John Fundazioa sortu zuen duela urte batzuk Australian, eta familiak, haren memorian, fundaziorako dohaintzak egiteko eskatu du.

John Travoltaren agurra

Olivia John Travoltarekin batera aritu zen Grease pelikulan. Oso harreman estua izan zuten bi aktoreek, eta Travoltak sare sozialetan doluminak eman nahi izan dizkie familiari eta lagunei. Adierazi duenez, Newton-Johnek bere bizitza «hobeagoa» egin du eta haren eragina «ikaragarria izan» da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.