Ingurumena

Hil egin da Sena ibaian erreskatatutako beluga

Oraindik ez dakite nola iritsi den animalia Sena ibaira, Artikoko ur hotzetan bizi baitira belugak. Adituen esanetan, litekeena da gehiegizko hots kutsadura eta berotze globalaren ondorioz itsas korronteetan gertatzen diren aldaketak izatea arrazoi nagusiak.

Erreskate taldeko kideak beluga erreskatatzen Sena ibaian. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 10a
12:27
Entzun

Frantziako erreskate talde batek beluga bat uretatik ateratzea lortu du gaur goizaldean Sena ibaian. Animalia ostiraletik zegoen atxikita Paristik 70 kilometrora dagoen esklusa batean. Laurogei pertsona inguruk parte hartu dute operazioan; tartean urpekariak, albaitariak eta espezialistak, besteak beste. Sei orduren bueltan lortu dute beluga erreskatatzea, garabi baten bitartez. Sare batean jarri dute animalia, eta segidan hamar bat albaitarik artatu dute. Hala ere, itsasora itzultzen ari zirela, hil egin da.

Isabelle Dorliat-Pouzet Normandiako Eure departamenduko gobernuaren ordezkaria baikor agertu da erreskatearekin. Jakinarazi du «oso operazio luzea» izan dela, baina «lan asko egin» dutela, eta «ahalik eta ondoen» egiten saiatu direla. Belugari egindako odol probaren eta ultrasoinuaren emaitzetan ikusi dute itsasora itzultzeko baldintzak betetzen zituela, baina hil egin da.

Ezohiko egoera

Zetazeoa ostiraletik zegoen esklusan blokeatuta, eta erreskatea aurreratzea erabaki zuten adituek, animaliaren egoera «oso kezkagarria» zelako. Jateari utzi zion, eta 800 kilo zituela erreskatatu dute: ezaugarri horietako zetazeo bati dagokion baino askoz argalago zegoen. Osasun egoerak modua ematen bazuen, Ouistrehamera eramateko asmoa zuten, Normandiako kostaldera, eta han hiru egun pasatu behar zituen itsasoko ur putzu batean, itsaso zabalean aske geratu aurretik.

Oraindik ez dakite nola iritsi zen Sena ibaira, belugek Artikoko ur hotzak baitituzte bizileku. Udazkenean hegoaldera jaisten badira ere, inoiz ez dira hain urrutira iristen.

Ez da lehen aldia izan

Itsas ugaztunetan espezializatua den Pelagis behatokiak jakinarazi du Frantziara iristen den bigarren beluga dela. Lehena Loira ibaira iritsi zen, arrantzale baten sareetan, 1948an. Maiatzean, berriz, orka bat sartu zen Sena ibaian, baina, nekearen eta elikadura faltaren ondorioz, hil egin zen handik egun gutxira.

Adituen esanetan, litekeena da hauek izatea fenomeno hori azaltzen duten arrazoietako batzuk: gehiegizko hots kutsadura eta berotze globalaren ondorioz itsas korronteetan gertatzen diren aldaketak. Horiek desorientatu egiten dituzte belugak, eta iritsi beharko ez luketen lekuetara iristen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.