Gerra Ukrainan

Gutxienez hamahiru lagun hil dira Dnipropetrovsken Errusiak egindako bonbardaketa batean

Susmoa dago Zaporizhiako zentral nuklearretik egin ote duen erasoa Moskuk. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak adierazi du ez dagoela berehalako mehatxu nuklearrik.

Dnipropetrovsk eskualdean Marhanets hiriko eraikin baten irudia, atzoko leherketaren ondoren. EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 10a
17:31
Entzun

Gutxienez hamahiru pertsona hil dira, eta beste hainbeste zauritu, Errusiak egindako bonbardaketa batean Dnipropetrovsk eskualdean, Ukraina ekialdean. Erasoa atzo gauean izan zen. Ukrainako larrialdietako zerbitzuek jakinarazi dutenez, guztira hogei eraikin hondatu ditu leherketak. Tartean dira ikasleentzako egoitza bat, kulturgune bat, eta bi eskola.

Leherketa jazo den eremua Dnieper ibaiaren ondoan dago, eta, hain justu, ibaiaren beste aldean dago Zaporizhiako zentral nuklearra; azken egunotan behin baino gehiagotan bonbardatu dute. Horren harira, Andrii Jermak Ukrainako presidentearen aholkulariak susmoa du Moskuko armadak Zaporizhiako zentraletik bonbardatu duela Dnipropetrovsk eskualdea, eta baieztatu du 80 jaurtigai bota zituztela handik.

Ukrainako presidentearen aholkularia ez da errezelo hori duen bakarra. Aste hasieran, instalazio nuklearraren jabe den enpresak ere salatu zuen Errusiako armada base militar gisa erabiltzen ari dela zentrala Ukrainaren aurkako erasoak egiteko. Zentral nuklearra Energoatom enpresarena da, eta azken asteotan bonbardaketa ugariren jomuga izan da. Kievek eta Moskuk elkarri leporatu diote erasoen erantzukizuna.

Horrez gain, Europako instalazio nuklear handienaren jabeak ohartarazi du Errusiako indarrak Krimeara bideratzen ari direla zentralaren elektrizitate ekoizpena. Eta, hori egiteko, Ukrainako energia sistemara konektatutako lerro elektronikoak suntsitu behar izan dituzte, enpresak esan duenez: «Aste honetan errusiarrek hiru lerro elektriko hondatu dituzte. Lantegia ekoizpen lerro bakarrarekin funtzionatzen ari da oraintxe, eta modu oso arriskutsua da lan egiteko».

Eraso horien balorazioa egin du IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, eta adierazi berehalako mehatxu nuklearrerako arriskurik ez dagoela. Hala ere, ohartarazi du Zaporizhiako zentralera egindako bonbardaketak ez dituela bete enpresako zuzendari nagusiak ezarritako arauak, babes eta segurtasun nuklearrari dagozkionak. Horien artean daude, besteak beste, zentralaren osotasun fisikoa, segurtasunaren funtzionamendua eta segurtasun sistemak. Baita langileen zaintzarekin zerikusia dutenak ere.

Horregatik, IAEAk berretsi egin du aste hasierako eskaera: «ahal bezain pronto» joan behar dutela zenbait adituk bertara, zentralaren segurtasun egoera eta babes nuklearra egonkortzen laguntzeko.

Instalazio nuklearrak eztanda egiteak ekarriko lituzkeen ondorioez jakitun dira G7ko herrialdeak —Alemania, AEBak, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Japonia eta Kanada—, eta eskatu diote Errusiako armadari «berehala» erretiratzeko instalazio nuklearretik. Munduko potentzia nagusiek uste dute Moskuko armada bertan egoteak «arriskuan» jartzen duela Zaporizhiako eskualdea. Horrez gainera, adierazi dute «nabarmen handitu» dela zentralean ezbehar atomiko bat jazotzeko aukera, eta horrek arriskuan jarriko lituzkeela, Ukrainako herritarrak ez ezik, nazioarteko komunitatea ere.

Krimean ere leherketak

Atzo gauean, Errusiak Krimea penintsulan duen hegazkin baserik handiena bonbardatu zuten. Gutxienez pertsona bat hil zen, eta beste hamahiru zauritu, RIA Novosti albiste agentziak jakinarazi duenez. Ukrainako aireko indarrek adierazi dute Errusiako dozena bat gerra hegazkin ere suntsitu direla leherketaren ondorioz.

Ez dago garbi nor izan den erasoaren erantzulea. Izan ere, Kievek eta Moskuk elkarri egotzi diete errua. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkularietako batek ukatu egin du herrialdeko armadak erasoan erantzukizuna izatea, eta bi arrazoi posible adierazi ditu: Errusiako soldaduek «nahi gabe» egin izana erasoa, edo partisanoak izatea errudunak.

Kieven antzera, Errusiako Defentsa Ministerioak erasoen erantzulea izatea ukatu du, esanez bonbardaketa ez dela izan armadaren eraso batengatik, baizik eta biltegi batean gordeta zegoen munizioa zartatu delako. Jaurtigailu horien leherketa, ordea, Ukrainako misil batek eragindakoa izan daitekeela adierazi du ministerioak.

Krimeako bonbardaketen harira, Zelenskik atzo gauean egindako agerraldian esan zuen Ukrainako gerra Krimean hasi zela, eta han bukatu behar duela, «Krimea askatzean». Krimea Ukrainako errepublika autonomoa zen, 2014ko martxoan erreferenduma egin eta Errusiarekin bat egin zuen arte.

EBk Moskuko ikatza blokeatu du

EB Europako Batasuneko estatu kideek ezingo dute Errusiako ikatza inportatu bihartik aurrera. EBko herrialdeek apirilean sinatutako bost zigorretako bat da, eta 120 egun iraungo du ikatzaren blokeoak. Moskuren ekonomia ahultzea da zigorraren helburu nagusia, eta, Europako Batzordearen arabera, 7.750 milioi euro galduko lituzke.

Aste honetan Washingtonek laguntza ekonomiko eta militarrak eman dizkio Kievi, eta gaur ere iragarri du beste 89.000.000 milioi dolar —85.800.000 milioi euro— emango dizkiola lehertu gabeko lurreko minak eta bonbardaketak garbitzeko, AEBetako Estatu Departamentuak jakinarazi duenez.

Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, zerealez betetako hamabi ontzi atera dira Kievetik. Azken biak atzo atera ziren; Turkiara eta Istanbulera doaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.