KPI-A

Inflazioa bi zifrara iritsi da Hego Euskal Herrian: %10,7

Erregaien prezioek behera egin dute, baina janaria garestitzeak eta, bereziki, etxeko gastuak (argindarra eta gasa) gora egiteak eragin du igoera.

Emakume bat Donostiako Bretxako merkatalguneko harategi batean erosketak egiten. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 12a
10:34
Entzun

Aurki, diru zorroari ez ezik itsulapikoari ere begiratu beharko diote kontsumitzaileek, eta pandemia garaian aurreztutakotik tira egiten hasi, aurrezteko modua izan dutenek behintzat. Udan produktu ia guztien prezioetan izaten ari den igoerak udazken eta negu zailak iragartzen ditu. Erregaiak eta bereziki gasa garestitu ondoren, gainerako produktuek bide beretik jo dute, eta oraintxe etxeko gastuak —argindarrarena, bereziki— eta janaria dira kontsumitzaileen kezka nagusiak, azken asteetan horiek garestitu baitira gehien.

Marka guztiak hautsi ditu uztaileko inflazioak. Aurreko bi hilabeteetan atarian geratu ostean, KPI kontsumo prezioen indizea bi zifrara iritsi da Hego Euskal Herrian, %10,7ra, ekainean baino puntu bat gehiago —Europako Batasuneko batezbestekoa %8,9 izan zen uztailean—; Europako Banku Zentralak gomendatzen duen %2 baino askoz handiagoa, beraz. Hego Euskal Herrian hala dago iazko abuztutik, eta hamabi hilabete jarraian darama gora eta gora. Azken hiru hamarkadetako inflaziorik handiena da.

Erregaiak, hau da, gasolina eta gasolioa izan dira azken hilabetean KPIak izandako jauziaren eragile nagusiak, eta azken asteetako jaitsiera apalak ez dira aski izan inflazioaren goranzko joera eteteko. Uztailean, elikagaiak eta bereziki etxebizitza gastuak garestitu izanak eragin du igoera, INE Espainiako estatistika institutuak ostiralean kaleratutako emaitzen arabera.

Inflazioak hiru hanka izan ohi ditu: erregaiak, argindarra eta elikagaiak. Orain produktu guztietan nabari da igoera. Era berean, azpiko inflazioa deiturikoak erakusten du prezioen goititzea zabaltzen ari dela. Ekainean, %6,2ra heldu da. Azpiko inflazioak gorabehera gutxien izaten duten produktuak hartzen ditu kontuan: elikagai freskoak eta energiak ez beste guztiak.

Inflazioa analisi ekonomiko guztietako kezka iturri nagusia bihurtu da, Euskal Herrian zein nazioartean. Arazo handia da, batez ere maila ekonomiko apala duten herritarrentzat, baina baita sektore ekonomiko askorentzat, jarduna baldintzatzen dielako lehengaiak eta garraio kostuak garestitzeak. Horrek lan itunen eguneratzean ere izaten du eragina, langileen soldatetan bereziki. Patronalek argudiatu ohi dute soldata igoera handiek arriskuan jartzen dituztela enpresak; sindikatuentzat, berriz, lehentasuna da langileek erosahalmena ez galtzea. Lan Harremanen Kontseiluaren azken txostenaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko soldaten batezbestekoa %4 baino gutxiago igotzen ari da aurten; inflazioa baino askoz ere gutxiago.

Zerealak, esnea eta ogia

Enpresak beren produktu eta zerbitzuen prezioetara eramaten ari dira ekoizpen eta garraio kostuen igoera, eta hori janarian ikusten da argien. Iazko uztailean baino %13,6 garestiago daude, aurreko hilean baino 1,6 puntu gehiago. Iazko urritik etenik gabe egin dute gora, eta azken hilabetean garestitu dira gehien.

Olioa da iaztik prezio igoera handiena izan duen produktua (+%31). Ukrainako gerrarekin lotu da hori, herrialde hura baita ekilore ekoizle nagusia, eta haren esportazioak gutxitzeak eskasia eragin duelako bolada batzuetan. Halere, hori ez da nahikoa olioaren ezohiko igoera azaltzeko: eskasi horri etekina atera nahi diotenen erabakiak ere baldintzatzen ari dira olioaren prezioa.

Asko garestitu dira, halaber, zerealak (%23), esnea (%20,3) eta ogia (%12,6). Ekainetik uztailera, horiexek izan dute igoera handiena: %2,9, %3 eta %1,7, hurrenez hurren. Besteetan, gorabehera oso txikiak izan dira hilabete batetik bestera, baina iazko uztailean baino askoz garestiago daude. Arrautzak, adibidez, %26,9 garestitu dira, frutak %14,3, patatak %9,9. Haragien artean, iaztik behikiaren (%16,5) eta oilaskoaren (%13,6) prezioa igo da gehien. Txerrikia duela urtebete baino %11,2 garestiago dago, eta ardikia, berriz, %2,9.

Beste produktu batzuk duela urtebeteko prezioetatik oso goiti daude oraindik: kafea, esaterako, %9 garestiago, eta alkohola, %8,3.

Etxeko argindarra, mugarik gabe

Dena den, inflazioaren igoeraren kausa nagusia etxebizitza gastuak garestitu izana da: argindarra eta gasa, bereziki. Ekainetik uztailera, 9,2 puntu, eta iazko uztailean baino %45,3 garestiago. Igoera are handiagoa zatekeen baldin eta argindarra sortzeko gasari gehienezko prezio bat eman izan ez baliote. Neurri hori ekainaren 15ean jarri zuen indarrean Espainiako Gobernuak, baina eragina oso murritza izaten ari da, beroaldiaren eraginez. Batetik, gasa erretzen duten konpainiei konpentsatu egin behar zaielako eta gas asko erretzen ari direlako. Eta, bestetik, uztaileko egun batzuetan izandako bero sapak aire egokituaren kontsumoa handitu duelako, eta, haize eskasiaren ondorioz, eolikoak ekoitzi ez zuena gasa erabiltzen duten zentral termikoetan produzitu dutelako.

Erregaiak, jaitsiera apala

Erregaiei dagokienez, berriz, uztailean merkatu egin dira, 6,2 puntu. Lehen jaitsiera da abendutik. Dena den, iaz baino %33,5 garestiago daude. Atzeraldiaren beldurrez, behera doa petrolio upelaren prezioa. Brenta 100 eurotik behera kotizatzen ari da.

Uztailean batez beste 2,031 euroan ordaindu zen gasolina litroa Hego Euskal Herrian, ekainean baino 0,12 zentimo gutxiago. Gasolioa, berriz, gutxiago merkatu da: 0,06 zentimo. Hori gertatu da, besteak beste, beste energia batzuk sortzeko erabiltzen delako erregai hori. Uztailean, batez beste 1,984 euroan pagatu zen gasolio litroa. Espainiako Gobernuak eta petrolio konpainiek ematen dituzten deskontuak kendu behar zaizkieprezio horiei, hogei eta 25 zentimorainokoak —hemen kontsulta daitezke Euskal Herri osoko erregaien prezioak, hilabetekoak eta egunekoak, gasolindegiz gasolindegi, eta batezbestekoak—.

Erregaien prezioen azken asteetako beherakadak, joera gisa sendotzen bada, inflazioa jaisten lagundu beharko luke hurrengo hilabeteetan. Baina zaila dirudi, gasaren merkatuaren bilakaera dela eta. Iberiar penintsulako merkatuan, uztailean 143,23 euro ordaindu zen megawatt-ordua, duela urtebete baino 50,72 euro gehiago. Eta, etorkizuneko prezioari begira Europako erreferentziazko merkatuan, Herbehereetako TTFn, megawatt-ordua 200 eurotik gora kotizatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.