Energia

Industriak berriztagarrien kontsumoa «masiboki» handitzea nahi du Jaurlaritzak

Jaurlaritzak energia aurrezteko planaren zirriborroa aurkeztu du. Gutxiago kontsumitzea eta berriztagarriak gehiago erabiltzea dira lehentasunak.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, ostiral honetan eginiko agerraldian. IREKIA
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 12a
13:45
Entzun

Uztailaren amaieran, aurrezteko neurrien zantzuak eman zituen Jaurlaritzak, eta gaur bertan aurkeztu du lehen zirriborroa. Industriaren kontsumoan jarri zuen arreta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak; gaur, ez da gutxiago izan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den gasaren %43,7 industriak erretzen du. Horregatik, energia berriztagarrietarako trantsizioa bizkortu behar da; industriak horien kontsumoa «masiboki» handitu behar du, sailburuaren arabera.

Jaurlaritzak bere proposamenak helarazi dizkie administrazioei, industriari eta enpresei. Hilaren 25era arte «alde guztien ekarpenak» jasotzeko prest dago. Ondoren, abuztua amaitu aurretik, Madrilera bidaliko du behin betiko testua, kontuan har dezaten —Espainiako Gobernuak du azken hitza; hark idatziko du Bruselara bidaliko den plana—.

Gaur aurkeztutako planak, industriaz gain, baditu beste «pilare» batzuk: administrazioak, enpresak eta erabiltzaile partikularrak. Horietan energia aurreztea eta berriztagarrien kontsumoa areagotzea da lehentasuna. Neurriok ez dira derrigorrezkoak, eta ez da zigorrik aurreikusten betetzen ez dituztenentzat; gomendioak dira.

Administrazioak

Administrazioek bai erakutsi beharko dutela «nahitaezko konpromiso boluntarioa», Tapiaren arabera. Neurriok eragina izango dute eraikin publikoetako argiztapenean, tenperaturan, langileen joan-etorrietan, eta ur eta paper kontsumoan, besteak beste. Horretarako, «laguntza teknikoa beharrezkoa eta ezinbestekoa» izango da, batez ere herri txikietan eta tokiko eragileen artean, izan ditzaketen «zailtasunak» tarteko.

Industria eta enpresak

Lana egin da azken hamarkadetan energia kontsumoa murrizte aldera, baina, sailburuaren ustez, ahaleginak «areagotu» behar dira. Jaurlaritzak laguntzak emango ditu eraginkortasun energetikoa eta deskarbonizazioa lortzeko. C02 isuriak eta gas naturalaren kontsumoa gutxitzeko, berriztagarrien aldeko jarrera erakutsi du Jaurlaritzak. Garraioaren kudeaketa jasangarriagoa izateko, berriz, Renove plan bat egitea aztertzen ari dira.

«Hornidura arazoak izatekotan», Eusko Jaurlaritzak zera proposatu du: energia asko kontsumitzen duten enpresek borondatez jarduera etenez gero konpentsazio ekonomikoak emateko aukera aztertzea —hori erabakitzea, baina, Espainiako Gobernuaren esku dago—.

Erabiltzaile partikularrak

Erabiltzaile partikularrei dagokienez, sentsibilizazio kanpainak azpimarratu dituzte: kontsumo ohiturak hobetzeko, autokontsumoa sustatzeko, joan-etorri jasangarriagoak areagotzeko... Renove planak sustatzea ere aztertzen ari dira. Alde horretatik, sailburuak azpimarratu du kontzientziazioa «kritikoa» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.