Yemengo Gerra

Gutxienez 80 lagun hil dira Yemenen borroketan

Miliziano talde batek, Saudi Arabiako koalizioak babestuta, Poliziaren eta armadaren kuartelei eraso diete. Probintziako gobernadoreak komandante bat kargutik kendu izanak eragin ditu liskarrak.

Iragan ekainean su etena adostu ondoren matxino huthiek egindako protesta bat, Sana hiriburuan. YAHYA ARHAB/ EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 12a
14:52
Entzun

Aste hasieran liskarrak piztu ziren Yemen hegoaldeko Xabwa probintzian, gobernuko taldeen artean, eta, gutxienez 80 pertsona hil dira. Horietatik bost, zibilak. Xabwa probintziako Atau hiriburuan hasi ziren borrokak. Astelehenean, Poliziaren eta armadaren kuartelei eraso zien Saudi Arabiak gidatzen duen nazioarteko koalizio militarrak babestutako talde batek —Abd Rabu Mansur Hadi Yemengo presidentearen gobernua babesten duena—.

Saudi Arabiak gidatzen duen koalizio militarrak eta matxino huthiek su etena adostu zuten apirilean, eta beste bi hilabetez luzatu zuten abuztuan, urrira arte, Hans Grundberg NBE Nazio Batuen Erakundearen Yemenerako ordezkariak bultzatuta. Matxino huthiek kontrolpean dute Yemen iparraldeko eremu ia osoa. NBEk ez ezik, Saudi Arabiak eta Jordaniak ere bitartekari rola hartu dute herrialdeko gatazka konpontzeko.

Aste honetan izandako liskarretan, Saudi Arabiako koalizioak babestutako taldeak droneekin bonbardatu zituzten kuartelak. Hildakoen artean gehienak milizianoak, poliziak eta militarrak ziren.

Efe albiste agentziak baieztatu duenez, bertan dagoen lekuko batek atzo adierazi zion Saudi Arabiak babestutako indarrek Polizia eta armada Atau hiriburutik kanporatu zituztela, eta, horren ondotik, borrokek hiriburuaren kanpoaldean jarraitu zutela.

Yemengo Gobernuko taldeen arteko tentsioak iragan astean hasi ziren. Awad bin al Wazir Xabwa probintziako gobernadoreak komandante bat kargutik kendu zuen, Saudi Arabiaren «kontrako jarrera» izateagatik. Izan ere, gobernadorea ezaguna da Saudi Arabiari dion leialtasunagatik. Horrek eragin ditu liskarrak hango indarren eta Saudi Arabiako koalizio militarra babesten duten taldeen artean.

Orain arteko borrokarik gogorrenak izan dira apirilaz geroztik, su etena adostu zutenetik, alegia. Gerra 2015ean piztu zen, eta, ordutik, ia 400.000 lagun hil ditu. Gainera, 13 milioi pertsona daude gosete larria pairatzeko arriskuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.