Albistea entzun

Layla Martinezi elkarrizketa

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

Ilustrazioa: Eider Eibar.
Ilustrazioa: Eider Eibar. Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2022ko abuztuak 14

 

Utopia. Etimologikoki, «ez-lekua». Euskaltzaindiarentzat, «errealitatea kontuan hartzen ez duen gizarte edo politika xedea. Ezin gauzatuzkoa dirudien asmoa edo ideia». Eta, hala ere, errealitate hori eraldatzeko gai den kontzeptu bizia, Layla Martinez politologoak sakon aztertua (Madril, 1987). Utopia no es una isla liburua argitaratu zuen (Utopia ez da irla bat), eta ortzi muga kolektibo hobeak irudikatzeko beharra azpimarratu zuen. BERRIAk ariketa hori egingo du datorren astean; sei gai hizpide hartuta, arloz arlo bizpahiru lagun gogoetan eta hizketan jarri ditu, etorkizuneko Euskal Herriak izan beharko lukeena irudikatzeko asmoz.

Layla Martinez
Layla Martinez politologoa. Ilustrazioa: Eider Eibar.

Nola definitu utopia?

Utopiaz ari naizenean, gizarte hobeez ari naiz; ez utopiaz gizarte zerutiar gisa, gatazkarik gabea, non perfekzio moduko bat lortu den, non ez den ezer gertatzen, politikarik, historiarik eta gatazkarik gabe bizi delako. Politika gatazkaren kudeaketa da, besteak beste. Ez badago gatazkarik ez dago politikarik, ezta historiarik ere. Utopia edenikoek substratu erlijiosoa daukate; gizarte perfektuak dira, denak harmonian bizi dira. Hori izan zen utopiekiko ikuskera nagusia mende askotan, Tomas Morotik utopia kolonialetara eta lehen sozialismoetara.

Beraz?

Ni ez naiz horretaz ari, gizarte hobe bati buruz baizik. Horietan, gatazkak bere hartan dirau oraindik, baina gatazka hori kudeatzen da guztientzako modu justuago batean, eta ez elite ekonomiko batzuen behar eta nahien arabera. Ari naiz gizarte erradikalki hobe bati buruz, guztiontzat, baina ez arazorik eta ikuspegi aniztasunik gabeko bati buruz. Bigarren hori teologiaren erreinua da. Interesgarria eta inportantea da, baina ez da politikaren esparrua.

Zergatik dira beharrezkoak?

Utopiarik gabe oso zaila delako mobilizazio politikoa egotea; bereziki, gauzak aldatu nahi dituen mobilizazio bat egotea. Utopiarik gabe -gauzak sakon aldatu daitezkeelako eta hori gure esku dagoelako ideiarik gabe-, ezin dituzu aldaketak egin. Lehenik, mobilizatu behar duzu aldaketa horiek gauzatu daitezkeelako sinesmena eta nahia; aldaketa sakonak eta gizarte hobeak posible direla. Hori gabe, gehienera ere, gaur egun dagoena kudea daiteke, gauza batzuk aldatuz: kasurik onenean, sozialdemokrazia moduko bat; okerrenean, paralisira edo aukera okerragoetara zaramatza.

"Gauzak aldatzeko nahia sortu behar da, eta sinetsi posible dela. Aldaketarako aukerak mobilizatzeko balio du utopiak"

 

Sinesmena aipatu duzu. Hor dago gakoa?

Gauzak benetan aldatzeko aldatu behar diren zentzuan, eta klimaren krisiak esaten digu sakon aldatu behar direla, gizarte hobe baten aldeko pasio eta sinesmen batzuk mobilizatu behar dira. Horretarako, beharrezkoa da egin dezakegula sinestea. Funtsean, gauzak aldatzeko nahia sortu behar da, eta posible dela sinestea. Utopiak balio du aldaketa sakonerako aukerak mobilizatzeko.

Utopiak mobilizatzen du. Beraz, distopiak desmobilizatzen du?

Bai, uste dut distopiak paralizatzen duela. Pentsatzen baduzu etorkizuna halabeharrez okerragoa izango dela, zauden tokian geratu nahi duzu. Uste baduzu ezin dela ezer egin hori saihesteko, ziurrenik kontserbadorea bilakatuko zara, daukazunari eutsi nahi diozulako, datorrena okerragoa delako.

Klima aipatzen duzu adibide gisa; eustea ez dela nahikoa.

Klimaren krisiak erakusten digu egungoari eustea ez dela desiragarria, ezta posible ere. Asko eta azkar aldatzen ez badugu, gure bizitza propioak konprometitzen ari gara planetan; gizakiona, baina baita jada sufritzen ari diren beste espezie askorena ere. Beraz, oso erraza da etorkizunarekiko pentsamendu distopikoak paralisia sortzea. Defentsiban kokatzen zaitu; klimaren krisiaren testuinguruan, behar dugunaren justu kontrakoan.

Utopiak: helburu edo ortzi muga?

Niri asko gustatzen zait Eduardo Galeanok egin zuen sintesia: utopia beti da beharrezkoa ortzi muga gisa. Beti da ortzi muga bat: inoiz ez zara iristen, inoiz ez gaude han, baina hara joateko egiten dugu aurrera. Hain zuzen, aurrera egite horixe behar dugu. Eta aldaketa sakonak lortzen dituzunean ere, beti egongo dira egitekoak. Dena dago mugimenduan; hori erakusten digu naturak. Egin dezagun mugimendua izan dadin onerantz; planetarekiko harremanean, gainerako izaki bizidunekiko harremanean... Niretzat, hori da utopien funtzioa: energien aktibazioa.

Liburuan erreferentzia ugari egiten dizkiozu zinemari eta literaturari.

Hori oso ondo ikusten da Mad Max. Fury road pelikulan. Distopikoa da; apokalipsi osteko mundu batean gertatzen da, jada hondamendian dagoen mundu batean. Utopia batek mugitzen du protagonista; espero du ura dagoen eta dena berdea den leku batera iristea, baina hara iristean konturatzen da hori ez dela existitzen; daukan aukera dela itzulerako bidea egitea, eta bere hiriaren ordena aldatzea.

"Oso erraza da etorkizunarekiko pentsamendu distopikoak paralisia sortzea. Defentsiban kokatzen zaitu"

 

Mezua?

Filmaren azpitestu politikoa liluragarria da, hain zuzen erakusten duelako utopiaren egitekoa: aldaketa nahi duena mobilizatzea, martxan jartzea. Filmak dio ezin dela helburu edo helmuga batera iritsi; ez dagoela. Aldaketak ez daudela beste leku zerutiar batean. Utopia dela itzultzea eta zerorren lekutik gauzak aldatzen saiatzea. Hor lortzen dira aldaketak.

Liburuan, mundua irudikatzeko modua eta kontsumitzen diren kultur produktuak lotzen dituzu. Eta, hor, proposamen distopikoak dira nagusi. Zergatik dago hainbesteko eskaintza distopikoa, eta hain gutxi utopikoa?

Ekoizpen kulturala eta errealitatea modu konplexuan daude harremanetan. Kontua ez da gizarte jakin batek objektu kultural jakin batzuk sortzen dituela; hori horrela da, baina ez soilik norabide horretan: alegia, ekoizten diren produktu kulturalek aldatu egiten dute gizartea. Bi norabideko bidaia da. Aldatzen dira kontzientziak, gauzak ikusteko modua.

Bada, neoliberalismoak eta distopiak elkar indartzen dute, biak nahasteraino. Badugu sentipena distopietan bizi garela —abortuaren debekua eta The Handmaid's tale—.

Nola eragin du neoliberalismoak etorkizunaren ikuskeretan?

Neoliberalismoa boterean egonkortzen denean, erabat antiutopikoa da; etorkizun hobe batean ez sinesteaz gain, utopiei eraso egiten die. Interesgarria da neoliberalismoan pentsatzea Mark Fisherrek egiten zuen bezala: kontrairaultza gisa. 1960ko eta 1970eko hamarkadan talde armatuak zeuden, gerrillak Latinoamerikan, feminismoaren bigarren olatua... Eferbeszentzia politiko erradikal handia egon zen garai hartan, indarrean zegoen ordenaren zutabeak zalantzan jarri zituena.

Hori aldatu egin zen gero.

Fisherrek neoliberalismoa ulertzen du horren aurkako kontrairaultza gisa; eliteek neoliberalismoa sortu zuten hori guztia bukatzeko eta errepresio izugarri bat gauzatzeko. Arlo ideologikoan, mezu bat errepikatzen da: ez dago alternatibarik, ez dago etorkizunik. Estrategia errepresibo handia gehien mobilizaturiko militanteei zuzentzen zitzaien, baina herritar xeheentzat mezua bestelakoa zen: saiatzen den guztia gaizki bukatzen da. Giro hori ekoizpen kulturalak islatu zuen, distopien bidez. Islatu zuen, baina, aldi berean, erreproduzitu zuen.

Bada paradoxa bat: distopia batzuk sortu ziren joera autoritarioak salatzeko, baina aldi berean iruditeria bat sortzen lagundu dute: joera hori badatorrela.

Distopiak irudikatu zituzten autore guztiak ez ziren eskuin muturrekoak, eta ez zieten Tatcherren aginduei jarraitzen. Badaude. Kasu gehienetan, salatu nahi zuten egoera okerrera zihoala: Neskamearen ipuina liburuan, Margaret Atwoodek Mendebaldeko patriarkatuaren gogortzeaz ohartarazi nahi du. Kontra dago. Arazoa ez dago distopietan, salbuespenak salbuespen; arazoa da autobetetzen den profezia bat sortzen dutela: jendeari esaten diote hori dela egongo dena. Gainera, hain nagusi da olatu distopikoa, salatu nahi duzun hori sortzen laguntzen baituzu.

Utopia lortu ezinezko amets batekin lotzea oztopo dela diozu. Zertarako borrokatu inoiz iritsiko ez den zerbaiten alde?

Kritiko batzuek horixe diote: utopiak ere paralizatzaileak izan daitezkeela, lortzeko ezinezkotzat jotzen direlako. Arrisku hori saihesteko modua zera da, aldaketa sakonetan sinesten dutenek bi mailatan jardutea: bihotza ortzi muga utopikoan jarrita eta, aldi berean, momentu honetan hartu beharreko neurrien pragmatismoarekin. Biak behar dira, bakarrak ez duelako funtzionatzen.

"Arazoa ez dago distopietan. Autobetetzen den profezia bat sortzen dute, baina: esaten dute hori dela egongo dena"

 

Nola uztartu biak?

Bakarrik pragmatismoan bazaude, ez duzu aldaketa handirik lortuko. Eta begirada soilik ortzi mugan baduzu, arriskua duzu iluminatu bat izateko eta egiazko aldaketarik ez egiteko, horiek prozesu bati jarraitzen diotelako. Biak behar dira; tentsio hori oso zaila da uztartzen. Ez da hainbeste iraultza-erreforma tentsioa, baizik eta sintesi bat: zer erreforma behar ditugun iraultzarako. Uste dut erabat utopikoak izan behar dugula, eta, aldi berean, sakonki pragmatikoak. Amestu behar dugu patriarkatuaren amaiera, baina, bitartean, gauzak egin behar ditugu norabide horretan.

Aipatzen dituzu Rojava, panafrikanismoa, sozialismoa, dekolonialismoa, ekologismoa… Erreferenteak behar dira? Posible direla sinestea?

Iraganera begiratu behar dugu ikuspegi kritikoarekin; ez nostalgiaz, hori ere paralizatzailea izan daitekeelako, tresnak hartzeko baizik. Baina orainaldiari ere erreparatu behar diogu Mendebaldeko testuinguruaz harago; idealizatu edo erromantizatu gabe, baina bai erreminta kutxa gisa; erreminta gehiago behar ditugu kutxa horretan, eta erreferente asko daude. Sistemak ere jokatzen du horretara; bere burua aurkezten du aukera (desiragarri) bakar gisa. Eta hori propaganda da. Ez da egia [kapitalismoak] pitzadurarik ez duenik, betiko iraungo duenik; kapitalismoa anekdota bat da gizateriaren historian, eta bukatuko da. Agian bukatzen ari da jada. Aukera bakarraren ideia hori apurtzeko, beharrezkoak dira erreferenteak. Asko daude, klima krisiarekin gauza asko egiten ari dira. Erreferenteak bilatzeak berak ahaldundu egiten zaitu

Zuretzat, giltzarri da etorkizunaren eta aurrerapenaren arteko loturaren haustura. Noiz gertatu zen hori? Eta nola lotu berriro?

Frederic Jamesonek dio hori gertatzen hasi zela 1970eko hamarkadaren amaieran. Orduan hasi zela apurtzen ilustraziotik zetorren uste bat: etorkizuna hobea izango dela. Postmodernitatearen teorikoek diote hori gakoa dela ulertzeko modernitatearen amaiera; aurrerapenaren ideiaren higadura.

"Ez da hainbeste iraultza-erreforma tentsioa, baizik eta sintesi bat: zer erreforma egin behar ditugun iraultzarako"

 

Nola irauli joera hori?

Ez dakit ahal den, eta egin behar den ere: aurrerapenak ere biktima asko utzi zituen. Aurrerabidearen izenean genozidioak egin dira. Baina bai sortu dezakegu ideia emantzipatzaile bat postmodernitatearen barruan. Uste dut aurrerapenaren ideia modernitatekoa dela, jada ez duela funtzionatuko, ez lukeela berriro funtzionatu beharko, baina postmodernitatean sor dezakegula beste konfiantza bat etorkizunarekiko, ez aurrerapenaren ideiari lotua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kilometroak jaia, gaur, Ibarran (Gipuzkoa). ©Gorka Rubio / Foku

«Aro berriko lehen Kilometroak» ospatzen ari dira Ibarran

Berria

Eguraldia lagun, jendetza elkartu da Gipuzkoako ikastolen aldeko jaian. Uzturpe Ikastolako patioa egokitzeko erabili nahi dute festan lortutako dirua.

Atzo goizean antolatutako bi mahai inguruetako bat. ©M. DEL VALLE/ FOKU

Ekotopaketak: egiturazko makur bat zuzentzeko

Iñigo Astiz

Kapitalismoaren dinamikaren ondorio ekologiko eta ekonomikoak elkarrekin aztertu dituzte Ekotopaketen bigarren eguneko goizeko mahai inguruan.

Pantxika Maitia moderatzailea, Jean Baptiste Paoli, Delphine Le Bras, Herve Couture eta Aines Dufau, Ikas-ek atzo antolatu hitzaldian, Baionan. ©BOB EDME

Pedagogia ardatz, indarrak batu

Oihana Teyseyre Koskarat

Hizkuntza gutxituetan ikasmateriala ekoizteko dituzten mugez eta erronkez eztabaidatzeko elkartu dira Korsikako, Okzitaniako, Bretainiako eta Ipar Euskal Herriko adituak, Baionan.

 ©Iñigo Uriz / FOKU

«Gure obsesio izan beharko lukete giza eskubideek»

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Kazetaria, idazlea eta ikerlaria. Hitz horiekin osatu du Olga Rodriguez Franciscok bere biografia txikia. Nazioarteko hamaika gatazkaren lekuko izan da. Bazter utzitakoak eraman nahi izan ditu beti erdigunera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.