Ogasunak

Zerga bilketa %10 igo da uztailera arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Hiru lurralde horietako foru ogasunek 9.393,5 milioi euro metatu dituzte urteko lehen zazpi hilabeteetan

Gipuzkoako Ogasuneko arduradunak. GFA
xabier martin
2022ko abuztuaren 16a
15:42
Entzun

Inflazioaren eragina zerga bilketan ere islatzen ari da azken hilabeteetan, eta uztailera arteko datuak igoera nabarmena ekarri du aurreko urteko epe berarekin alderatuta: %10,2. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru ogasunek 9.393,5 milioi euro bildu dituzte urteko lehen zazpi hilabeteetan. Bizkaiak bildu du gehien: 5.496,4 milioi euro (+548,8); Gipuzkoak 2.655,5 milioi metatu ditu, eta Arabako ogasunak, 1.241,6 milioi. Dena den, Araban hazi da gehien bilketa urte arteko tasan: %12,3; Bizkaian %11,1 igo da; eta %7,6 Gipuzkoan.

Bizkaiak bildutako 5.496,4 milioi horietatik %10,4 zerga zuzenenen bidez lortu ditu, hau da, 2.821,7 milioi euro. PFEZari dagozkie 2.093,4 milioi euro: %8,6ko igoera. Sozietate zergak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen zergak alegia, 555,9 milioi euro utzi ditu Bizkaiko ogasunean, %21,8 gehiago. Zeharkako zergen bidez, berriz,2.194,4 milioi euro bildu ditu ogasunak (+%7,8). BEZak 1.498,6 milioi utzi ditu (+%7,9), eta hidrokarburoen zergak, berriz, 481,1 milioi (+%8,1).

Gipuzkoak bildutako 2.655,5 milioien artean, 994,7 errenta zergari esker lortu dira (+%2,5); beste 104,4 milioi utzi ditu sozietate zergak, iazko epe berean baino 24,6 gehiago. BEZak 745,1 milioi eraman ditu kaxara (+% 8,4) eta hidrokarburoenak 244,4 (+%6,8).

Arabak 1.241,6 milioi bildu ditu urtarrilaren eta uztailaren artean, 543,9 zerga zuzenen bidez eta 549,1 zeharkakoen bidez. PFEZak 463,3 milioi euro utzi ditu Arabako Ogasunean (+%11), eta sozietate zergak 43 (+%28,6). BEZak, berriz, 354 milioiko ekarpena egin du (+%6,7), eta hidrokarburoen zergak, 133 milioi eurokoa (+%10,5).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.