Kenya

Kenyako bozetako emaitzak «legez kanpokoak» direla salatu du Odingak

Kenya Bakarra koalizioko zerrendaburuaren arabera, Hauteskunde Batzordeko presidenteak soilik gainbegiratu zituen emaitzak. Bozetako begirale baten gorpua aurkitu dute Nairobin, tortura zantzuekin.

Raila Odinga, Kenyako oposizioko hautagaia, gaur, Nairobin egindako agerraldian. DANIEL IRUNGU, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 16a
17:16
Entzun

Raila Odingak, Kenya Bakarra koalizioaren presidentegaiak eta lehen ministro izandakoak, salatu du emaitzak «legez kanpokoak» direla, eta iragarri du auzitara joko duela: «Justiziak bertan behera utzi behar ditu [Hauteskunde Batzordeko presidente Wafula] Chebukatik iragarritako kopuruak. Gure iritziz ez dago irabazle zilegirik, ezta presidente hautaturik ere». Batzordeko buruak William Ruto jarduneko presidenteordearen garaipena aldarrikatu zuen atzo, bozen %50,4 eskuratu zituela esanda. Aurrez, baina, Hauteskunde Batzordeko zazpi kideetatik lauk uko egin zioten emaitzak berresteari, «zenbaketa iluna» izan zela argudiatuta.

Odingaren esanetan, Chebukatik soilik ikusi ahal izan zituen zenbaketaren emaitzak, eta hark eman zien kopuruen berri batzordeko gainontzeko kideei, eztabaidarako aukerarik eman gabe. Lehen ministro izandakoaren arabera, batzordeko kide guztiek onartu behar dituzte emaitzak, horiek baliozkoak izango badira. Orain Odingak zazpi eguneko epea du Auzitegi Gorenera jotzeko. Salaketa jarri eta hamalau eguneko tartean hartu beharko luke azken erabakia Gorenak.

Ez da lehen aldia Odingak bozetan iruzurra egon dela salatzen duena. 2007an ere aurkeztu zen presidentetzako hauteskundeetara, eta orduan ere emaitzen aurka jo zuen, tarte txikiagatik galdu ostean. Ordu hartan milatik gora hildako eragin zituzten salaketaren ostean piztutako liskarrek. Gauza bera gertatu zen 2017an ere, baina aldi hartan Gorenak onartu egin zuen bere salaketa, eta bozak berriz egiteko agindu zuen. Odingak, baina, ez aurkeztea erabaki zuen, arrazoituta ez zituztela beharrezko erreformak egin.

«Konstituzioaren aurkakoak»

Emaitzak berresteari uko egin zioten Hauteskunde Batzordeko lau kideek agerraldia egin dute gaur, eta ohartarazi dute bozetako emaitzak «konstituzioaren aurkakoak» izan direla. «Presidentetzarako lau hautagaien emaitzen gehiketa logika matematiko guztien aurka doa», esan du Juliana Chererak, batzordeko presidenteordeak. Haren esanetan, lau hautagaiek lortutako botoen ehunekoak gehituta %100,1 aterako litzateke, eta %0,01 hori 142.000 boto inguru lirateke. Horrez gain, presidenteordeak Chebukatiri egotzi dio ez jakinaraztea zenbat lagunek bozkatu zuten, ezta ere emandako botoetatik zenbat izan ziren baliogabeak. «Ezin izan genuen emaitzei buruzko zalantzarik argitu, ezta ere zenbaketan kontraesanik ote zegoen aztertu ere», salatu du Chererak.

Bestalde, joan den ostegunetik desagertuta zegoen Hauteskunde Batzordeko begirale baten gorpua aurkitu zuten atzo iluntzean Nairobin, tortura zantzuekin. Chebukatik berak salatu du batzordeko kideek mehatxuak jaso dituztela azken orduetan. 53 urteko Daniel Musyokaren gorpua Kajiado barrutian aurkitu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.