Industria

Energia garestiak ekoizpena geldiaraziko du Europako bi galdategitan

Herbehereetako zink fundizio batek iragarri du irailean itzaliko dituela labeak. Eslovakiako Slovalco aluminio galdategiak gaur esan du produkzioa etengo duela. Energiaren erabileran oso intentsiboak diren lantegiak larri dabiltza Europan.

Altzairutegiak ere larri dabiltza ekoizpenari eusteko. Irudian, labe garai bat Duisburgen, Alemanian. FRIEDEMANN VOGEL /  EFE
Irune Lasa.
2022ko abuztuaren 17a
13:09
Entzun

Aurreikusi zitekeen, eta gertatzen hasi da. Energiaren prezioek errekorrak hausten jarraitzen dute Europan, eta horrek eragin zuzena du industrian. Are gehiago energian oso intentsiboak diren lantegietan, altzairutegi, galdategi eta halakoetan. Hala, iritsi dira lehen geldialdiak, eta gehiago etorriko dira.

Galdategiak dira lehenak, metalak sortzea delako energia gehien erabiltzen duen industria prozesuetako bat. Atzo Nyrstar taldeak iragarri zuen Budelko zink galdategiak ekoizpena etengo duela irailaren hasierarekin. Europako zink galdategi handienetako bat da Herbehereetakoa, eta munduko zink ekoizpenaren %2 hartu izan du, nahiz eta iazko urte amaieratik produkzioa asko jaitsi duen energia garestiaren ondorioz.

Zink galdategi handiaren itxiera iragarpenak berehala izan zuen erantzuna Londresko metalen merkatuan, zinkaren prezioak %7ko jauzia egin baitzuen.

Gaur, aluminio galdategi batek hartu du txanda. Norsk Hydro konpainiak jakinarazi du Eslovakiako Slovalco aluminio galdategiak ekoizpena geldiaraziko duela irail amaieran, gasaren prezio garestiak ezin eramanda. Urtero 175.000 tona aluminio ekoizten dituen fundizio horrek hilabeteak egin ditu produkzio ahalmena %60ra murriztuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.