Zinema

Mariano Biasinen ‘Sublime’ filmak jasoko du Sabastiane Latino saria Zinemaldian

RTVEk Carlos Saura eta Cesc Gay egileen lan berriak aurkeztuko dituela ere iragarri du Zinemaldiak

'Sublime' filmeko fotograma bat.
Inigo Astiz
2022ko abuztuaren 17a
13:19
Entzun

Ez da sari ofiziala, baina hamar urteren ostean egina du bere lekua Zinemaldian. Gehitu elkarteak ematen du Sebastiane Latino saria, eta sexu eta genero aniztasuna hobekien irudikatzen duen Latinoamerikako filma saritzea du helburu. Aurten, Mariano Biasin zuzendari argentinarraren lehen film luzea hautatu du epaimahaiak: Sublime. «Filmak maitasunezko istorio positibo eta bisualki erakargarri bat kontatzen digulako, erromantizismoa, nerabezaroa, musika, beldurra eta desira elkartuta. Eta, gainera, duela urte batzuk filmak amaiera erabat desberdina izango lukeelako». Horizontes Latinos sailaren barruan emango dute filma jaialdian.

Sariaz gainera, Iberoamerikako LGTBIQA+ Zinema Jaialdien Topaketa ere antolatzen du Gehitu elkarteak Zinemaldian. Aurten, esaterako, irailaren 20rako mahai inguruen sorta bat antolatu dute.

RTVEren proiekzioak

Beste bi filmen proiekzioak ere iragarri ditu antolakuntzak, bestetik. Carlos Saura zinemagileak Las paredes hablan (Hormek hitz egiten dute) dokumentala estreinatuko du Zinemaldian, eta Cesc Gay zuzendariak Historias para no contar (Kontatzekoak ez diren istorioak) komedia aurkeztuko du. RTVEren babesarekin sortutakoak dira bi lanak, eta haren aterkipean aurkeztuko dituzte jaialdian ere.

Arteari buruzko gogoeta bat du oinarrian Sauraren lanak. Artearen eta hormaren arteko lotura du ardatz lanak, eta historiaurreko kobazuloetatik hasi eta abangoardia berrienetarainoko bidea egiten du kontakizunak. Irailaren 21ean emango dute Sauraren dokumentala. Kursaalean, RTVEk antolatutako emanaldi berezi batean.

Gayren lana, berriz, RTVEk Viktoria Eugenia antzokian irailaren 22an egingo duen gala handian proiektatuko dute. Komedia koral bat dela aurreratu dute, eta, iragarri dutenez, Torontoko Nazioarteko zinema jaialdian ere emango dute aurrez, irail hasieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.