Kataluniako atentatu jihadistak. Bosgarren urteurrena

Bartzelonako atentatuko biktimak omendu dituzte bosgarren urteurrenean

Aurten ere, hainbat familiak instituzioei egotzi diete biktimei arreta eta erreparazio nahikorik ez eman izana. Cambrilsen, bihar egingo dute omenaldia.

Lide Iraola.
2022ko abuztuaren 17a
18:20
Entzun

Bartzelonako eta Cambrilseko (Tarragona, Herrialde Katalanak) atentatuen bosgarren urteurrenean, biktimei omenaldia egin diete Kataluniako hiriburuan. 16 hildako eta 140 zauritu izan ziren 2017ko abuztuaren 17 hartan. Familiek eta ordezkari politikoek gaur goizean egin dute ekitaldia, Ramblen erdialdean. Atentatuen oroimenezko 12 metroko plaka bat dago alboan, han egin baitzuten erasoa orain dela bost urte, furgoneta batekin. «Bakeak har zaitzala, o hiri baketsua» dago idatzita panelean, katalanez, gaztelaniaz, ingelesez eta arabieraz.

Ikusi gehiago:Erasoen osteko galdera gordinak

Omenaldia Fatima Saheb poetak zuzendu du, eta hitzaldi labur batean oroitu ditu «jada ez daudenak, oraindik atsekabez eta beldurrez bizi direnak, etorkizunera begira aurrera egitea lortu dutenak eta ezagutzen ez diren eta aitortu ez dituzten gainerako biktimak». Jarraian, lore eskaintza egin dute, familiek lehenik, eta ordezkari politikoek gero.

Aurten ere, UAVAT Terrorismoak Kalte Egindakoen Arretarako Unitateko aholkulariak Catalunya Radio irratian salatu du instituzioek ez dietela biktimei arreta eta erreparazio nahikorik eman urte hauetan, nahiz eta «horretarako baliabide guztiak erabiltzeko betebeharra duen». Modu berean, omenaldian bertan, Bartzelonako alkate Ada Colauk, Herrizaingo sailburu Joan Ignasi Elenak eta beste hainbat politikarik jakinarazi dute biktimek zailtasun handiak izan dituztela aitortuak izateko eta kalte ordainak jasotzeko. 2021ean, Espainiako Auzitegi Nazionalak 355 biktima aitortu zituen; horietatik 216k eskatu zituzten kalte ordainak, eta 130ek soilik lortu dituzte.

Familiak eta instituzioak ez dira izan gaur kalera irten diren bakarrak. Hainbat lagunek elkarretaratzea egin dute Espainiari «egia argitu dezala» eskatzeko. Izan ere, epaiketak argitu gabe utzi zuen Ripolleko imamaren eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuen arteko lotura. Poliziaren ikerketek ondorioztatu zuten Abdelbaki Es Satty imama izan zela 2017ko atentatuen egileak konbentzitu zituena. Es Sattyk harremanak izan zituen CNIko kide batzuekin, narkotrafikoagatik kartzela zigor bat bete eta bi urtera, eta atentatuak gertatu baino urtebete lehenago. Auziko instrukzio epaileak, baina, uko egin dio harreman hori ikertzeari, argudiatuta ez duela inolako loturarik erasoekin.

Protesta oihuak ekitaldi instituzionalekin nahastu dira. Politikari eta biktima ugari kexatu dira manifestariek ekitaldia «ez errespetatu» izanaz, eta UAVATeko aholkulariak adierazi du protestek itxaron zezaketela 17-A Exigim Responsabilitats plataformak 12:00etarako deitutako kontzentraziora arte.

Bartzelonan egin dira ekitaldi instituzionaletik bereizitako omenaldiak ere, eta, Cambrilsen, bihar dira egitekoak, Bakearen Oroimenezko Gunearen parean. Cambrilseko erasoak Bartzelonakoak baino ordu batzuk geroago gertatu ziren, abuztuaren 18ko goizaldean, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.