Donostiako 70. Zinemaldia

Dardenne anaiak, Hansen-Love, Iñarritu, Koreeda, Mungiu eta Ostlund Perlak sailean izango dira

Louis Garrelen, Oliver Hermausen, Marie Kreutzerren eta Santiago Mitreren lan berriek ere Donostia Hiria Publikoaren saria eskuratzeko lehiatuko dira. Saila François Ozonen azkenak irekiko du saila, eta Brett Morgenenak, aldiz, itxi.

Hirokazu Koreeda zuzendariaren Broker filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Leire Perlines Apalategi.
2022ko abuztuaren 19a
17:48
Entzun

Nazioarteko zirkuituan sona lortu duten filmak bildu ohi ditu Donostiako Zinemaldiak Perlak sailean. Iragarrita zeuden bertatik igaroko diren zenbait film, eta beste hamabiren berri eman du orain jaialdiak. Tartean dira, besteak beste, zinemagile hauen lanik berrienak: Dardenne anaiak, Mia Hansen-Love, Alejandro Gonzalez Iñarritu, Hirokazu Koreeda, Cristian Mungiu, Ruben Ostlund eta François Ozon.

Saila Ozonen Peter von Kant filmak irekiko du, joan den Berlinalean estreinatu zenak. Ozonek Dans la maison (2012) filmarekin Urrezko Maskorra eta gidoirik onenaren Epaimahaiaren saria eskuratu zituen. Film berrian, Rainer Werner Fassbinderri egiten dio omenaldia. Peter von Kant zuzendari arrakastatsu eta ospetsua Karlekin bizi da, bere laguntzailearekin, baina tratu txarrak ematen dizkio eta umiliatu egiten du. Sidonie aktoreari esker, Amir gazte ederra ezagutu eta harekin maiteminduko da. Etxea partekatzea proposatu, eta zinemaren munduan sartzeko laguntza eskainiko dio Peterrek Amirri.

Ez Ozon bera, baina aurrenekoz ariko dira zenbait zinemagile Donostian aurten. Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaiak, kasurako. Belgikarrak dira, eta Tori et Lokita filmarekin Donostia Hiria Publikoaren saria eskuratzen saiatuko dira. Afrikatik Belgikara bakarrik iritsi diren haur eta nerabe batek erbesteko baldintza gogorrei aurre egin beharko diete.

Oliver Hermanus zinemagile hegoafrikarrak Akira Kurosawaren Ikiru (1952) filmaren remake britainiarra filmatu du, jatorrizkoa estreinatu eta 70 urte geroago: Living. Gidoia, Kazuo Ishiguro Literaturako Nobel saridunak idatzi zuen. 1950eko hamarkadako Londresen girotutako filmeko protagonista da Williams, funtzionario beterano bat. Bizitza arriskuan jarriko dion gaixotasun bat diagnostikatuko diote, eta, orduan, aurrezki kontua hustu, eta kostaldera joatea erabakiko du. Williamsek ahalegin handia egingo du bere ingurua modu harrigarri batean zoriontsu egiteko.

Corsage pelikulan, Marie Kreutzer zinemagile austriarrak Sissiren istorioa berrikusi du, eta Austriako enperatrizak 40 urte bete zitueneko unea aukeratu du horretarako. Corsage Cannesko Un Certain Regard sailean aurkeztu zen, eta Vicky Kriepsek antzezlanik onenaren saria jaso zuen. Arauek ito egiten dute, eta jakiteko eta bizitzeko gogo bizia sentitzen du Elisabet Bavariakoak –Austriako enperatriza–; ondorioz, gero eta gehiago oldartzen zaio inposizioari, gaztaroko zirrara sentitu nahi baitu berriz.

Perlak sailean ariko da, halaber, Cannesko azken zinema jaialdiko Urrezko Palmorria eskuratu zuen filma: Triangle of Sadness. Ruben Ostlund suediarrak luxuzko gurutzaontzi batean girotu du lan berria, burgesiari buruzko satira bat egiteko asmoz. Bi modelo luxuzko itsas bidaia batera gonbidatu dituzte, eta, yatea hondoratzen denean, jenderik gabeko uharte batean amaituko dute. Bizirik irauteko, hierarkiak nahastu egingo dira, garbitzailea baita arrantzan dakien bakarra.

Brett Morgenen Moonage Daydream lanak itxiko du saila, David Bowie abeslari eta artistaren unibertsoan murgiltzen den filmak, hain zuzen. Morgenek bost milioi artikulu baino gehiago arakatu ditu ez-fikzioko musikal hau eratzeko, eta orain arte ezezaguna zen materiala baliatu du. Lehiaketatik kanpo erakutsiko dute filma.

Itzulerak ere badira

Louis Garrel aktore, idazle eta zinemagileak gidoirik onenaren Epaimahaiaren saria irabazi zuen Donostian L’homme fidèle (2018) bere bigarren film luzearekin, trilogia baten lehen zatiarekin, hain zuzen. Bigarren zatia, La croisade (2021), Perlak sailean hautatua izan zen, eta hirugarren zatiarekin itzuliko da Donostiara: L’innocent. Sylviek 60 urte ditu, eta kartzelatik irtetear dagoen Michelekin maitemindu da. Abel Silvyeren semeak, ordea, harremana ez du begi onekin ikusten, Michelek beste delituren bat egingo duela uste baitu.

Mia Hansen-Love, berriz, Un beau matin filmarekin itzuliko da Zinemaldira. Sandra gazteak bakarrik hezi behar du bere haurra; gainera, aita gaixorik du, eta maiz joaten da hura bisitatzera. Familia borrokan ari da aitak behar duen arreta jaso dezan, eta, halako batean, Sandrak Clement, aspaldiko laguna topatuko du, eta istorio sutsu bat hasiko dute.

Bardo, falsa crónica de unas cuantas verdades filmarekin hirugarrenez hartuko du parte Perlak sailean Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikarrak, Amores perros (2000) eta Babel (2006) lanekin izan ondoren. Nazioarteko sari ospetsu baten irabazle izendatu berri dute Silverio, Los Angeles hirian bizi den kazetari eta dokumental zuzendari mexikarra, eta sorterrira itzuli behar du. Alabaina, bidaian oroitzapenek eta beldurrek Silverioren eguneroko bizimodua zalantzaz eta harriduraz beteko diote, eta bizitza nahastu.

Hirokazu Koreeda zuzendariak Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu izan du. Japoniarrak birritan jaso du Publikoaren saria Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son eta Umimachi Diary / Our Little Sister filmekin. 2018an, gainera, Urrezko Palmorria jaso zuen Cannesen, bai eta Donostia saria ere. Broker zinemagileak zuzendutako lehen ekoizpen hegokorearra da. Gau euritsu batean, neska gazte batek eliza atarian uzten du bere haurra, eta jaioberrien lapurretan diharduten bi gizonek jasoko dute hura. Amak, ordea, damututa, elizara itzuli, eta gizonen legez kanpoko negozioa aurkituko du.

Santiago Mitrek Paulina (2015) bere bigarren filmarekin Horizontes saria irabazi zuen, eta Donostiara itzuliko da aurten Argentina, 1985 filmarekin. Veneziako zinema jaialdiaren lehiaketa ofizialaren parte da filma, eta Julio Strasseraren eta Luis Moreno Ocamporen istorioan dago oinarrituta: 1985ean Argentinako historiako diktadura militarrik odoltsuena ikertzera eta hari jazartzera ausartu ziren bi fiskal.

Cristian Mungiu zuzendari errumaniarrak Fipresci Sari Nagusia jaso zuen Donostian 4 luni, 3 saptamani si 2 zile (2007) filmagatik, eta RMN aurkeztuko du oraingoan. Gabonak baino egun batzuk lehenago Matthias bere sorterrira itzuliko da, Transilvaniara, Alemanian lanean ari zela abandonatu zuen semearekin harremanetan jartzeko. Frustrazioak, gatazkak eta grinak berriro azaleratuko dira, eta komunitatearen itxurazko bakea hautsiko da.

Perlak saileko filmak Donostia Hiria Publikoaren sarirako hautagaiak dira, eta Donostiako Udalak babesten du hura. Saria, bestalde, bi golardoz dago osatuta: filmik onenaren saria, 50.000 eurokoa, eta Europako filmik onenaren saria, 20.000 eurokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.